Oso oker zaudete", esan zigun. Idazle eta literaturazaleen ospakizunen bat genuen, bazkalondo edo afalondoko patxadan berriketan, eta bilerako lagunetako bat, xaxatzailea berez, zirika hasi zitzaigun besteoi:
"Oso oker zaudete. Zuek ETAko kide bat nobela bateko pertsonaia egiten duzuenean, kezka existentzialez beteriko tipo bat imajinatzen duzue, bere burua eta egiten duena kuestiona-tzen dabilena etengabe, eta zalantza batean bizi dena, ondo ari ote den, ez ote den. Errealitatea ez da horrela. Hor sartu aurretik izango ditu dudak, beharbada, baina sartu ondoren alde batera uzten ditu, eta bere egitekoa ahalik eta ondoen eta eraginkorren betetzen saiatzen da, horren ondorio humanitarioekin obsesionatzen ibili gabe. Zalantza horiek zuek dituzue buruan, ez berak."
Horrela jarraitu zuen lagunak puska batean, eta zuzenean ezagutzen zuen adibideren bat erabili zuen, argudioa indartzeko. Arrazoia eman beste erremediorik ez nuen izan. Hala ere, gaia bueltaka izan dut buruan geroztik, hainbat astez eta hilabetez.
Aurreko batean, telebista aurrean nengoela, Emilio Mola jeneral espainiar faxistari buruzko telefilm batekin egin nuen topo, ETB2n. Hasita zegoen arren, bertan geratu nintzen, Espainiako militar kolpisten buru, Nafarroako sarraskigile eta Bizkaiaren txikitzailea nola erretratatzen zuten ikustearren. Pelikula eskasa zen ordea, aspergarria eta xarmarik gabea. Espainiako zinemaren ajeek izango dute errua, noski, baina, pentsatzen jarri nintzen, pertsonaia bera ez ote zen guztiz planoa: eskuindar fanatiko bat, bere ideia inperiala ezartzeko batere eskrupulurik gabekoa.
Horrelako protagonista batekin istorio interesgarri bat idatz daiteke?, galdetu nuen. Beste batek agian, nik nekez. Gure historiaren zati hori kontatzekotan nondik helduko niokeen pentsatzen ari nintzela, Jose Maria Iribarren etorri zitzaidan gogora: abokatu eta idazle tuterar gazte bat, Molak bere idazkaritzat hartu zuena. Idazle kostunbrista oparoa izan zen Iribarren, Nafarroaren eta nafarren erretratista fina eta gaztelaniazko esaerei buruzko lan klasiko baten egilea. Bera ere eskuindarra izan arren, euskara estimatzen zuen eta frankismo garaiko Euskaltzaindiak kide egin zuen. Bere nagusi Mola bezain bihozgabea izan zitekeen; hala ere, imajinatzen jarrita, irudika genezake Iribarren kezkatu bat errekete eta falangisten desmasien aurrean, Maravillas Lamberto neskato larragarraren bortxatze eta hilketaren berri jakitean, adibidez.
Historiako erabaki gogorretan eskuak zikindu beharrik izan ez dugunon kontzientzia txuria izan liteke, ados. Intelektualaren erosokeria moralaz gain, ordea, badaude beste arrazoi pare bat, horrelako pertsonaia ez guztiz zurrunak hobestera garamatzatenak. Lehenengoa, egitura dramatiko bat eraikitzen laguntzen digutela; bestela, ekintzen pilaketa hutsa li-tzateke nobela bat, gaztetxoentzako abenturen gisan. Bigarrena, idazketak, ariketa sintzeroa denean, berez dakarrela gure egintzei buruzko hausnarketa, hartutako bideak zalantzan jar-tzea eta gizatasun sakonago baten bilaketa. Halakorik lortzen den edo ez, besterik da, baina saiatu behintzat. Baliteke munduan barrena jendea hain kezkatia ez izatea, kontu horiek bost axola izatea; nolanahi ere, egileari inporta zaizkio, eta irakurleak ere kezka horiexek konpartitzea exijitzen dio.