Atzotik egoitza berria du Euskaltzaindiak Donostian, Igara auzoko Tolare baserrian, hain zuzen. Hilaren hasieratik bertan lanean badihardute ere, atzo aurkeztu zen jendaurrean etxea, izango duen funtzionamendua eta bertan garatuko diren egitasmoak.

Aspalditik zen Euskaltzaindia Donostian egoitza zentral bat izateko gogoz. Izan ere, orain arte hiru lokal desberdinetan egin izan dute lan. Hernani kalean zuten bulego bat, Ordezkaritza, bilerak egiteko, arreta zerbitzurako eta abar.

Xalbador kalean zuten iker talde batentzako lokala, Udalak utzitakoa eta Ibaeta-Igaran hirugarren bat. "Katua kumeekin bezala genbiltzan", dio Andoni Sagarnak, Iker sailburua ez ezik, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako Lurralde ordezkari ere badena. "Nahi genuen leku bat eduki, besteak beste Euskaltzaindia Donostian ikusi egin behar zelako, ez baitzen ikusi ere egiten".

Lanerako eta sinergiak bila-tzeko ere askoz erosoagoa zaie arlo desberdinak eraikin berean bilduta edukitzea.

Tolare baserria XVIII. mendekoa da. Dolarea zen hasiera batean, sagardoa egiteko lekua, alegia, inguruko baserrietatik eramaten zuten sagarra bertara. Ganadua edukitzeko tokia izan zen ondoren, baserria; biltegi moduan erabili zuten beranduago eta gero jada, erortzen hasi zen, puskatzen, eskaleen aterpe okupatua bilakatu arte. Hori gutxi balitz, etxearen atzean dagoen horma egiten hasi zirenean, etxearen gainera erori zitzaien; Tolare egur eta harrizko nahaspila zen.

Baina, eraikinak berez dituen berezitasun ba-tzuk medio, zutabeetako lira itxurako besoak kasu, Eusko Jaurlaritzak ondare izendatua zuen monumentu gisa. Horregatik, Donostiako Udalak hura eraberritzeko obligazioa zuen, nolabait, dirurik ez zuen ordea. Horretan iritsi zen Espainiako Gobernuaren E Plana deiturikoa, Udalek lan publikoak egin ahal izateko diru-laguntza plana.

Donostiako Udalak milioi bat euro lortu zituen eta, artean zertarako erabiliko zuten ez bazekiten ere, eraikina berreskuratu zuen diru horrekin. Garai hartan, Euskaltzaindiak Aieteko Etxe Zuria begiz jota zuen, baina Eusko Jaurlaritzak larrialdi zerbitzuak koordinatzeko egoitza gisa eskatu zuen. Udalak Tolare baserria eskaini zion, orduan, erakundeari. "Etorri ginen beraz, eta ikusi genuen etxe honek bazituela morrontzak, -azaltzen du Sagarnak-, hau da, etxea eraikita zegoen baina ez zuen argi, gas edo ur instalaziorik eginda".

Hitzarmena sinatu zuten, ondorioz: Udalak Euskaltzaindiari 25 urterako utziko zion eraikina, honek etxea barrutik osatzeko gastuei aurre egin eta hura zaintzeko konpromisoa hartzearen truke. Erakundeak "ahalegin ekonomiko handia" egin ostean, beraz, zabalik da Euskaltzaindiaren Donostiako egoi-tza berria.

Luis Villasante Ikergunea izena dauka egoitzak. Aita Villasante (Gernika, 1920-Oñati, 2000) Euskaltzainburu izan zen 1970 eta 1988 urteen artean. "Bera izan zen euskara batuari sendotasuna eman ziona -Euskara batuaren aita deitu izan zaio sarri-, eta berak asmatu zuen gaur egun Euskaltzaindiak duen egitura ere; arrazoi horiegatik eman diogu izen hori egoitzari", dio Sagarnak.

Euskararen etxea, gunez gune Tolare toki atseginean dago kokatuta, Euskal Herriko Unibertsitatetik gertu, liburutegi berriaren ondoan, berdegunez inguratutako txoko lasai batean. Atetik sartu eta, berri usaina nabari bada ere, sabaietako zuraje zaharberrituak eta oholek zapaltzean egiten duten soinuak, izan zen baserri zaharraren goxotasuna mantendu arazten diote. Eskuinera dago ordezkariaren bulegoa eta ezkerretara harrera bulegoa; bertan da Maixa Goikoetxea, 30 urtez Euskaltzaindian diharduen langilea, bulego berrira ohitzen. Solairu berean daude pare bat bilera gela ere; haietan egiten dituzte bilerak jada lan talde eta batzorde desberdinek.

Bigarren solairuan dago Jagonet zerbitzua kudeatzeko lekua, euskarari buruz jendeak dituen zalantzak argitzeko zerbitzua da hori. Solairu horretan daude, baita ere, Euskaltzaindiaren egitasmo horietako bi -badira gehiago Bilbon eta Gasteizen ere-, garatzen dituzten langileak.Euskara-euskara hiztegi hornitua Hiztegigintzako proiektuen buru den Ibon Sarasolak zuzenduta, lau laguneko taldea buru belarri ari da lanean Euskaltzaindiaren Hiztegia osatzen. Zazpi urte daramatzate lan honekin, baina hogei urte inguruz Orotariko Euskal Hiztegian (1987-2005) aritu dira lanean aurretik.

Orotarikoa amaitzean euskara-euskara hiztegia egitea erabaki zuen Euskaltzaindiak; Hiztegi Batuko hitz zerrenda hartu eta adiera eta adibideekin hornitzen ari dira, adibide horiek gainera, ikerketarako jasotako corpusetan topatutako aipuak eta adibideak dira. Nork, noiz eta nola esan zuen hori? Gaur egun Euskaltzaindiak duen proiektu sendoenetakoa da euskararen historia sozialaren ikerketa eta Mikel Zalbidek zuzentzen du egitasmo hori.

Joseba Intxausti proiektuko aholkulariak azaltzen du egitasmo honek zertan datzan: "Gure gizarteak hizkuntza nola hartu eta nola erabili duen eta hizkuntza horrekiko zer pentsatu duen aztertzen dugu. Historiari begira ari gara lanean eta iragan horretan hizkuntzak gizartean izan duen tokia aztertzea da egitasmo honen xedea".

Aspalditik zuen Euskaltzaindiak kezka hori, baina duela bospasei urte hasi zen modu programatu eta sistematizatu batean aztertzen, izan ere Intxaustik dioenaren arabera, "hizkuntzaren dimentsio soziala historikoki zein izan den ezagutzea oso garrantzitsua da, gure herriak kontzientzia bat eduki dezan iraganean zer gertatu den, zer egin zaigun, zer laguntza eta zer oztopo izan ditugun, nolabait ere gure gizarteak nola hartu dituen hizkuntzarekiko jarrerak". Bi adar nagusi ditu Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoak: alderdi bibliografikoa osa-tzea eta azterketa historikorako metodologia diseinatzea.

Intxausti bera, Izaskun Etxebeste eta Koro Segurolarekin batera ari dira alderdi bibliografikoa lantzen, hau da, "zer daukagun orain artean argitara emanda euskararen gizarteko historiaz" azaltzen du Intxaustik.

Liburu mardul bat argitaratu dute dagoeneko. Bertan, bilaketa posible izan dadin, aurkibide bat egin zuten arloka, norbaitek, esaterako, ofizialtasunari buruz, eskolari buruz, Gipuzkoari buruz edo legeei buruz zerbait jakin nahi badu, bilaketa errazago egin dezan. Erreferentzia bibliografikoak emateaz gain, "gai honi buruz ikertu nahi duenari, liburu hori Euskal Herriko zein liburutegitan topa dezakeen esaten diogu".

Lan handia eman diela onartzen du historialariak, "ia 30.000 erreferentzia egin behar izan dira. Baina gure harridurarako, guk aukeratutako erreferentzietatik %40 interneten dagoela ikusi genuen, eta pentsatzen dugu hemendik gutxira gaur liburu eta artikuluetan dugun hori, laster sarean izango dela". Egitasmo honek duen berritasuna da, gaiarekin lotuta jasotzen ari diren aipu guztiak sistema informatiko batean bildu eta etiketatzen ari direla, gero gai jakin bati buruz idatzi nahi duenak nahi duen informazioa bilatzea errazagoa izan dezan.

"Marko kontzeptual batetik etiketatzen ditugu aipu horiek, nork, noiz eta nola esan zion besteari", azaltzen du Gardnerrek. Zoriz hautatu du aipu bat; bertan, frantziskotarren euskalduntzeari buruz ari da norbait, euskara erakusteko planez, eskolak sortu beharraz ari da. "Beraz, -dio Gardnerrek-, galdera frantziskotarren artean euskararen inguruan zer gertatzen ari zen balitz , gaiari dagozkion etiketekin bildutako aipuak agertuko zaizkio eta argazki txikiekin argazki handi bat egin ahal izango luke.

Ikertzaileari aurre lana egiten zaio". 4.000 aipu inguru etiketatu dituzte dagoeneko eta zailena, etiketak zeintzuk izango ziren zehaztea izan zela aitortzen du. Aukera berriak, asmo berriak. Atzo estreinatu zuten Tolare baserriko azken solairua, ganbara. Bertan bildu ziren aurkezpenean 100 lagun inguru.

Teilatupea izanik, mugak badituela onartzen du Sagarnak, alboetan sabaia asko jaisten baita. Dena den, erabilgarria zaie oso. Egur ederrezko habe eta zutabez betetako ganbara hau erabiliko dute, besteak beste, osoko bilkurak egiteko. Orain arte, toki egokirik ez zeukatelako ezin egin izan dituzten erakusketa eta bestelako ekimenak egiteko leku aparta dute gainera bertan, "orain, tresna daukagula, jaten eman behar diogu" dio Sagarnak.