Zorua dardarka ari da bafleek igortzen dituzten uhinen ondorioz. Gogorrak, biziak dira. Mikrofonoa gozotasunez laztantzen du abeslariaren ahotsak eta en-tzulearen ezpainek letren norabidea jarraitzen dute. Rock musika bidelagun, hasi da Jare euskal taldea entzuleak gozarazten. Sormen handiko lana dute atzetik: apirilean kaleratu zuten Itxaropenaren ertzean lehenengo diskoa eta joan den larunbatean hasi zuten bira, Durangon.

Hamalau urtez Idi Bihotzen egon eta gero, gauzak hasi eta bukatzen diren bezala, taldearekin amaitu egin zuten Mikel eta Gorka Bizar anaiek. Erabakiarekin ase sentitu ez eta musikan jarrai-tzeko gogoa piztu zitzaien berriz ere. Ilusioa berreskuratzeko, metal soinuetatik urrundu eta estiloz aldatuz, erronka berria suposatu dien proiektua abiatu zuten 2010eko amaieran.

Jagoba Ormaetxea (gitarra eta koroak) eta Iñigo Benito (bateria) Autostereoko musikari profesionalen eta Kepa de Miguel (baxua) gaztearen laguntza izan dute Mikel (ahotsa) eta Gorka Bizar (gitarra eta koroak) anaiek. Oihuka diskoetxearen eskutik rock gogorra, pop musika eta rock alternatiboaren arteko nahasketa biribila duen hamaika abestiz osatutako diskoa kaleratu berri dute. "Gure estilo propioa sortu dugu", adierazi digu Mikel Bizarrek. Askatasunaren deiadarra doinu guztietan islatzen du taldeak eta libre jaio-tzearen kontzeptua esanahiz betekoa da beraien-tzat: "Jare kriston kontzeptua da".

Itxaropenaren ertzean euskal rocka irauli duen melodia alai eta entzungarriak dituen diskoa da. Pentsatzera bultzatu eta itxaropena iradokiko dituzten letrak aurkituko ditu entzuleak eta, abeslariak argitu duenez, "oso kanta ezberdinak daude: ametsak betetzeko bat, denbora zelan pasatzen den konturatzeko beste bat, Saharako umeei eskainitako bat...".

Lelo gogoraerraz eta mezu sakonekin, gogotsu murgildu da boskote bizkaitarra musikaren munduan. Ilargi berria du izena lehen singleak eta Ainhoa Cantalapiedraren (OT2) ahotsa en-tzun daiteke bertan. Mikel eta Ainhoaren ahotsen nahasketak arrakasta nabarmena lortu du zaleen artean eta horrela azaldu du abeslariak galdakoztarraren parte hartzea: "Abestiak emakume-ahotsa behar zuen eta Jagoba Ainhoaren gitarra-jotzailea denez, berari eskatu genion". Abesti honekin bideoklipa ere grabatu dute eta Mikelek berak muntatu du bideoa.

Hala ere, hau ez da kolaborazio bakarra izan. Diskoari izena ematen dion abestian "Euskal Herriko abeslari onenetariko bat" aurkitu daiteke bere itxaropena lortu duela oihukatzen. Alex Sardui, Gatibu eta Exkixuko abeslariarekin abestea luxu handia izan dela aitortu du kantariak.

Ametsak egi bihurtu daitezkeela gogorazten du Gauak eman didana bigarren singleak eta horixe bera erakusten du Carlos Trijueque produktorearen laguntzaz grabatu duten bideoklipak. Hiru minututan, Marino Lejarreta, Jose Luis Korta eta Patxi Usobiagaren bizitza erakusten du. Horrekin batera, Xabier Leteri "omenaldia" egin nahian, Xalbadorren heriotzean-en moldaketa egin dute ere.

Oholtzan talde, lanean aske Taldearen abeslariak dioen moduan, Jare "talde librea" da, ez pentsatzeko moduarengatik bakarrik, lan egiterako orduan ere jare ibili baitira. Musikaz gain lana eta familia dituzte musikariek, horregatik, abestiak etxean egin eta posta elektronikoa erabili dute elkarrekin komunikatzeko. "Lan egiteko beste modu bat izan da, baina gustura egin dugu, diskoa hiru hilabetetan egin da eta ez gara etxetik atera", azaldu du Mikelek.

Berak melodiak prestatu eta emailez bidali dizkie taldekideei. Hauek iritzia eman eta aldaketak egin dizkiete abestiei. "Idi Bihotzen antza ez izateko Jagobak eman ditu azken ukituak", argitu du abeslariak. Pertsonalki Jareri "lokaleko berotasuna" falta zaiola iritzi dio. Hala ere, gustuko du lan egiteko modu berria eta teknologia berrietara moldatzea beharrezkoa dela gehitu nahi izan du.

Taldearen izenak ezin hobeki laburbiltzen du boskotearen pentsamoldea, nahi duzuna eginez, ondo pasatuz eta disfrutatuz, gauzak etorriko direla sinesten dute eta. Gogoz abiatu dira bidai berrian. Jaio da Jare.