Arrastoak oso deigarriak ziren baina inork ez zien jaramonik egiten. Thalacker ingeniari alemaniarrak 42 galeria eta 82 putzu erromatar aurkitu zituen 1804an Aiako Harriko erraietan, eta Hispaniako probintzian zulatu zuten meatze handienetako bat zela adierazi zuen, Espainiako Koroarentzat egindako txostenean. Beranduago, 1897an, Gascue ingeniariak galeriak 15 edo 18 kilometro inguru luzatzen zirela zehaztu zuen. Halako meazuloak zabaltzeko, Gascuek zioenez, "laurehun gizonek berrehun urtez jarraian" lan egin behar izan zuten. Baina uste oso zabaldua zen inperio hark ez zituela sekula Euskal Herriko kosta eta mendiak kolonizatu: XIX. mendeko txosten tekniko haiek fantasiatzat jo eta ahaztu egin ziren. Arkeologoek Irunen indusketak egiten hasi zirenean, barre egiten zieten.

Azken urteetan, ordea, portu baten aztarnak azaleratu dituzte Irunen. Eta oso portu garrantzitsua gainera, Atlantikoko nagusienetako bat izan zena erromatarren garaian, Londres eta Bordelekoen parekoa. Oiasso hiri handiaren portua zen, Aiako Harriko zilar meategiekin lotura zuzena zeukana. Horixe hasi ziren frogatzen, 1983an, Mertxe Urteaga arkeologoa eta Txomin Ugalde espeleologoa, Arditurriko lurpeak arakatzen hasi zirenean. Artean lanean ziharduten esplotazio modernoetan barrena, dozenaka galeria zahar, su bidez zabaldutako espazioak, eskuzko errotak, harrizko mailuak, zeramikazko lanparak eta janari arrastoak aurkitu zituzten. Eta, denetan deigarriena, hustubide handi bat: ingeniaritza hidrauliko bikain horri esker, erromatarrek zilardun galena ustiatu ahal izan zuten errekaren mailatik behera, lur azpira iragazten ziren urak azaleraino ateratzen zituztelako kanal horren bidez. Oraindik ere urak xukatzen dituen bi mila urteko tunel horri esker, posible da meatzeko maila baxuenetara jaistea.

Lurpeko kanal hori froga teknologiko ukaezina da: Arditurrin meatze sistema aurreratu eta konplexu bat eraiki zuten erromatarrek, Oiassoko hiri eta portuaren oparotasunaren iturri izan zena. Historiaren eta azpiegituren berri Irunen -Oiasso museoan- eta Oiartzunen -Arditurriko meatzeen bisitan- jaso dezakegu orain.

Meatzeetako hondakinek itxura berezia ematen diote Arditurriko bailara estuari: harri pilak, kraterrak, labeen arrastoak… XX. menderaino luzatu zen ustiaketak paisaia goitik behera eraldatu du, baina inguru honetan kokatzen da Urteagaren ametsa: Arditurriko herrixka erromatarra aurkitzea. "Mendi magal honetan azpiegitura industrial nabarmena eta bizigune bat ere eraiki zuten, zalan-tzarik gabe", dio. "Zilarra eta beruna bereizteko galdategiak izango zituzten, meatzarien etxolak, meatzearen jabe pribatuaren etxea, Estatuaren zerbitzu publikoak…".

Inperio erromatarraren muin batean gaude, beraz, bere garrantziaren froga asko oraindik ere lurpean ezkutatzen dituena.