Ibilbide objektibo hutsa egin beharrean, subjektiboa egingo dugu, etorkizunera begiratzen hasi aurretik. Eta, bide batez, Zinemaldiaren iraganaren nondik norakoak ezagutaraziko ditugu. Gaur bukatuko da aurtengoa, zuzendaritza berriak (Rebordinos buru) egituratutako lehen urratsean. Gaurdaino, hainbat zuzendaritza talde eta norabide hautatu ditu Zinemaldiak. Hona hemen aipagarri eta subjektiboenak.

Genesia: leku bila jaialdien zurrunbiloan Kondaira baten parte dirudi, baina egia da hamar merkatariri okurritu zitzaiela Donostiako zine jaialdia abiaraztea. Baina zinemaldi baten sorrerak burokraziaren beharra duenez, bestelako ekintzak osatzen hasi ziren duela 59 urte: moda desfileak, flamenko gauak… Hasierako gonbidatu nagusien artean ezin falta Lola Flores (La danza de los flores), Carmen Polo Generalisimoaren emaztearen permanentearen aurrean. Hari esker -Polori esker-, nazioarteko jaialdien elkarteak begikoz jo zuen Zinemaldia eta sekzio ofiziala era-tzea adostu zuen. Estatu espainiarrean zine jaialdiek agintaritza ofizialaren beharra zuten, eta horietako asko pelikula erlijioso edo moralistak eskaintzen hasi ziren. Valladolid edo Xixon kasu.

Hasierako urteak nekezak izan ziren, eta Donostiako Aste Nagusian legez, suziriak bota ziren jendea erakartzeko. Baina kritikari gazteenek adierazpen-askatasun handiagoa aldarrikatzen zuten, zentsurari men egin beharrean. Azkenean, 1957an 'A' kategoria lortu zuen Zinemaldiak, eta Hollywoodeko industriak hainbat eskakizun egin zizkion, euren lanak agerian uzteko. Baina, horri esker, Kirk Douglasek eta Alfred Hhitchcockek zine jaialdia bisitatu zuten. Azken hori eliza eta museoak ikustera ere etorri omen zen. North by the northwest aurkezteaz gain, noski.

Donostian zine jaialdi entzutetsua zegoen, baina Biarritzen, harik eta Franco hil arte, askatasuna: La dolce vita ikusteko muga pasa behar zuen ikusleak. Bidean, presioak presio, hainbatetan galdu du Zinemaldiak 'A' kategoria. Fraga Iribarne Turismo eta Informazio ministroak, Spain is different lelopean, Zinemaldiaren bestelakotasuna nabarmendu gura zuen, eta Donostia ere bestelakoa zela azpimarratu. Ez zen erabaki erraza izan. Palmara eraman nahi zuten zine jaialdia. Baina, horretantxe geratu zen. Asmo hutsean. 1980. ur-tean FIAPF-ek 'A' kategoria kendu zion berriro, jaialdi "lokalistegia" zela argudiatuta, auzoetara eraman baitzuten pelikularen programazioa; 1985. urtetik zine jaialdiak 'A' kategoriari eutsi dio.

Publikoa bai, turismoa ere bai! 1967an publikoa ere kontuan izan behar zutela gogoratu zuten antolatzaileek. Baita turismoa eta hondartza ere, mundua 68ko Maiatzaren burrunbara ohitzen hasi behar zela. Zinemaldiko gonbidatuak sanferminetara ere gonbidatzen zituzten egun pasa. Bien bitartean Ama Lur, Euskal Herriari egindako omenaldia, Zinemaldian txalo zaparraden artean jaso zuten. Baina, Hollywoodek Zinemaldia hartuta zuen. 1969an, esaterako, Josef von Sternberg, Marlene Dietrich mitoaren sortzailea, epaimahakideko buru izan zen. Hollywood klasikoko zuzendariak bihurtu ziren, ezinbestean, pelikula onena zein zen adierazten zutenak: King Vidor, Howard Hawks, Robert Mamoulian, Nicholas Ray... Sinestezina: Francis Ford Coppolaren The rain peopleri eman zion sari nagusia. Zinegile handiak jasotzen zuen lehenengo sari garrantzitsua. 50. urteurrenaren gonbita luzatu zitzaionean, baiezkoa esan zuen segidan. 1984. urtean kritikarien saria irabazi zuen Rumble fish filmagatik.

Demokraziaren zain Pelikulak eta atzera begirakoak Zinemaldiaren saltsa baziren ere, politikaren kontrola eta zentsura itogarria ziren. Hortaz, Zinemaldiak kanpoko giroari egokitzeko zituen zailtasunak zirela-eta, etengabe bere etorkizuna zalantzan jartzen zuten. 1973an uztailetik irailera pasatu zuten jaialdia, egun ezagu-tzen dugun moduan. Eta Elizabeth Taylor etorri zen Donostiara. Zinemaldia kanpoko mugimenduei begira hasi zen pixkanaka: Vietnam, Txile… Baina etxe barrura nekez begiratzen zuen. Boikot garaia ere etorri zen, Franco hil baino hilabete batzuk lehenago, kaleetan tirabira besterik ez zegoenean. Mitoekin jarraituz, Steven Spielbergek Jaws filma aurkeztu zuen 1975. urtean. Amerikanada bat zela adierazi zuten garaiko zine kritikari gehienek. Hurrengo urtea (1976) doluminen edizioa izan zen; eta kazetariek Zinemalditik ihes egin zuten, poliziak manifestari bat erail zuelako. Jaialdiari bertan behera egiteko galdegin zioten. Elias Querejetak ere El desencanto dokumentala kendu zuen programaziotik. Frankismo garaiko familia baten erretratua zen, iragana eta belaunaldi berrien arnas-estuak batzen zituena.

Euskara nazioartean 1977. urtea ordura arteko hoberena izan zen, eta euskara Zinemaldiaren hizkuntz ofizialetako bat bihurtu zen. 1979. urtean nazionalitateen zinea delako saila bultzatu zuten. Zinemaldiak, 30. urteurrenean, dirua behar zuela argudiatu zuen, gaztea bezain behartsua zela ohartarazita. 1991. urtetik aurrera, Zinemaldiaren erantzukizuna Donostiako Udalarena bakarrik izan beharrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultur Ministerioak osatu zuten talde berria. Azken urte honetan, Euskadiko Filmategiaren papera ere nabarmendu egin da, Euskal Herriko ondare zinematografikoko obra zaharberrituak eskaini baitira. Aurten, Gotzon Elortza zinemagile bizkaitarraren hiru film labur dokumental aurkeztu dituzte. Propio euskaraz sortutako eta filmatutako historiako lehendabiziko pelikulak. Zinemira atalean Euskal Herrian ekoitzitako produkzioak daude.

Zabaltegi eta Belodromoa 1985. urtean sortu zen Zabaltegi atala. Dudarik gabe, Zinemaldiko sekziorik interesgarriena. Handitasunari erreparatuz, Oliver Stonek ezagun egin zuen Belodromoko zine aretoa munduko ikusgarriena zela ondorioztatzen zuen esaldia. 1993. urtean Zabaltegik 40 milioi pezetako dirutza eskaini zuen, jaialdi batean ematen zen altuena. Zinemaldiko harribitxiak bildu izan ditu Zabaltegik, zuzendari berrienak eta gainontzeko jaialdietan ezagutara emandakoak. Urteotan, Zabaltegi izan da atalik aparteko eta arrakastatsuena eta ikusle eta kazetarion artean erantzun egokiena jasotzen duena. 1991. urtean Sormenezko Dokumentalen atala sortu zuten, baina ibilbide laburra izan zuen.

Donostia sariak Donostia sariak Zinemaldiaren erakusleiho erakargarri izan dira. Zalantzarik gabe, Bette Davisen bisitak mundu osoan izan zuen oihartzuna: minbiziak jota heldu zen Donostiara eta, handik gutxira, zendu egin zen aktorea. Robert Mitchum handiak ere eskuratu zuen sari hau. Zerrenda bikaina izan du, duela gutxira arte behinik behin. Asko bere ibilbidearen bukaeran zeuden (Lana Turner, kasu) eta beste asko erdia eginda. Horixe esan zuten Susan Sarandonek eta Catherine Deneuvek. Eta beste asko, Matt Dillon kasu, ibilbidearen erdira heldu gabe zeuden. Lana Turnerrek esan zuen Mickey Rooney topatuz gero, zaplazteko bat emango ziola.

Quo vadis, Zinemaldia? Munduko zine jaialdi nagusienek argi dute bere nortasuna. Canessen munduko pelikularik onenak biltzen dituzte; Berlinen kalitatea bermatzeaz gain, Panorama eta Focus atalak dituzte zine berritzaile eta gazteenarentzako. Baina, nora doa Zinemaldia? Zeren ispilu da Sekzio Ofiziala? Zalantza hori aspaldikoa da. Zehaztu gabeko esparru batean murgildu izanagatik, askok ez dakite zeren aldeko apustua egiten duen edo egingo duen. Zinemaldia etxeko festibala da, gertukoa, eta gonbidatu askok ere euren iritzia eman dute. Hego Ameriketako zinea sustatu behar zuela adierazi zuen duela urte ba-tzuk Anjelica Houstonek. Aurtengo edizio honetan ere, zine berritzaile eta ez hain iraultzaileak bat egin dute: Isaki Lacuestak edo Kore-eda japoniarrak. Kalitatearen bermea ez da nahikoa Sekzio Ofizialaren egokitasuna defendatzeko. 'A' kategoriaren babespean, zine jaialdi herrikoia eta entzutetsua da Zinemaldia, Hego Ameriketan bereziki. Ameriketako Estatu Batuetako hedabideek ez diote jaramon askorik egiten eta, Europara begiratzekotan, Cannesera begiratzen dute.