Etxe berean bizi den lau belaunaldiko familia baten istorioa da Urteberrion, amona! filman kontatzen dena. Eta pelikularen norabidea bezala, aldatuz doaz argazkia eta musika ere, minutuek aurrera egin ahala. Umoretik bezainbeste du dramatik Telmo Esnalek (Zarautz, 1967) zuzendari gisa aurkeztu duen lehenbiziko lan honek. Etengabeko suspensean mantenduko da ikuslea eta sentimendu gazi-gozoak eragingo dizkio filmak. Hauxe da Joxe Mari, Maritxu, Miren eta Kinttori tokatu zaiena: Amona Mari.
Tokatu edonori toka dakioke amona etxean izatea, bere zaintzaz arduratzea eta erabakiak hartu behar izatea. Eta mota honetako egoera baten inguruan gertatutakoak aurkezten ditu Esnalek. Diru arazorik ez duen familia da protagonista, zuzendariaren esanetan "jauntxo familia, oso euskalduna, garai bateko baserri-txaletan bizi dena". Familia hori aukeratu arren, pelikulan planteatzen dena gaur egungo edozein etxetan gerta daitekeela iritzi dio, baina. Bere hitzetan "adin desberdinetako jendeak du amona zaindu behar izatearen arazoa. Etxeko generazioen artean ere eztabaida sor-tzen da. Batzuek erresidentzia nahi dute, besteek etxea...". Gertuko esperientziatik otu zaio ideia zarauztarrari, altxatzeko laguntza eska-tzen zuen amona ikusi ostean. Amona harek laguntza behar ote zuen edo itxurakeria besterik ez ote zen galdetu zion bere buruari.
Karruselean bueltaka Amona Mariren alabaren senarra da Joxe Mari, bere suhi Kintxoren laguntzarekin Mari zaharren egoitzara eraman nahi duena. Amona Mariren izaerak eta jarrerak nahikoa buruhauste eragin ez eta une horretan hasiko dira tirabirak. "Arazo bat dago familian eta erabaki desberdinak nola hartzen diren azaltzen du pelikulak", azaldu du Nagore Aranburuk, pelikulan biloba Miren dena. Erabaki horiek hartzerakoan ikusleak barre egingo du. Zuzendariaren ustez "tentsioarekin biziko du parte bat, baina samurtasuna ere nabarituko du." Sentimendu nahasiak sorrarazi nahi ditu lanak, zelanbait. Karrusel baten antzera bueltaka ibiliko dira pertsonaiak, harik eta Urte Zahar eguna ailegatu arte: beraien bizitza aldatuko duen data.
Ikusleak espero ez dituen gauzak gertatuko direla azaldu du lan taldeak. Gainera, zuzendariak aurreratu duenez, "istorioko premisa gaizki aterako da". Komedia eta drama eskutik doazenez emozio gorabeheratsuak biziko ditu ikusleak. "Musika emozioei lotuta dagoenez, estilo desberdinak daude -gehitu du musika jarri duen Javi P3Z artistak-. Oso barruko musika da eta pertsonaiek une bakoitzean sentitzen dutena azaltzen du". Musikak pertsonaia bakoitzaren psikologian sartzen laguntzen duela argitu du musikariak, sekuentzia bakoitzaren emozioa sentiaraziz. Eta ideia bera adierazi du jantzigintzaz arduratu den Saioa Larak ere: "Pertsonalitatearen araberako jantziak egin ditut, gaur egungoak gainera".
Orainaldian gertatzen da istorioa ere. Nafarroa eta Gipuzkoa izan dira, besteak beste, errodajerako erabili dituzten tokiak. Bera eta Etxalar grabaziorako paraje atseginak dira, Javi Agirre argazkilariaren aburuz. "Etxalarreko elizan eta inguruetan ibili gara eta Beran, han baitago familiaren etxea, zuzendariak hasieratik buruan izan duen etxea". Benidormen eta Donostian ere grabatu dituzte zenbait eszena, herriko eta hiriko bizimodua aurrez aurre jarri nahi izan delako kontakizunean zehar. Argazki motari dagokionez, aldiz, bi parte bereizi ditu Javi Agirrek: "Familiaren egunerokotasuna modu naturalean dago enfokatuta, dramatismorik gabe. Baina istorioa norabidez aldatzen hasten denean, argazkiek kontraste gehiago hartzen dute, negu itxura nabari da eta eszenak hotzagoak dira. Dramatikoagoak".
Errodatzen zazpi aste inguru eman dituzte eta hasi ez ziren ondo hasi. Anekdota bat du Telmo Esnalek buruan: "Pelikula Gabonetan kokatzen denez neguan grabatu behar genuen. Grabaketako lehen egunean Kontxan sekulako euri zaparrada egin zuen eta pentsatutakoaren laurdena ere ez genuen egin". Baina eguraldia izan dute oztopo bakar, bere esanetan. Taldeak primeran funtzionatu du. Montserrat Carulla da protagonista nagusia: "Etxean bezala ez, etxean baino hobeto sentitu naiz. Lan taldeak esku zabalik hartu nau eta betiko lagunak balira bezala tratatu naute". Nagore Aranburuk ere errodajearen familia giroa azpimarratu du eta Montserrat Carulla bezalako aktore batekin lan egitea luxutzat jo. "Erakustaldi asko eman dizkigu. Bere sasoiarekin eta lan egiteko moduarekin lekzio humanoa eman digu. Esperientziaren ahotsa da Montserrat".
Euskal zinemaren uzta Orain erakustaldi horiek utzi dutena pantaila handian ikustea falta da. Ekoitzi da filma, euskara hutsean, gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluekin. Eta euskal zinemaren zerrendara izen berri bat gehi daiteke: Urteberri on, amona!. "Gauza politak sortzen ari dira. Badirudi euskal zinemak gero eta interes handiagoa sortzen duela", azaldu du Telmo Esnalek. "Kalitate aldetik uzta ona da aurtengoa. Hori entzuten ari gara egunotan", dio. Dena den, zinea egitea ekonomikoki oso zail dagoela aipatu du. "Urte eta erdi egon ginen zain diru laguntza eskatu genuenetik lana produktoran sartu arte. Gogorra izan zen. Lan etenbakoa izan da eta hori ere bada nire lana. Produktua altxatzea".
Egunotan aurkeztu da filma 59. Donostiako Zinemaldian, lehen aldiz Luis Rebordinosen zuzendaritzapean dagoen edizio honetan. "Bibrazio politak dauzkagu", aitortu du zuzendariak, talde osoaren izenean. Hala ere, lan taldea, jaialditik haragoko ikuslegoaren jarreraren zain dago; areto bete batean sortzen diren erreakzioak zeintzuk diren ezagutzeko irrikaz. Baina hasierako urratsa positibotzat jo du Esnalek; errealizadore berrien lehiaketan parte hartzea: "Leiho polita da oihartzuna har-tzeko. Ea jendea animatu eta zinera joaten den". Datorren irailaren 30ean estreinatuko da zine areto komertzialetan eta orain argi dago gelditzen dena (Maritxuren ahotan): Bizitakoak bizi ostean, amona Mari pantaila handian ezagutzea besterik ez dago.