Zerk bultzatu zaitu 'Escritores euskéricos contemporáneos' liburua idaztera?
Andres Urrutia euskaltzainburuarena izan zen lehenengo bultzada. Berak nire paper guztiak ateratzeko esan zidan. Ez naiz historia de la literatura egitera joan, nik urteetan jasotako informazioak zabaltzera baizik. Liburuan agertzen diren guztiak badira, baina diren guztiak ez dira agertzen. Beste asko ere badaude.
Zein da liburu honen helburua?
Hogeita hiru idazle ospetsu omendu nahi nituen. Aurtengo Korrikak Euskaltzaindia omendu du, sortu zenetik 90 urte bete direlako. Eta nik ere omenalditxoa egin nahi nien bai Euskaltzaindiari, baita idazle hauei ere. Bestalde, aurreiritziak hautsi nahi izan ditut, lau haizetara zabalduz euskaldunok badugula geure literatura, alegia, euskaraz idatzitako literatura. Hemen, Miguel de Unamunok esaten zuen euskarak ez zuela etorkizunik, kontzeptu abstrakturako ez zuelako balio. Nik orduko aurreiritzi horiek hautsi nahi izan ditut.
Informazio ugari jaso duzu liburuan. Nondik atera duzu?
Nire eskoletako paper zaharrak erabili ditut, ikasleekin izan nituen harremanak... Ba-nituen 40-45 lan labur. Aldizkariak ere erabili ditut; Sancho el Sabio aldizkarian edota Lapurdum Baionako aldizkarian argitaratutako hainbat informazio, besteak beste.
Liburu hau Durangon aurkeztutako 'Estigmatizados por la guerra' lanaren jarraipena da. Bigarren parte bat idazteko beharra ikusi zenuen?
Nik ez nuke jarraipena denik esango. Gaiak desberdinak dira. Hasteko, lehenengo liburuan ba-tzuk ez ziren idazleak, eta beste batzuk ez zekiten euskaraz. Liburu honetan, berriz, guztiak dira euskal idazleak, goi mailakoak.
Azken liburu honetan euskal literaturaren eboluzioa aztertzen duzu. Zer paper jokatu du euskal literaturak gure historian?
Azken urteetan literatura euskararen babesa izan da, euskararen euskarria. Idazterakoan, lehen helburua euskararen babesa zen. Gaurko ikasle gazteen helburua ez da hori, bidenabar hori ere lortzen bada ere. Egun, literatura literaturagatik erabiltzen dugu.
Komunikabideetan argitaratutako kritika ezberdinak ere gehitu dituzu. Zein izan da kritikaren papera euskal literaturan?
Historian zehar erdipurdiko zirika ugari izan dugu euskal literaturan. Koldo Mitxelena bezalako kritikari zo-rrotz, sakon eta jakitunak behar ditugu. Objektibotasunaren hutsunea nabaria da. Egun, interes extra-literario asko aurkitzen dira liburu merkatuetan. Dirua toki guztietan dabil. Eta adiskidekeria, zoritxarrez. Hortaz, orain arte, oro har esanda, genero gisan euskal kritika ez da hoberena izan.
Aipatutako autore guztien artean, zein nabarmenduko ze-nuke eta zergatik?
Konparatzea ez zait gustatzen. Zaila da aukeratzea, eta bat baino gehiago aipatuko nituzke. Xabier Lizardiren poesia goi mailakoa da. Jon Etxeparek prosa aristokratikoa zuen. Lauaxeta eta Jon Mirande modernitatean ere goi mailakoak ziren. Gabriel Arestiren eta Xabier Leteren poesia soziala... Eta ezin ditugu ahaztu Juan Maria Lekuona eta Bitoriano Gandiaga, eta haien poesia humanista eta erlijiosoa.
Zein da ezberdintasunik nabarmenena aurreko eta gaur egungo euskal literaturgileen artean?
Lehen literaturatik kanpo zerbaiten bila joaten ziren eta orain literatura per se, literaturaren edertasuna azaltzera goaz. Egun, gramatikarik hoberenean baliteke literatur balio izpirik ere ez aurkitzea. Eta baliteke ere gramatika aldetik kaskarra den idazle batek, gramatikaren legeak hautsi arren, literatura ederra egitea.
Zelan ikusten duzu euskal literaturaren etorkizuna?
Oso ondo ikusten dut nik, itxaropentsua naiz horretan. Emakumeak ere agertzen dira, gero eta gehiago: Itxaro Borda, Laura Mintegi, Tere Irastorza... Gizonezkoen artean Harkaitz Cano aipatuko nuke. Haur literaturan Patxi Zubizarreta. Aspalditik ikusten dut euskara gorantza doala. Urte txarrak eta gizaldi txarrak eta gogorrak jasan ditugu Euskal Herrian, baina, orain, esparru guztietan haize freskoa sartzen ari da. Jaioko dira berriak. Eta jaiotzen ari dira.