Bihar hasi eta martxoaren 16ra bitartean burutuko da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Martxoaren 16an borobilduko da finalarekin.Txapelketako lehenengo final laurdena urtarrilaren 28an jokatuko da, Izarrako Kultur Etxean. Eta martxoaren 16an bukatuko da, Gasteizko Printzipal Antzokian. Bertsolarien artean Asier Otamendi bertsolaria egongo da.
Lehiaketa prestatzen ari zara? Nola prestatzen duzu?
Bai udazkenetik ari gara elkartzen lagun taldetxo bat. Txapelketari begira astean bitan elkartzen gara eta elkarri gaiak jarriz aritzen gara, txapelketako formatuan bereziki.
Nola bizi dituzu lehiaketaren aurreko egunak?
Nahiko lasai, txapelketaren ideia horrek tentsio piska bat sortzen du baina urduritasuna batez ere saio aurreko orduetan izaten dut. Aurreko egunetan bizitza normala egiten dut ezer berezirik gabe.
Hainbeste lehiaketa eta sariren ondoren, urduri jartzen zara?
Bai oraindik bai, kentzen ez den zerbait da, saio bakoitzaren aurretik beti dator kezka puntu hori. Epaitua izateak badakar alerta moduko bat baina saiatzen naiz garrantzia kentzen, badakit saio bat gehiago dela eta horri eman nahi diot garrantzia.
Lehiaketetan ibiltzen ohituta zaude?
Urte askoan ibili naiz lehiaketan eta ohitura badudala esan dezaket, baina orain beste modu batean hartu nahi dut, zerbait aportatzeko alegia, lehiatzeko baino gehiago.
Estua izango da txapelketa, ezta?
Hala iruditzen zait, lau-bost izen ikusten ditut hor goian egoteko, batez ere gazteak oso indartsu datozelako.
Zer esperantza duzu txapelketarako?
Nire esperantza eta helburua ahalik eta ongien aritzea da, ez dut helburu konkreturik jarri.
Txapelketen aldekoa zara?
Publiko batek eskatzen du txapelketa egitea, eta bertsolaritza eta bertsozaleentzat bizigarri ere bada, beraz alde onak baditu. Agian bertsolariak pasatzen du gaizkien, baina gure mentalitatea kolektiboa bada dena errazago joaten da.
Sari asko lortu dituzu dagoeneko.
Hala da, garai batean garaipen dexente pilatu nituen eta lortutakoarekin oso konforme bizi naiz. Ez dut gehiagoren beharrik.
Nola gogoratzen dituzu zure hasierako urteak?
Haserako urteak oso politak izan ziren. Izugarri erakarri ninduen bertsolaritzak Gasteizera ikastera etorri nintzenean eta bertso sukar garai bat bizi izan nuen. Edozein lekutan hasten ginen bertsotan, astean zehar ikasle pisuetan afaria egiten genuen txanda- txandan, parrandan ordu pila geratu gabe aritzen ginen, bidaian bagindoazen Marokora edo, han ere bertsoak jartzen genituen…
Zer da zailena txapelketan ari zarenean?
Saio osoan zehar kontzentrazioa mantentzea eta adi egotea. Burua beste nonbait joanez gero edo arreta galduz gero bertsoak ez zaizkit ongi ateratzen.
Zer dakar edizio berri honek? Zenbatetan parte hartu duzu dagoeneko?
2024ko txapelketak orain artekoa kontsolidatu eta bertsokera eta bertso molde berriak ikusteko aukera ekarriko digu. Belaunaldi ezberdinak elkartuko gara bertsotan eta aberastasuna emango dio jarduerari. Gazteak indartsu datoz eta helduagook ez dugu joan nahi. Interakzio politak emango dira. Ez dakit zehazki zenbat alditan parte hartu dudan, baina 20tik gertu.
Irabazle ikusten duzu zeure burua?
Ez, ni baino hobe dabiltzanak badaudela uste dut. Txapelketa arrakastatsua eta koloretsua osatuko dugula iruditzen zait. Zorterik onena opa diet guztiei. Irabazleak Araba eta bertsoa izango dira. l