Intimoaren eta sozialaren artean dagoen intersekzioan arakatzea gustuko duen heinean, halabeharrez idatzi behar zuen Karmele Jaiok maitasunaren inguruan. Ordura arte pairatutako mendekotasun emozionalaz jabetu ostean, maitatzeko beste modu baten bila dabilen emakume baten ikerketaz idazten du oraingoan.

Galderetatik abiatuta idatzitako liburua da ‘Maitasun kapitala’. Erantzunak aurkitu al dituzu?

—Liburuak batez ere galderak egiten ditu maitasunaren inguruan. Maitasuna gauza askori deitzen diogun heinean, gonbidapen bat da hor arakatzeko eta ikusteko zer ezkutatzen den hitz potolo horren azpian. Izan ere, askotan beste gauza batzuk ere ezkutatu daitezke. Batzuetan maitasuna deitzen diogu desio fisikoa baino ez den horri; beste batzuetan, behar izaten dugun autoestimurako bitamina horri. Nolabait, zentzu horretan, bada galdera bat egiten zaiona irakurleari. Zure maitasunaren azpian zer dago? Zein da zure maitatzeko modua? Horretarako emakume eta gizon baten arteko maitatzeko istorioa kontatzen da, baina emakumearen begietatik.

Emakumeon helburu nagusia maitasuna izan behar dela erakutsi digute sozialki.

—Liburuak argira ekarri nahi duen zerbait da hori, nola erakutsi diguten maitatzen, nola gure heziketa emozionala ezberdina izan den, emakumea edo gizona izan. Nola, adibidez, txikitatik esan zaigun emakumeei ez egin hau edo bestea, bakarrik geldituko zara. Hori izan da mehatxu handiena guretzat. Emakumeen bizitzan badago gehiegizko dimentsionamendu bat maitasunarena. Erakutsi digute maitasuna dela gure joko zelaia eta hor dugula irabazi edo galdu.

"Protagonistak maitatzeko beste modu bat aurkitu nahi du, ordura arte izan duen moduarekin zerikusirik ez duena"

Eta gizonen helburua, zein da?

Aldiz, gizonei erakutsi zaie bizitzaren hainbat arlo daudela eta maitasuna horietako bat dela. Nobelan, pertsonaia hauen bitartez ikusten da zein eragin duen horrek harreman batean: zelako botere harremana edo mendekotasun emozionala sortzen den etab.

Ez dirudi ezer aurreratu dugunik.

—Liburuak emakume askok maitasunarekin bizi duten kontraesana ere islatzen du. Izan ere, gaur egun emakumeok aurrerapauso asko eman ditugu hainbat alorretan; arlo publikoan, aktibismoan, politikan… hainbat estereotipo eta botere harremanen kontra egin dugu. Baina ematen du, kasu askotan, badagoela ireki nahi ez dugun Pandora kutxa bat, alde ilun bat zeinetara ez dugun begiratu nahi. Nobela honetako protagonistak horren kontra egingo du: maitatzeko beste modu bat aurkitu nahi du, ordura arte izan duen moduarekin zerikusirik ez duena.

Ahaldundua eta kontzientziatua bezala deskribatzen da eleberriaren protagonista: Olgak teoria oso barneratuta dauka, baina praktika beste gauza bat da.

—Bai, hor dago liburuaren gai inportante bat, teoria eta praktikaren arteko kontraesana. Ulertu nahi du zergatik praktikan ezin duen teoria horrek esaten duena mantendu; nola izan duen maitasun harremanean hain mendekoa izan den, non bere burua ahaztu egin duen; nola onartu duen batzuetan gaizki tratatua izatea edo nola sentitu den txiki. Azkenean ulertu nahi du zergatik maitasunak bere bizitzan zentralitate hori duen.

Nola eragiten dio inguruak?

—Maitasuna bezalako gai intimo batez ari garenean, oso intimoa den zerbait denez, uste dugu guk sortutakoa dela. Baina gizarteak hor eragin handia dauka. Badakigu gizarte honetan bikoterik ez daukan emakume bat porrota dela. Olgak kontraesan hori izango du, baina horri aurre egiteko lagun izango ditu, batetik, teoria, bera irakaslea da eta teoria feministarekin zerikusia duen tesi bat zuzentzen dago, eta, bestetik, lagunak, beste emakume batzuk. Hemen indar handia hartzen du emakumeen arteko lagun izate horrek. Protagonistak inguruan beste maitasun batzuk ere badituela deskubrituko du.

"Liburu asko irakurri ditut maitasunaren inguruan, hainbat saiakera. Oinarri hori izan dut, ni ere tesia egiten banengo bezala"

Ordura arte izandako mendekotasun emozionalaz jabetzen da bere maitalea, Martin, faltan duenean. Mendekotasuna ez ote da normaltasunarekin nahasten gehiegitan?

—Bai, gure gizartean dagoen matxismoak zailtasun hori dauka gainditzeko. Norberak ere jarrera ohikotzat ikusten du eta ez du detektatzen botere harreman batean dagoenik. Fikzioak normaltasunaren azpian dagoena ikusten laguntzen digu. Iruditzen zait honelako harremanak bereziki zailak direla detektatzeko oso plano intimoan gertatzen direlako. Mota askotako botere harremanak daude gure gizartean. Izan daitezke nagusi eta langilearen artekoak, baina maitasunak berezitasun bat dauka zailago egiten duela horri aurre egitea: suposatzen da menderatuak eta menderatzaileak elkar maite dutela.

Maitasun erromantikoak derrigorrez behar du menderatzaile eta menderatu bat egoteak?

—Erakutsi diguten moduan, bai. Badago nobelan halako talka bat bi pertsonaien artean. Batek esaten du ezin dugula maitasunean sinetsi, hau da, ukatu egiten du maitasuna, maitasun erromantikoa emakumeen kontrako indarkeriarentzako giltza izan delako. Aldiz, beste pertsonaia batek eta protagonistak berak, maitasun erromantikoak emakumeen menderakuntzarako eremua landu duela diote, baina azpimarratu nahi dute horrek ez duela zertan maitasuna ukatu behar. Sinetsi nahi du posible dela zoro baten moduan maitemintzea harreman batean norbera desegin gabe. Hori da Olga istorioa honetan zehar bilatzen ari dena: maitatzeko beste modu bat.

‘Maitasunaren amaiera’ izeneko saiakeran, Tamara Tenembaum-ek zera dio: “Bere mendekotasunean sostenga-tzen den sistemarentzat mehatxu bat da emakumea desioa duen subjektu bezala aitor-tzea”.

—Emakumeak desio objektu izan gara eta mehatxu bat da emakume bat subjektu izatea. Emakumearen desioa argira atera nahi izan dut. Horregatik liburuan hainbat sexu eszena daude, emakumea erdigunean jartzen dutenak. Eszena eta harreman horietan protagonistak honako hausnarketa egingo du: nola ordura arte sexu harremanetan bere burua egin duen objektu, gizonaren begiradapean egon behar horregatik.

Terapiek mantra bihurtu dute zera: nola maitatu zure burua, hala izango da aurkituko duzun maitasuna. Autoestimua da gakoa?

—Ez dakit, nik uste dut psikologia gutxiago eta soziologia gehiago behar dugula. Gauza batzuk ezin dira konpondu bakarrik norberaren barruan arakatuz. Bikote batean menderatua sentitzen den emakume batek, nahiz eta terapiara joan, egiturazkoak diren arazo horiei egin beharko die aurre; konturatu behintzat ez dela dena bere buruan bakarrik gertatzen, bere burua baldintzatuta dagoela sozialki dauden arauengatik. Asko interesatzen zait, bai liburu honetan eta baita besteetan ere, intimoaren eta sozialaren artean dagoen intersekzio hori.

Emakunden jorratzen duzun lanak aukera ematen dizu maitasunaren izenean, askotan, maila ezberdinetako tratu txarrak zilegitzen direla lekukotzeko?

—Laguntzen dizu oraindik gehiago konturatzen larritasunaz, egunero zaudelako horren berriak jasotzen. Hala ere, bertan lan egingo ez banu ere, gai hau nire bizitzan guztiz zentrala izango litzateke. Uste dut gaur egun, gainera, gizarte hau gero eta kontzientziatuago dagoela, eta batzuetan dauden kontrako eraso horiek erakusten dutela aurrera egin duela berdintasunak. Egunero gai honen inguruan aritzeak behartzen nau oraindik lupa gehiago jartzen. Azkenean, nire fikzioetan, eta idazten dudan horretan, presente dago.

Protagonistak bere lagun eta ikasleekin dituen elkarrizketetan ez ote da maitasuna disekzionatzeko eta maitatzeko dugun modua uler-tzeko aukera ematen?

—Bai, bi faktorek laguntzen diote maitasunari buruz hausnartzen. Bata da bere ikaslea egiten ari den tesian artelan eta literatur lanetan maitasunaren errepresentazioaren azterketa. Bestea da emakumeekin, bere ikasleekin edo tesia berarekin batera zuzentzen duen irakaslearekin duen harremana. Hiru emakume daude, bakoitzak esperientzia ezberdinak izan ditu maitasunean, baina, nolabait, elkarri heldu dira kontatzera zein izan den haien ibilbidea. Ikusiko da hainbat gauza antzekoak direla; beste batzuk, oso ezberdinak. Emakumeen arteko batasunak indar handia hartzen du nobela honetan.

Zygmunt Baumanek sortutako ‘Maitasun likidoa’-ren kontzeptuak egun maitasunak kontsumo kapitalistarekin duen harremanaz hitz egiten zuen. Zure nobelaren izenburua ere ildo horretatik doa?

—Bi zentzu ditu kapitala horrek. Batetik, maitasun kapitala da garrantzitsua delako, batez ere emakumeen munduan, eta, bestetik, merkatuak agintzen duen gizarte batean bizi garenez, horrek gure maitatzeko modua baldintzatzen duelako. Liburuak, zentzu horretan, honako galdera egiten du: merkatuaren logika maitasunean ere islatzen da gaur egun? Hau da, maitasuna konpartitu baino kontsumitzen ari gara? Galderak dira, ez dute erantzunik ematen.

Eta ez dira erraz erantzuten diren galderak, gainera.

—Badago harremanetan gailuekin gertatzen den zaharkitze programatua? Gero eta gizarte indibidualistago baten bizi gara, horrek ere eragina du gure maitatzeko moduan? Ez al da gero eta nartzisistagoa gure maitatzeko era? Hori dena Tinderren garaian galdetzen da.

Xabier Mendiguren editorearen esanetan, liburuak entretenimendua eta gogoeta uztartzen ditu. Protagonista bera, ikasle baten tesia zuzentzen ari da. Saiakeraren bat izan al duzu gogoan idazketa prozesua aurrera eramateko?

—Liburu asko irakurri ditut maitasunaren inguruan, hainbat saiakera. Oinarri hori izan dut, ni ere tesia egiten banengo bezala, baina ez nuen saiakera bat idatzi nahi, beraz, oreka mantendu nahi izan dut. Badago azpitik saiakera askok esaten dutena, teoria hori azpian dago, baina fikzioaren bitartez kontatzen da. Batzuetan agertzen dira tesiaren aitzakiarekin saiakeratik datozen ideia batzuk etab. Baina oso adi egon naiz denbora guztian ez nuelako nahi liburuak saiakeraren kutsu hori hartzerik.

Belaunaldi berriak harremanak aldatzeko bidean daudela froga-tzen ari dira?

—Bai, badago gonbidapen bat bakoitzak hausnarketa egin dezan: zer ezkutatzen den norbere maitasunaren azpian, zerk agintzen duen bere maitasunean, eta, behin jakinda, errazagoa da onartzen. Egiten da halako gonbidapen bat maitasunari beste zentzu bat emateko eta maitasuna beste ikuspuntu batetik begiratzeko, baita maitatzeko modu asko daudela aldarrikatzeko.