2023ko apirilaren 5etik DJ bezala ezagunak diren musikagileak legalki esan dezakete artistak direla. Momentura arte, inon ez zen jasotzen DJ-aren praktika ez ogibide, ezta modalitate artistiko bezala. AEDYPek (gazteleraz, Asociación Española de DJs y Productores) ozen iragarri zuen sektorearentzat “historiako berririk onena” bezala definitu zuten lege-xedapen honen onespena.
AEDYP, DJ-en aktibitatea kulturala zela argudiatzeko, 18/2013 Legean egindako aplikazio batean oinarritzen zen. Haien ustetan, hainbat modalitate artistikoak kulturalak direla argudiatzeko erabiltzen ziren ezaugarriak DJ-en ogibidea arlo berdineko trataera jasotzeko aplikagarriak ziren. Ezaugarri horien artean “espresio artistiko bizia eta dinamikoa” dela, “etengabeko garapenean” dagoela eta “ezagutza teorikoak, adierazpen-kodeak, tresna espezifikoak eta berezko hizkera” jasotzen dituela agertzen ziren. Legean, nahiz eta “musika-kultura ezagutzarekin eta zabaltzearekin zuzenean lotutako zenbait jarduera” definizioarekin “elementu kulturala” kontzeptua definitzen zen, DJ-en lanak ez zuen aitorpen hori jasotzen.
Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren parte den Lan Zuzendaritza Nagusiaren partetik jaso da lege-xedapen berria, eta horretan “dantzalekuetako, diskoteketako, aisialdiko lokaletako eta ikuskizunetako langileen estatuko hitzarmen kolektiboa” erregistratu da, lehen aldiz DJ-en lana beste modalitate artistikoen maila berean kokatuz.
Ze berrikuntza ekarri ditu lege honek?
Hasteko, lehen aldiz erregulatu da beren kontura lan egiten duten profesional hauen egoera, eta DJ gisa kontratatutako pertsonen eta haien enplegatzaileen arteko lan-harremana arautu da.
Gainera, DJ-aren kategoria profesionala definitu da, eta orain ikuskizunetako langileen 1. kategoriaren barruan kokatzen dira. Gainera, DJ-ek erabiltzen duten “arte-sentsibilitate berezia” aipatzen da xedapenean, eta DJ munduaren barruan, figura berriak jasotzen dira: “lightjockey, videojockey edota live DJ”.
Zehaztapen kontzeptualen ondorioz, aktibitate hau artistikoa dela esan daiteke. Horrela, DJ-ek beste artistek daukaten eskubide berdinekin kotizatu ahalko dute erretiratzeko momentura heltzean. Zergatik? Aipatu dugun ebazpenean artista kategoria ematen zaielako DJ-ei, eta aldi berean “Lan-kontratatzeko pizgarriei eta artisten gizarte-babesaren hobekuntzari buruzko premiazko neurriei buruzkoa, 1/2023 Errege Lege Dekretua”-k eskubide administratibo horiek artista guztientzat ezarri zituelako.
Eta praktikan, ze aldaketa egongo dira?
Lehenengoa, DJ-en oinarrizko soldata izan da, urteko 1.400€-ko igoera izan duelako (igoera minimoa, noski). Gainera, esan dugun bezala, hainbat kontzeptu hartu ditu kontuan lege berriak, horien artean, DJ mota ezberdinak. Adibidez, DJ-a izango litzateke izen generikoa, eta horren barruan egoiliarra (gazteleraz “DJ residente” bezala ezagutzen dena, diskoteka horretan maiztasunez lan egiten duen musikagilea).
Beste alde batetik, baja hartzeko eskubidea izango dute DJ-ek, eta 60 egunez soldataren %100 jasotzeko eskubidea izango dute, kontuan izanda lehen %80 besterik ez zutela kobratzen. Gainera, orain 7€ko gehigarria kobratuko dute garraiorako.
Lanordu kopuruetan ere mugak jarri dira. Musika-sesio batek ezingo du 3 ordu baino gehiago iraun. DJ egoiliarren kasuan, sesioa 4 ordukoa izan ahalko da. Kopuru horietatik kanpoko orduak %150ko gehigarriarekin ordaindu beharko dira.
Aurretik zehaztu den bezala, kotizatzeko aukera izango dute DJ-ek, eta nahiz eta 2-3 orduko sesio bat egin, administrazioak egiten dituen zenbaketetan, egun oso bat lan egin izan bazenu bezala izango da.
Laburbilduz, DJ-ak beste artista guztien kategoria eta maila berean egongo dira lehen aldiz. AEDYP-ek esaten duen bezala, “babes-tresna bat” bihurtu da legea, DJ-ek beste artistek dauzkaten baldintza berdinak izango dituztelako, Covid-19aren garaian bizi izan zuten babesgabezia saihestuz, adibidez. n
DJ-aren lana musika jartzea baina askoz gehiago dela defendatzen dute.
RedLux festa edota kolektibo bezala definitu daitekeen proiektua da. Gutxienez, horrela jaio zen. Gaur egun, proiektuari “bultzatzaile” hitza hobeto datorkiola uste dute horretan lan egiten duten bi DJ-ek
RedLux bakarrik festa bat dela esanez, atzetik dagoen lan guztia ezereztuko genuke. Torrelavegakoa den Celia Carrera eta Beñat Etxarte oiartzuarra kolektibo honen DJ egoiliarrak dira, eta haien hitzetan, “tokiko zein nazioarteko artistei ikusgarritasuna ematea bilatzen duen eragile bat” dira. Haien lana bakarrik jaiak antolatzea bezala ulertzea ezerezte bat dela esaten denean, zergati bat dago, haien oinarrizko planteamenduan zehazten duten ezinbesteko baldintzari garrantzia kenduko genioke: “musika elektronikoaren barruan estilo eta espazio ezberdinez gozatu ahal izateko” egiten dute lan, baina argi daukate “espazio seguruak sortzera” bideratzen dutela haien esfortzu handiena.
“Errespetu kolektiboa” haien jardunaren oinarrietako bat dela zehaztu dute bi DJ-ek: “Artista txikiak laguntzea, bai DJ-ak, baita ilustratzaileak, argazkilariak, diseinatzaile grafikoak edota beste disziplina artistikoko profesionalak ere”. Euskal eszenan dauden beste kolektibo baten antzera funtzionatzen dutela diote, baina bai berezitasun batzuk zehazten dituztela, besteak beste, estilo musikala, “soinu sendoagoak eta azkartuak”, eta orain arte landu duten estetika bisuala, argazkietan ikusi ahal dena. RedLux eta kolore gorria banatzea ia ezinezkoa da.
DJ-a izateari buruz
Biek onartzen dute ez daramatela denbora asko musika elektronikoaren munduan, baina nahikoa izan da debaluatuta dagoen lan bat dela ziurtatzeko. Debaluazio hori bereziki nabaria da gizarte eremuan: “DJ-aren lana musika jartzetik haratago doa. Normalean publikoarekin daukagun esperientzia positiboa da, baina egoera latzak ere izan ditugu”. Arlo ekonomikoa ez dute alde batera utzi, eta zenbait musika sustatzaileek haien baldintzak errespetatu ez dituztela onartzen dute. “Industria honetan hastea oso zaila da, eta aholku moduan, motibazioa ez galtzea esan genezake”.
Egiten dute musikarekin mugimendu bat lotu dute, eta mugimendu hori goranzko norabidean dagoela diote. Kolektibo txikiak aipatu dituzte aldaketa horren eragile aktibo bezala. Haien hitzetan, kolektibo horiek aldaketa honen motorra dira, “kulturan ilusioz eta amorez lan egiten dutelako”. Posizio kontrajarrian aretoak eta promotoreak jarri dituzte, haien hitzetan “jada lortu dutelako beren lekua eta haien helburu bakarra gure mugimenduak eragiten duen guztiagatik dirua ateratzea delako”.
Gainera, urteetan zehar gaueko musikaren industriak izan duen irudiari buruz aritu dira biak, eta argi esan dute: “Uste dugu profesio honek irudi bat izan duela, eta horrek zerikusirik ez duela musika elektronikoarekin. Musika ez da sortu diren estereotipoen eragilea”. Hala ere, gauzak aldatzen doazela adierazi dute, eta eskerrak ematen dute, poztasunez, pixkanaka-pixkanaka haien lana gero eta gehiago baloratzen delako.
Haien lanaren eta gaueko industria eta aisialdiaren arteko loturaz jakitun dira, baina hala ere, gero eta eguneko ekitaldi gehiago egiten direla adierazi dute, non klubeko eszenatik kanpo aritu ahal diren. Haien ustez, “honek aukera ematen du eszena anitzagoa eta artista ezberdinez osatzen dena sortzeko”.
Legearen aplikazioa, eztabaidagai
Bedeben (Beñaten izen artistikoa) eta Celia Carreraren ustez, “balorezko aportazio” bezala definitu dute lege-xedapena, baina aportazio hori baliagarria bihurtzeko, beharrezkoa ikusten dute espainiar estatuan artistei buruz dagoen ikuspegia aldatzea. DJ praktika ez ezik, biek artea debaluatutzat jo dute.
RedLux-eko DJ-ak ez daude gutziz ados lege-xedapenarekin, baina ez xedapena beragatik, baizik eta honen aplikazio moduengatik. Berez, aurretik aipatu duten debaluazioa arrazoi nagusia dela diote: DJ bezala autonomia lortzea ezinezkoa da eszenan dauden zenbait eragileek ez badute haien negozio-modua aldatzen, adibide egokia da “promotorek jartzen dituzten zailtasunak”.
Carrerari eta Etxarteri haien aldarrikapenei buruz galdetzen badiegu, argi daukate: sustatzaileetan jartzen dute berriz fokua, eta eskatzen diete haien lana baloratzeko. Promotoreei ez ezik, aldarrikapen hau aretoei ere zuzentzen diote: “Eguneroko lan bat da gura, eta ez da bakarrik “set”-a egitera mugatzen”. Atzetik askoz gehiago dago: “prestakuntza handia, sakoneko aukeraketa musikala, sare sozialetan jasan behar dugun presioa, bai fisikoki zein psikologikoki lan honek dakarren nekea…”.
Carrera eta Bedeben badakite haien profesioa defendatzen beste profesionalak gutxietsi gabe: “Lan bakar bat ere ez da beste bat baino gehiago, ezta gutxiago ere. Artista gehienek kulturaren aldeko barne-borroka dutela uste dugu, eta bakoitzak erabaki edo bide desberdinak hartu arren, abiapuntu bera dugu guztiok”. Haien kasuan, gozamena eta errespetua.