Paul Urkijoren Irati pelikularen filmazioan parte hartu ondoren, Eneko Sagardoy Principal Antzokian egongo da gaur arratsaldeko 19:30etan, Miren Gaztañagarekin batera, Maitasunaren Itxiera obran. Pascal Rambert egile eta eszena-zuzendari frantziarraren Clôture de l’amour lanaren euskarazko egokitzapena da Arriaga Antzokiak ekoiztutako lana. Teatro Kamikaze taldearen La clausura del amor gaztelaniazko bertsioak ere arrakasta handia izan zuen. Oraingoan, Arriaga Antzokiak euskaraz ekoiztu eta sustatu nahi izan du antzezlan hau, eta, gainera, Pascal Rambert bera da zuzendaria. Maitasunaren itxiera lanean bikote baten elkarrizketa la-tza ikusiko da. Protagonisten bakarrizketa-trukeak hiltzen ari den maitasunaren bortizkeria adierazten du. Beldurra eta askapena nahastuko dira bikotearen elkarrizketa lazgarrian, gizon baten eta emakume baten arteko borroka suntsitzaile eta gupidagabean.

Zer moduz ‘Maitasun itxieraren’ obran?

-Inoiz bizi izan ez dudan esperien-tzia izan da, eta biziko ez nuena pentsatzen nuena. Izugarrizko erronka teknikoa izan da aktore gisa. Bestalde, inoiz ez naiz hain biluzik sentitu eszenatoki batetan. Gustatu zait testua hain barneratuta dudala ikustea. Testu gordina da, bortitza, baina, aldi berean, oso poetikoa. Testuak berak eman digu gauzak esateko, mugitzeko modu bat; hori beti gertatzen da, edo oso maiz, baina oraingoan inoiz baino indartsuago izan da. Eta niretzat atsegina izan da botere hori sentitzea testu batean, eta gauza berriak probatzea eta esperimentatzea testu berarekin emanaldi bakoitzean.

Zer izan da lan honetan egin duzun zailena?

-Uste dut lan honetan zailena prestakuntza izan dela, nire buruan sinestea, 28 orrialdeko gidoi bizia eta bortitza aldi berean ikasteko gai izango nintzela sinestea. Sei hilabete izan dira bai Mirenentzat, bai niretzat gidoia ikasteko. Umoreari eta geure buruarekiko konfiantzari eustea, eta pentsatzea, lana kostatu arren, hitz guztiak barneratuta izango genituela eta gai sentituko ginela, jarduteko, jolasteko. Hori ere zaila izan da, adoreari eustea eta horretan sinestea. Gero, bestalde, kontraste handia egon da testuen ikaskuntzari eskaini diogun denborari erreparatzen badiogu, sei hilabete izan baitira, baina gero entseguak hamar egun bakarrik izan dira; zuzendariak horrela egiten du lan, eta horrela egin genuen. Zortzi pase egin genituen, eta gero oharrak jaso genituen. Hor ere, bazkarietan, zortzi egunetan sinestea, zortzi pase horiekin, ia astebeteren buruan, ia funtzio hori eskaintzeko, geure buruarengan, obrarengan eta zuzendariarengan konfiantzazko ariketa izan zen. Zorionez, gero funtzionatu zuen. Hor ere zuzendariaren lan egiteko moduan konfiantza erakutsi behar izan genuen; zortzi egun besterik ez entseatzeko eta lana publikoaren aurrean aurkezteko. Gure buruarekiko, obrarekiko eta zuzendariarekiko konfiantzazko lana izan da.

Zer nabarmenduko zenuke obra honetatik?

-Lan honetatik azpimarratuko nuke inoiz egin dudan lanik hunkigarriena dela, bai aktore gisa, bai jendearentzat, sentitzen dudanagatik. Lan honek jendea kolpatzen du; leku batean ez bada, bestean. Uste dut inoiz ez dudala hain era bortitxean eta gardenean sentitu jendearen aldetik eta nik ere talka indar hori igar-tzen dut geuregan antzezten dugunean eta hori da zerbait oso botere-tsua, oso baliotsua, baina zerbait oso sensiblea ere bai, eta erantzunkizun handikoa. Sentsazio horiek ez ditut inoiz hain modu intentsoan bizi izan eta uste dut hori nabarmenduko nukeela. Horrez gain, bai testuaren nolakotasuna poetikari begira eta erritmoari begira eta lehen esan dudan fisikotasun horri begira ere aipatuko nituzke. Testuak behartzen zaitu muturreko esprezioak bilatzera, koreografia bortitxak bilatzera, eta hori maite dut eta uste dut ikusleak ere lan hori balioetsi duela.

Gainera, Paul Urkijorekin ere ibili zara. Zer sentsazio dituzu filmari buruz?

-Bai, Paul Urkijoren Irati filma filmatzen aritu naiz. Duela bi aste filmatu genuen eta, egia esan, faltan botatzen dut. Bi hilabete izan dira grabatzen, baina ni beste hiru hilabetez egon naiz gioia ikasten, papera prestatzen. Fisikoki ere gogorra izan da, eta orain faltan botatzen ari naiz lan hori. Azken finean, ia sei hilabete eman ditut proiektu honekin. Oso pozik egin dudan lana izan da, ezagutu dudan jendearekin eta neure buruaz ezagutu ditudan alderdi berriekin, plazer handia izan da niretzat bertan parte hartzea eta berarekin berriro ere lan egitea, bere lehen filmaren ondoren. Lagun ona da, baina, gainera, zuzendari bikaina da, jolasteko eta entzuteko prest egoten da beti, eta aktore gisa hori asko eskertzen dut, eta oso zaila da zuzendari batengan hori aurkitzea. Uste dut Paulek lortu duela pelikula ilunago bat egitea eta pelikula benetan erakargarria egin dugula; desia-tzen nago irudiak ikusteko. Oso zaila da horrelako proiektuetan parte hartzea, oso pelikula gutxi egiten dira maila honetakoak, aurrekontuari dagokionez, eta genero honetakoak are gutxiago. Gainera, filmaren alderdirik mingarriena aipatu behar dut.

Zein?

-Kolpe gogorra izan da gure lankide baten heriotza, filmaketa amaitu eta bi egunera, Txema Areizagaren heriotza. Zapore gazi-gozoa eman dio filmari. Benetan pertsona maitagarria zen, langile fina, umoretsua, eta beti konplizitate keinua zeukana. Galera horrek utzi gaitu sentsazio gazi-gozo batekin eta zalantzarik gabe pelikula honetan bera oso presente egongo da betirako.

Zer gustatzen zaizu gehien zineman lan egiteaz eta zer gustatzen zaizu gehien antzerkian lan egiteaz?

-Batetik, zineman lan egiteaz gehien gustatzen zaidana da xehetasun oso txikiei erreparatu diezaiekegula. Bestalde, beste diziplina batean lan egiteko aukera dugu. Asko gusta-tzen zait, gremio askorekin lan egiten dugu, pertsona desberdinekin lan egin behar dugu eta horrela ikusten da azken emaitza polita filmean. Asko gozatzen dut honekin guztiarekin. Bestetik, antzerkia egiteaz gehien gustatzen zaidana sorkuntza-prozesua eta lanari aberastasun handia ematen dioten errepikapenak dira. Eszena bakoitzean asko sakondu dezakegu. Gainera, antzerkian adrenalina asko dago zuzenean lan egiteagatik.

Filmatzeko ile luzea eta bizarra utzi behar izan dituzu. Aldaketa itzela.

-Irati filma filmatzeko eraldaketa fisiko oso handia egin behar izan dut; zazpi kilo inguru loditu behar izan ditut, pasta eta arroz asko jan, gimnasiora asko joan, ezpatarekin borrokan ikasi,... inoiz ez dut hainbeste denbora eman paper bat prestatzen, eta kasu honetan aukera hori izan dut eta plazer bat izan da. Ile luzea eta bizarra ere utzi ditut, hilabete asko eman ditut horrela, bai. Dibertigarria izan da ikustea nola aldatu naizen.

Beste proiekturen bat duzu esku artean?

-Bai, nire hurrengo proiektua Raúl Barrerasena izango da, istorio ikusgarria duen film laburra. Gainera, asko gustatzen zait berarekin lan egitea, oso fin egiten du lan eta hasteko irrikan nago. Datorren astean hasiko gara grabatzen Hernanin. Gainera, abenduaren erdialdean Arriagaren ekoizpenarekin hasiko naiz talde bikain batekin.