Balenciaga eta Alaďa, aurrez aurre

03.05.2021 | 01:06
Balenciagaren eta Alaďaren soinekoak Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan.

Lehenengo aldiz erakutsiko ditu getariako museoak balenciaga ez den beste diseinatzaile baten jantziak

Getariako Cristóbal Balenciaga Museoaren hamargarren urteurrena beteko da aurten eta hori ospatzeko antolatu dute Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak erakusketa. Bi sortzaile horien –Azzedine Alaïa tunisiarraren (1935-2007) eta Cristóbal Balenciaga getariarraren (1895-1972)– 100 lan aurkezten dira, Parisko Azzedine Alaïa Fundazioaren bildumakoak. Museoarentzat oso proiektu berezia da, izan ere, Balenciaga ez den beste diseina-tzaile baten lanak erakusten diren lehen aldia baita. Azaroaren 1era arte egongo dira ikusgai bi diseina-tzaileen jantziak, aurrez aurre.

Olivier Saillarden zuzendaritzapean, sei erakusketa-gela hartzen ditu, museoko 1.000 metro karratu, eta guztira 100 pieza daude ikusgai (52 Alaïarenak eta 48 Balenciagarenak) batzuk beira-arasetan eta baita haietatik kanpo ere. Gainera, horietako 22 argitaragabeak ziren orain arte, eta beste bost museoan bertan zaharberritu dituzte. Alaïa Fundazioan orotara Balenciagaren 600 pieza inguru daude eta Alaïaren lanekin antzekotasun gehien dutenak aukeratu dituzte Getariara ekarri eta erakusteko.

Batez ere, jantzi beltzak topatu daitezke "emakumearen gorputza nabarmentzeko" aukeratzen zuten kolore nagusia huraxe zelako; baina Balenciagaren fuksia koloreko jantziek eta Alaïaren gorri biziek agerian uzten dituzte bi diseina-tzaileen arteko desberdintasunak. Bitxikeria gisa, Rihanna abeslariak abagune baterako jantzitako Alaïaren soineko gorri luzea jarri dute ikusgai, beira-arasa batean.

"Alaïa emakumezkoen gorputzetik hurbilago zegoen, nabarmendu egiten zuen; Balenciagak, berriz, bolumenarekin jolasten zuen, harengandik urrunduz", azaldu zuen Saillardek atzo goizean Cristóbal Balenciaga Museoan eskainitako inaugurazio ekitaldian.

Nahiz eta sekula ez zuten pertsonalki elkar ezagutu, Alaïak asko estimatzen zuen Balenciagaren lana. "Bi diseinatzaileek neurri eta oreka perfektuak partekatzen zituzten, goi mailako arkitektura nabari da beraien jantzietan", adierazi zuen erakusketaren zuzendariak.

Tunisiarraren eta getariarraren gustuen artean desberdintasunik egon arren, Alaïa moda-bildumagilea izan zen eta 1968an, hainbat hamarkadatan Cristóbal Balenciagaren zerbitzura lan egin zuen Mademoiselle Rennéek, Balenciagaren pieza sorta baten artean aukeratzeko gonbita luzatu zion. "Balenciaga Etxea itxi zutenean pieza asko erosten hasi zen Alaïa; norako ezezagun batetik erreskatatu nahi izan zituen. Garrantzia bereziko jantziak ziren, eta beraien denboraz gaindi kontserbatu behar zirela uste zuen", azaldu zuen.

Orduan hasi zen Alaïa bilduma egiten eta lan ugari metatu zituen, ez bakarrik Balenciagarenak, baita beste maisu handi batzuenak ere; Grès, Vionnet eta Schiaperellirenak, besteak beste.

Bi diseinatzaileek ehunekiko zuten maitasun partekatua gazazko soinekoetan eta parpaila beltzetan iradokitzen da. Funtsezko gaiak ere irudikatu zituzten euren jantzietan, hala nola tradizioa eta folklorea; horiek irudikatzen ditu Gitane soinekoak, Azzedine Alaïaren soineko guztietan ospetsuenak, eta Balenciagaren lanaren espainiar inspiraziotik oso gertu dagoenak.

Jantziez gain, euren biografian ere baziren antzekotasunak. "Getariara etorri naizenean deigarria egin zait diseinuaren sortzaile garrantzitsuena, hau bezalako herri arrantzale txiki batetik datorrela ikustea. Azzedine Alaïa ere Tunisiako herri txiki batekoa zen eta sustrai xumeak zituen. Orain bizi dugun garai ilun hauetan, horrek ederki erakusten digu moda ametsez eginda dagoela eta bakoitzaren jatorritik haratago joateko aukera ematen duela", nabarmendu zuen.

Erakusketak Parisko Balenciaga Artxiboen dokumentazioa –zirriborroak, argazkiak eta filmak–, eta Alaïari buruzko ikus-entzunezko bi pieza ere jasotzen ditu.

noticias de noticiasdealava