Maia Iribarnek (Lasa, 1995) eta Paxkal Irigoyenek (Ainhize-Monjolose, 1988) sortutako Bañolet telesaila da Bañolet Durangoko Azokaren hirugarren Sormen Bekaren irabazlea. Umeen begiradatik sortutako egitasmoak lau kapitulu izango ditu orotara. Irabazleek 15.000 euroko saria jaso dute eta horrekin, saioa ekoitzi eta datorren urteko Azokan aurkeztuko beharko dute proiektuaren emaitza.
Pandemiaren ondorioz Iribarnek eta Irigoyenek ekitaldira bertaratzerik izan ez duten arren, bideo batean azaldu dituzte ekoizpenaren nondik norakoak: "Nafarroa Behereko adin ezberdinetako biztanleekin aurrera eraman nahi dugun ikus-entzunezko proiektu parte-hartzailea da". Umorea, absurdoa eta poesia nahastuko dituzte, protagonista izango den ume taldearen ikuspegitik. Helburua, azaldu dutenez, "identitateari buruzko gogoeta egitea izango da".
Proiektu berritzailea
Epaimahaiaren ordezkari izan den Amancay Gaztañagak azpimarratu duenez, Bañolet saritzea erabaki dute "planteamendu berritzaileak herri oso baten dinamikan eragina izango duelako". Gainera, epaimahaiak kontuan izan du ere,"telesailak haurren gogoetak izango dituela ardatz". Hau da, jokoa, ilusioa, inozentzia... Halaber, formatuari ere erreparatu diote, "gaur egungo joeretan uztartzen delako".
Bestalde, musika ere osagarri garrantzitsua izango da: "Kapitulu bakoitzean musikak gidatuko duen zati bat egongo da (kantuak, batukada erritmoak, herio-orkestrak...). Musika guk sortuko dugu, eta ekintza eta gertakariak, koreografia bat bezala, erritmo berezi baten bidez lotuko dira, eguneroko gizarte koreografien gisara".