"Urtero urtaro bat". Iker Laurobak 2018tik hiru disko kaleratu ditu: Udazkena, Negua eta, orain, Udaberria, bere bakarkako ibilbidean bosgarren lana. Dagoeneko, tetralogia honi bukaera emango dion Uda prestatzen ari da. Horretarako, ordea, urtebete itxaron beharko dugu.

Nola imajinatzen du Iker Laurobak datorren udaberria?

—(Barreak). Galdera ona. Nola imajinatzen dudan edo nola nahiko nukeen izatea?

Biak.

—Imajinatzen dut egun gauden an-tzeko egoera batean egongo garela. Nahiko nukeena, berriz, udaberri alai bat izatea, bakea munduan eta jendea birusik gabeko herrialde aske batean bizitzea (barreak).

Zure diskoa, nahiko zenukeen udaberri hori bezala, nahiko argitsua da.

—Bai. Disko honetan nire konposa-tzeko modua iraultzen saiatu naiz. Ez dut bilatu disko bakoitza tematikoa izatea guztiz. Zentzu horretan ez naiz zentratu udaberri alai batean; badu nire barruko malenkonia berezko hori, baina, egia da aurrekoekin konparatuta, letretan eta melodietan argitsuagoa dela.

Zure sortzeko modua iraultzen saiatu zarela diozu. Urtaroen tetralogiako hirugarren diskoa da 'Udaberria', zaila egiten zaizu album bakoitzaren tonua aurki-tzea?

—Ez zait zaila egin. Orain arte, lau disko hauetako kanta antzekoak baditut aurreko lanetan ere. Kontua izan da, horretaz kontziente izatea, kontzienteki bide bat egitea. Adibidez, Udaberria diskoan badaude abesti batzuk alaiagoak direnak. Baina, datorren urtean argitaratu nahi dudan Uda eta Udaberria hau desberdintzeko ere, nahiko nuke Uda ere dantzagarriagoa eta alaiagoa izatea. Gauza berri bila nabil horretarako, bossa novaren bat, Kubako musikari erreferentziaren bat ere egin nahiko nioke... Udaberria, aldiz, bidean dagoen disko bat da: nire ohiko konposatzeko eraren eta Uda izango denaren artekoa. Kaleratu dudan lanean badaude bizpahiru abesti malenkoniatsuagoak direnak.

'Udaberria' pop eta rock soinuez beterik dago; besteren bat ere nabari daiteke... Zer bilatu nahi izan duzu?

—Normalean ez dut hasieran kon-tzienteki pentsatzen zer instrumentu sartuko ditudan kanta bakoi-tzean. Egiten dudana hauxe da: diskoa konposatu eta grabatzen noan heinean erabakitzen dut zer doakion hobeto abesti bakoitzari. Ez naiz formazio standard batean oinarritzen. Bateria, adibidez, lau abestitan ageri da; mandolina beste bizpahiru kantuetan... Kolore paleta ahalik eta zabalena izaten saiatzen naiz eta, udaberria bezala, disko hau ere koloretsua izatea nahi nuen.

Paleta zabal horri tiraka, kolaborazio ugari izan dituzu.

—Disko guztietan ohikoa bihurtu da. Azken batean, zuzenean jotzen dudan taldekide batzuk parte hartu dute, eta gero, abestiaren eta beharren arabera, lagunen agendari tiraka ibili naiz (barreak). Instrumentuek mihiseari pintzelkada berezia ematen dioten bezala, jende desberdinak pintzel horiek erabiltzeak are eta zabalago egiten du udaberriko koloreen paleta.

Proiektu honetan, urtero disko berri bat kaleratzen duzu. Covid-19ak lanak zaildu egin dizkizu?

—Iaz, Negua azaroaren 12an kaleratu nuen eta, aurten, Udaberria ere azaroaren 12an kaleratu dut (barreak). Nire barne programazioan dagoen zerbait da urtero disko bat kaleratzea, data horien inguruan beti ere. Diskoak kaleratzen ditudanean ez dut liturgia handirik nire inguruan. Disko bat aurkezten bukatzen duzunerako, bestea atarian duzu. Hain zuzen ere, Udarekin hasi naiz lanean. Ez diet garrantzia berezirik ematen aurkezpenei.

Eta zuzenekoetan?

—Udaberria diskoko kantak modu progresiboan gehituko ditut gure errepertoriora. Ez dugu Udaberria osorik joko, eta gero beste hiru kanta, ez; progresiboki gehitzen joango gara, urtaro berriak sartzen. Sei taldekide gara eta Urbil Artola Hendaian bizi da, Olaia Intziarte, berriz, Oronozen; ezin gara elkartu. Azaroan pare bat kontzertu baditugu eta bakoitzak bere etxean entseatu beharko du eta abestiak banaka gehitzen joan.

Non joko duzue?

—Azaroaren 26an Hernanin joko dugu, Biteri Kultur etxean. Egun bat geroago Astran, Gernikan. Gero, urtarrilean Dokan kontzertu bat eskainiko dugu, oraindik data zehaztu gabe dugun arren. Udan dezente jo dugu herri txiki eta ertainetan, festen ordezko bezala; gure musika aproposa baita eserita entzuteko. Orain, uste dut, zailagoa egingo zaigula negu honetan kontzertuak lotzea: areto gehienak itxita daude, eta zabalik daudenak gauza gutxiago egiten dituzte; eta gero, antzokietan sartzea guretzako zailagoa da. Niretzat ametsa izango litzateke egunen batean antzoki bira bat egitea, baina momentu honetan zaila ikusten dut.

'Uda', jada, prestatzen zabiltzala diozu.

—Zazpi abesti konposatuta ditut, horietatik bost letrarekin. Gainera, bi abesti erdi grabatuta ditut. Sor-tze eta grabazio lanak ere progresiboak izatea gustatzen zait, askoz gusturago lan egiten dut horrela. Abesti bat grabatu eta lau hilabeteren buruan berriro entzutean, aldatzeko gauzak aurkituko dituzu. Modu honetan egiteak ahalbidetzen dit azken momentuan gauzak aldatu ahal izatea.

'Uda'-ren ondoren zer etorriko da?

—(Barreak). Ez dakit. Ideiak baditut, adibidez, bosgarren urtaro bat asmatzea. Badut baita ere buruan, ahotsarekin eta gitarrarekin bakarrik disko soil bat sortzea. Egia da, bestalde, disko fisikoek geroz eta zentzu gutxiago dutela. Gaur egun, singleak argitaratzen dira, eta behin batzuk egin dituzunean osa-tzen da diskoa. Ez dakit zer egingo dudan... Egia esan, lau disko lau urtetan ateratzeak nekatu egiten du. Konposizio aldetik nekagarria da, baita grabazioa, grabazio ondorengoak eta horrek dakartzan guztiak ere. Ez dakit deskantsu hartuko dudan ala ez. Ezin esan, nik neuk ere ez dakit eta.

Are nekezagoa izango da gainera, zure kasuan bezala, beste proiektu batzuetan sartuta bazabiltza.

—Bai. Batzuetan agendak egokitu egin behar dituzu kontzertuak, grabazioak eta beste gauza asko direla eta. Halere, horrek ere betetzen nau. Jende desberdinarekin jotzeak zure perspektiba eta ikasbide propioa izaten laguntzen dizu. Norberaren nortasun musikala besteekin elkarlanean egiten da.

Izarorekin jotzen duzu. Kursaalen sei kontzertu eskaini zituen lau egunetan orain gutxi. Erritmo hori ez al da nekagarria?

—Berezia izan zen eta baita eromena ere antolakuntza aldetik. Bost egun lehenago sei hilabete aurretik erositako sarrerak bueltatu egin ziren, eta berriro erosi egin behar izan ziren. Hirugarren kontzertua baino lehen, gainera, mugikortasuna mugatu zuen Jaurlaritzak eta mugakide ziren herrietako jendea soilik etorri zitekeen. Hori guztia kudeatzea eromena izan da, bereziki, Izarorentzat. Baita guretzat ere noski, emozionalki inplikatuta gaudelako proiektu horretan. Izaro niretzat arreba bat bezalakoa da. Egia da, sei kontzertuak pasa ondoren taldekideak egun batzuk nekaturik pasa genituela, bai fisikoki zein emozionalki ere. Baina egia da ez zitzaidala bereziki nekagarria egin, asko jotzera ohituta bainago. Kursaal batean sei aldiz jotzea ahaztezina izango da, eta ez dut uste inork errepikatzeko aukera izango duenik. Emozionalki ere betegarria da, asetu egiten zaitu.