Gaur hasi eta datorren azaroaren 21 arte errima, doinu eta neurriek Ipar Euskal Herriko bazterrak bustiko dituzte. Guztira hamar saio antolatu ditu Iparraldeko Bertsularien lagunak Elkarteak eta inoizko parte hartzaile gehien batuko ditu 6. edizioak: 28 bertsolari, zortzi gai-egile eta sei epaile. Atzean ibiltzen diren dozenaka antolatzaileak ahaztu gabe. Sustrai Colina azken edizioko irabazlea ez da izango oholtzan.
Txapelketaren gaztetasuna azpimarratu nahi izan du Xumai Murua Berra, Iparraldeko Bertsularien Elkarteko lehendakariak: "Atzetik badago urteetako lana, elkartearen 40. urtemuga da aurtengoa eta hasieratik bere oinarria bertso eskoletan eta hezkuntza arautuan bertsolaritza transmititzea izan da". Plazak sustatzearekin batera haur eta gazteei bertsolaritzaren atea ireki die elkarteak ikastoletan zein ikastoletatik kanpo. Halaber, lau hamarkadatan hainbat belaunaldik izan dute bertsoaren berri Ipar Euskal Herrian eta Muruaren arabera, denak bertsolari bilakatzen ez badira ere, andana batek bertsoa zer den badaki orain eta bertsozaletu ere egin da.
Taldearen fruituak
Elkartearen lana lotu du Muruak aurtengo edizioko arrakastaren oinarri gisa, baina ez da arrazoi bakarra. "Horri gehitu behar zaio azken bi urteetan antolatu dugun taldekako txapelketa". Transmisioak sortutako oinarria aurretik bazegoen ere, taulara saltoa emateko ausardia falta edo esperientzia eskasa sentitzen zuten. "Gazte andana bat Xilabako taulatik urrunegi sentitzen zen eta horretan giro intimo eta goxoagoan antolatutako taldekakoak lagundu dute", azaldu du. Hain zuzen, formatu horretan gazte andana motibatu da, "baita ez hain gazteak ere". Hala, taldekakotik banakakora jauzia egitera ausartu dira zenbait. "Bertso eskoletatik ateratzen diren gazteei, Xilabara etorri arte, azken urrats bat emateko, ausardia irabazteko eta jendaurrean esperientzia bat emateko balio izan die".
Txapelketak harturiko tamainaz gain, saioak toki berrietan antolatu dituztela da aurtengo edizioaren bigarren berezitasuna. "Saiatu gara finala eta bizpahiru saioz aparte orain arte bertso saio gutxi antolatzen diren lekuetara joaten", azaldu du Muruak. Aurreko urteetan elkartearen helburua urtean zehar saioak antolatzen dituzten herriak sustengatzea eta bertako antolatzaileak eskertzea izan bada ere edizio honetan dinamika berria izango dute. "Guretzat leku berrietara joatearen zentzua ere bada harreman berriak bilatzea, herriko etxe berriekin aritzea lanean, eta lagun-tzaile berriak bilatzea bertsolaritzarentzako", aipatu du Muruak. Are gehiago, espero du saioak herri berrietan egiteak inguruko ikastola eta eskoletako haurrak bertso eskolara joateko motibagarria izatea. "Agian bertso eskola batzuk ere sortu ahalko dira ingurune horietan". Finala ere toki berri batean egingo da azaroaren 21ean: Baionatik atera eta Donibane Lohitzunera eramango dute "festa".
2008an antolatu zuten lehen Xilaba txapelketa eta antolakuntzatik adierazi duenez hasieratik ikusi da en-tzuleak erantzun duela. "Gazteak taulara hurbildu ahala belaunaldi horiek ere entzule gisara hurbiltzen ari dira". Aitzitik, Xilabaren ekarpenik handiena taula gainera gazteak ekartzea bezainbat horiek entzutera haien adineko jendea joatea izan dela uste du Muruak.
Pandemia garaiko edizioa izango da aurtengoa, eta Muruak ohartarazi du egoera zein den aintzat hartuta antolatu dituztela saioak. "Babes neurri guztiak errespetatuko ditugu, entzuleak maskara soinean entzun beharko ditu saioak". Txapelketa "txikia" izateak baina, bere alde onak dituela aitortu du. "Zorionez, txapelketa ez da hain handia, kanporaketetan 100 bat lagun hurbiltzeko moduko edukierak egongo dira, final aitzinetan 250-300 eta finalak 2.000 entzule bilduko ditu, ez dugu arazorik izanen lekua prestatzeko". Kezka nagusia, bertsozaleengan dute Iparraldeko Bertsularien Elkarteko kideek: "Ez dakigu jendea berdin motibatuko den". Baina badute esperantza. "Badakigu badela zalego bat prest, neurri guzti hauek errespetatuz bertsoak gozatzera etortzeko". Sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira, eta finaleko sarrerak aldez aurretik egongo dira salgai bertsosarrerak.eus webgunean
EGUTEGIA
Lau kanporaketa, hiru final heren, bi final aitzin eta finala izango ditu 6. Xilaba bertsolari txapelketak. Bost bertsolari zuzenean sailkatu dira final heren eta final aitzinera. Saio guztiak 17:00etan hasiko dira eta bakoi-tzean sei bertsolari ariko dira kantuan.
- Gaur, Hiriburu: Aitor Servier Etxezuri, Bittor Thicoïpe, Egoitz Zelaia, Elixabet Etxandi Goienetxe, Irati Alcantarilla Urdanpilleta eta Ortzi Idoate.
- Irailak 26, Urdiñarbe: Gillen Hiribarren, Maddi Sarasua Laskarai, Maindi Murua Berra, Oier Urreizti, Patxi Iriart Hiribarren eta Pettan Prebende.
- Urriak 3, Ainhoa: Battitt Crouspeyre, Bixente Hirigarai, Iker Altuna, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Oneka Arteka Olasagasti eta Xumai Murua Berra.
- Urriak 10, Larzabale: Johaine Sarraillet, Josu Txoperena Iribarren, Kerman Diaz, Mixel Mateo, Ramuntxo Christy eta Xan Alkhat.
- Urriak 17, Bokale: Miren Artetxe.
- Urriak 24, Sohüta: Maddalen Arzallus.
- Urriak 31, Izturitze: Oier Barroso.
- Azaroak 7, Izpura: Amets Arzallus.
- Azaroak 11, Bardoze
- Azaroak 21, Donibane Lohizunen FINALA