Oreka TX taldea 1997an sortu zuten Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariek. Txalapartarekiko grina ogibide bihurtzea lortu zuten eta ordutik hona, proiektu desberdinetan parte hartuz, munduko txoko askotara bidaiatzeko aukera izan dute, beti, jakina, txalaparta aldean zutela. Urteek aurrera egin ahala, taldea ere handitzen joan zen, eta horren lekuko, aurreko udan Usurbilgo Txokoalden duten lokalean grabatutako azken diskoa, Klokea izenekoa. Udan zehar hainbat kon-tzertu eskainiko dituzte taldearen sorkuntza propioa aurkezteko, eta aurtengo Jazzaldi berezi honetan ere tokia izango dute. Gainera, oso giro euskaldunean arituko dira, Michel Portalek osatuko baitu gaueko egitaraua. Harkaitz Martinez de San Vicentek euren ibilbideari buruzko xehetasun guztiak azaldu dizkio egunkari honi.
Oreka TX-entzat zer esanahi du txalapartak?
-Izenean daramagu, guretzat lehenengo instrumentua izan delako eta hortik abiatu garelako musikaren mundura. Beti gustatu izan zaigu esatea txalaparta ez dela bakarrik tresna fisiko bat: txalaparta, berez, jotzen duten bi pertsona horien artean ematen den harremana edo komunikazioa da. Beste instrumentuek ez dituzten eta oso bereizgarriak diren elementu ba-tzuk ere baditu. Adibidez, erritmoa partekatu behar dela, batak besteari entzun behar diola, elkarren artean osatzen dela melodia, eta beti bi pertsonen arteko sorkuntza bat dela.
Asko aldatu al da zuen estiloa 1997an taldea sortu zenetik?
-Bai; izan ere, estiloa pixkanaka egiten den zerbait baita. Hasi ginenean, beharbada, taldea sortu aurretik genekiena bakarrik jotzen genuen, eta nik uste dut, batez ere, azken hamar urte hauetan finkatu dela Oreka TX taldearen soinua. Koklea, orain aurkezten dugun diskoa, horren adierazle da. Besteetan, gehiago egon gara proiektu konkretu bati lotuta (Nomadak, bidaiekin zerikusia duena; Quercus Endorphina, munduko musikari desberdinekin egin genuen; Silex-ek harriarekin du lotura...) eta oraingo honetan talde soinu hori finkatu egiten da.
Lau disko kaleratu dituzue, baina elkarlanak askoz ere gehiago izan dira.
-Aurten 23 urte betetzen ditu taldeak eta egia da lau disko gutxi direla, baina beste hainbat proiektutan ere aritu izan gara. Proiektu horien artean, adibidez, Hybridek eman zuen bere fruitua; Tosta bandarekin aritu ginen; enpresa japoniar batentzat disko bat ere enkargatu ziguten... Horiek ez ditugu gure diskografiatzat har-tzen, baina kolaborazio asko egin ditugu eta estilo oso desberdinak landu ditugu. Orain El columpio asesino taldearen disko batzuetan kolaboratzen hasi gara, eta organista batekin ere badugu proiektu bat martxan. Bestalde, Euskadiko Orkestrarekin ere aritu izan gara, esate baterako. Guri txalaparta estilo desberdinetara egokitzea gustatzen zaigu, eta ez bakarrik gure musika egitea. Ez du beti gauza berak balio eta pentsatu behar da testuinguru bakoitzean zer datorren hobekien.
Proiektu asko dantzarekin ere uztartu dituzue. Beraz, txalapartak entzuteko ez ezik, dantzarako ere balio du, ezta?
-Bai. Hori bitxia izan da, txalapartaren inguruan sekula ez baita dan-tzatu izan. Beti beste erritu sozial batzuetara lotuta egon da: garai batean sagardoaren inguruan, eta beste batzuetan euskal nortasunaren manifestazio desberdinetan, esaterako. Txalaparta eduki aldetik garatzeak ere erraztu du erritmo bakar bat ez mantentzea, baizik eta melodiak egin ahal izatea, erritmo desberdinak sortzeko aukera egotea; eta hori, nola ez ba, oso ondo uztar-tzen da dantzarekin. Gure kasuan, ikuskizunak egin izan ditugu Kukaiekin eta azken urteetan, batez ere, Motoko Hirayamaren konpainia japoniarrarekin aritu gara.
'Pikotailuke' proiektuan, adibidez, artistek jostailuak bailiran jokatzen dute. Ikuskizun bitxia da.
-Gu txotxongilo bihurtzeko kapritxoa genuen. Proiektu hori orain bi urte sortu genuen, baina froga batzuk besterik ez genituen egin. Hiru kontzertu eskaini genituen eta urtarriletik aurrera, berriro ere hori pixka bat mugitzen hasiko gara; baldintza egokietan egiterik izaten badugu, behintzat. Guretzat txalaparta jolasa da batez ere. Hor egiten dugu taldekideok bat, eta sortzen dena jolas horren ondorioa da: Pikotailukek horren garrantzia islatzen du. Gure taldekideen artean gazteena ni naiz, eta dagoeneko 45 urte ditut, beraz, pertsona helduak gara. Hala ere, guretzat musikak jolastoki izaten jarraitzen du, eta proiektu hori ideia horrekin lotuta dago.
Orain 'Klokea' izeneko disko berria aurkezten ari zarete eta gaur Donostiako Trinitate Plazan izango zarete Jazzaldiaren baitan. Nolakoa da lan berria?
-Taldea boskote batek osatzen dugu: Mikel Ugarte eta ni txalapartan (1997an Igor Otxoarekin hasi nintzen, baina azken hamabi urtetan Mikelekin nabil), Mixel Ducau haize-intrumentuekin, Iñigo Egia perkusioan eta Juan Jose Otxandorena buzukiarekin. Batez ere azken urteetako konposizioak eskainiko ditugu eta guretzat Trinitate Enparantza plaza garrantzi-tsua da. Oso pozik gaude Jazzaldian parte hartzeagatik, nahiz eta gu jazz talde bat ez izan propioki. Ilusioz gaude, batez ere, COVID-19ak eragindako geldiune honen ondoren datorrelako eta berriro ere pixka bat martxan jarri garelako. Oro har, Klokea diskoko kantuak eskainiko ditugu. Diskoa instrumentala da bere horretan, egia da, ordea, eduki ditugun gonbidatuak abeslariak izan direla. Hala ere, zuzenekoa instrumentala izaten da. Gainera, ahotsaren grabazio txiki batekin nahasten da eta hainbat elementu batzen ditu: harrizko txalaparta, banbuzkoa, egurrezkoa, bidoia edo zintzarriz osatutako txalaparta bat, besteak beste.
Konposizioak berriak dira?
-Bai, guztiak dira berriak. Denak gureak dira, bat izan ezik, hura Angel Unzuk konposatutakoa delako. Oso pozik gaude gure kantu propioekin sortutako disko bat osatzea lortu dugulako. Orain arte asko ibili gara gauza bereziak eta berritzaileak egiten, baina orain egiten dugun hori gurea dela sentitzen dugu.
Noiz eta non sortu duzue diskoa?
-Aurreko udaran aritu ginen grabatzen eta Durangon aurkeztu genuen. Gure sorkuntza prozesuak nahiko motelak izaten dira. Berez, diskoaren muina Txokoalden sortu dugu. Txokoalde Usurbilgo auzo bat da, eta bertako tren geltoki zaharrean lau urte daramatzagu entseatzen eta lanean Udalarekin egindako akordio bati esker. Hitzarmenaren ondorioz bisita gidatuak ere izaten ditugu eta gure lana zein den azaltzen diegu bisitariei. Lokal bat izatetik haratago, laborategi bat ere bada. Tailer handi bat dugu bertan eta instrumentuak eraikitzeko primeran datorkigu. Esango nuke Koklea Txokoaldeko disko bat dela, baina egia da Hernaniko estudioan grabatu dugula, gure perkusio-jolearen estudioan. Beraz, patxadaz, goxo eta gustura grabatu dugu.
Oraingoz, zenbat kontzertu dituzue iragarrita?
-Trinitate Plazako kontzertuaren ondoren, Elorrioko Musikaire jaialdira joango gara. Ondoren, abuztuaren 7an Orion izango gara; abuztuaren 14an Bilbon, abuztuaren 19an Zumaian, eta jarraian, Menorca ere bisitatuko dugu. Irailean Getxo Folkera joatea dugu aurreikusita. Dena den, albisteak etengabe aldatzen ari dira eta ikusiko dugu zer gertatzen den.