Gaueko ordu txikitan bota gaituzte kiribilduak lo garraiatzen gintuen autobus zaharkitutik. Ilunpetan Cochabambatik egindako bidaia gogorra izan da. Gaizki ixten ziren leihoetatik haizea sartzen zen, eta noski, kontuan izanda bidai osoa 3.000 metroko garaieratik gora izan dela, gure aurpegiko zimur falta 'crioterapiaren' eragina dela ziurta genezake. Gainera, lo geratzea lortzen genuen aldiro, geldialdi bat egitea erabakitzen zuen gidariak "komunerako tartea!" oihukatuz. Benetan komune bat balego sikiera, baina ez, 'komuna' kontzeptu bat da. Geldialdi horietan, pixa egiteko beharra eta adorea zuten gizarajoek, goi-mendietako eremu soil batekin egiten zuten topo. Ez zegoen ezta punteria egiteko zuhaixka ziztrinik ere. Gizonok, purtu kardinal bat aukeratu behar genuen eginbeharrak zuzentzeko, emakumeak aldiz, ipurdia ala aurpegia, zer jarri autobuseko ikuslegoaren bistan.

Ez zaizkit inoiz gustatu izen handiko arkitektoen eraikinak. Politak badira ere, izenetik duten ospe ona, beste nonbaitetik galtzen dute. La Paz hiriko autobus geltoki nagusian gaude, Gustave Eiffel famatuak diseinaturikoa, eta agian ingeniari frantsesa ez zen ohartu bere garaian, baina Boliviako goi lautadan hotz handia egin dezake. Goizeko bostak dira, beranduegi ostatu edo aterpetxe batera joateko, eta goizegi hirian barrena gora eta behera ibiltzeko. Lokuluxka egiten saiatu gera, Eiffel jaunari madarikazioak botaz, ahapeka.

Egunsentiko lehen argiekin, giharrak esnatzeko ordua dela erabaki dugu. La Pazen bi aukera daude norantza finkatzerako unean, gora edo behera, eta bide errazenaren hautua egin dugu. Goizean goiz izan arren, mugimendua dago jada San Francisco plazan. Gosaltzeko leku bila, alboan dagoen merkatal zentrora bideratu gaituzte bertakoek. Izenak erakartzen ez gintuen arren, gure merkatal zentroekin zerikusirik ez dutela ohartu gara segituan. Bitxia da hemengo merkatariek elkarri konpetentzia egiteko duten modua. Bata bestearen atzetik, pilatutak eta euren artean apenas ezberdinduz, produktu edo zerbitzu berdin-berdina eskaintzen duten denda txiki mordoxka daude. Gosaltzeko kioskoak daude, izenaz aparte (Eva, Arminda, Maria) beste guztia berdina dute: hamar metro karratuko lokala, mahai luzea eta frutaz gainezka dagoen apalategia. Hasieran pixka bat arraroa izan daitekeen arren, errazagoa da bisitariarentzat, edozein lekutan eserita ere, berdina gosalduko baituzu: kafe luze bat, ahuakatedun ogitarteko txiki bat eta fruitu nahasketaz eginiko irabiatu kolore anitz goxo bat.

KULTURA, KALEAN

Motxilak aterpetxean utzita, kaleetan zehar galtzea erabaki dugu. Bolivian kultura indigena ez da postaletan eta souvenirretan topatzen, kalean baizik. Europako homogeneotasunera ohituta, Boliviako kaleek inauteriak dirudite, baina ez, jendea ez doa mozorrotuta, jendea identitatearekin doa jantzita. Disimuluz begiratzen saiatzen gara, baina ezker-eskuin ikusten ditugun koloredun arropa, txapela eta hizkuntza ezezagunek gure atentzioa erakartzen dute uneoro. Sorginen azoka deiturikoan, sineskera zaharrek aurre egiten diete garai modernoei, eta telefono mugikorren denda batetik metro gutxira, llama animalien abortu disekatuak saltzen dituzte, Pachamamari eskaintzak egiteko erabiltzen direnak.

Ikusten ari garen guztia barneratzeko eta giharrei atsedena emate aldera, La Pazeko garraio sistema publikoko zerbitzu ikusgarrienetako bat hartu dugu, teleferikoa. Minutu gutxiren bueltan, hiriaren marroixka eta mendien zuritasunaren ikuspegi ederrarekin, El Altora igo gara, antzekotasunik ez duen La Pazen nebaordera. La Pazen aldapa dena, El Alton lautada da, lehenengoan kale bihurria dena, bigarrenean, errepide zuzena da.

HIRIA HAZIZ DOA

Alpeetako teleferiko ultrazehatzetik irten, eta Andeetako hirietako autobus geltoki supernahasi batean sartu gara. Furgoneta batean hamasei izaki (g hizkirik gabe) pilatu eta aurrera jo dugu 'La ceja' deituriko auzoan zehar. 4.000 metroko garaieratik La Paz kokatzen den haranera begira dagoen bekain honetan merkataritza borborka nabari daiteke. Hamarkada gutxi batzuk dituen hiri berri hau, herrialdeko bigarrena da biztanle kopurua kontuan hartuz. Hazkuntza ikaragarri honek marginalitatea eta aberats berriak sortu ditu. Azken hauek, dirua pilatzeko astia izan dute baina ez gustu ona garatzekoa. Kale kantoietan kolore biziko etxe xelebreak ikusi daitezke 'cholet' izenez ezagutzen direnak. 'Cholo' hitza (indigena nolabait) eta 'chalet' hitzen nahasketaz sortua.

Berriz teleferikoan igota, oxigeno gutxiko zeru urdinetik, kolorez beteriko kalezuloetara jeitsi gara. Bidean, hiriaren izenaren aukeraketa txarrari buruz egon gara hizketan. Izan ere hamaika modutan deskriba daiteke hiri bizi, nahasi, koloretsu, zirraragarri eta aldapatsu hau, baina inoiz ere lasai edo baketsu gisa.