tziar Uriartek, Irune Zabaletak eta Sergio Azkaratek ez zuten elkar ezagutzen baina orain antzeko emozioak partekatzen dituzte: zoriontasuna, beren ametsetako bat betetzetik urrats batera dauzelako eta urduritasuna, egunez egun gogor lan egin behar dutelako ekaina amaitu baino lehen duten ametsa betetzea lortzeko. Izan ere, Itziar Uriarte eta Irune Zabaleta (banaka) eta Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata (taldeka) gazte gasteiztarrak dira iazko azaroan martxan jarritako Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko irabazleak. Eta saria deialdia irabaztegatik proiektu bakoitza gauzatzeko 3.500€ izango dituzte. Ekainaren 23a aurreikusten da beren proiektuak aurkezteko eguna Oihaneder Euskararen Etxean. Lehiaketaren bigarren edizioa da.

Alarma egoerak diru-bilketa kanpainak bete-betean harrapatu dituen arren, Itziar Uriarte eta Irune Zabaletak eta Sergio Azkarateren taldeak, gazteek ateratako diruarekin olerki-liburu ilustratua, ipuin-liburu multimedia bat eta dokumental bat garatuko dituzte, Bizimundua, Tinta, grafito artean: musak eta Erroak, hurrenez hurren.

"Irabazi nuela jakin nuenean, egia esateko, ezin sinetsi egon nintzen minutu batzuetan zehar. Kriston gorakada sentitu nuen nire ametsetako bat errealitate bihurtuko zela konturatu nintzenean. Ideia hauek ditugunok, baina nondik-nora jo ez dakigunok horrelako bultzadak behar ditugu gure ideiak gauzatzeko. Oso eskertua sentitzen naiz". Esaldia Itziar Uriarterena da. Bere proiektua Bizimundua izenekoa, emakumeen inguruko egoera ezberdinak jorratzen dituen ipuin liburua osatu nahi du, hiru euskarri ezberdinetan garatuta: ohikoa, braile hizkuntzan garatutakoa eta zeinu hizkuntzan, bideoan grabatutakoa. Itziar Uriarteren hitzetan, "aspaldi jaio zen ipuinen bidez pertsonen kontzientzia piztu eta barneak mugitzeko nahia. Askotan, ipuinak haurrentzako direla pentsatzen dugu, nik, aldiz, helduentzako ere indar handia izan dezaketelakoan nago". Eta erantsi du: "Proeiktua inklusiboa izan behar zuela ere argi neukan eta laguntza asko jasotzen ari naiz horrela izan dadin. Era berean, proiektua solidarioa da, izan ere, irabazirik balego, egunero mundu hobea lortzeko lan egiten duten GGKEei emango nieke irabazien %40. Kasu hauetan, elkarlanean ibilitako elkarteak dira".

Bestalde, Itziarren ipuin gehienek emakumea dute protagonista. "Emakumea India, emakumea Morokon, emakumea Perun zein emakumea Euskal Herrian, guztiok arrisku gehiagori egin behar diegu aurre emakume izateagatik eta hau ahaztu behar ez dugun zerbait da", dio. "Salaketa nahi hau, dena den, ez da nire beharretatik atera, baizik eta bizi izandako, entzundako eta ikusitako errealitateetatik baino. Munduak oihukatzeko eskatzen ari dit eta kasu egingo diot. Hala eta guztiz ere, emakumeez aparte, badira beste kolektibo batzuk ahotsa behar dutenak. Ondorioz, beste ipuin batek LGTB+ kolektiboko pertsona baten errealitateari buruz hitz egingo du Keniako testuinguruan eta azken batek aniztasunaren trataerari buruz Vietnamen. Esan beharra daukat ez dudala orokortu nahi, baina nik bizi izandako esperientziak plazaratu nahi ditut".

Tinta eta grafito artean: musak lanean, aldiz, Irune Zabaletak olerki liburuxka ilustratu bat osatuko du: "Txikitatik ida-tzi dut, idazlea izatearen ideia erromantikoa erakarrita. Nire sentimenduak ateratzeko eta neure barne-mundua islatzeko erabili dudan artea da. 2017ko udan, denda baten aurrean gelditu eta kuadernotxo bat erostea bururatu zitzaidan. Beste bat? Bai, baina hau berezia izango da, hau bukatuko duzu. Momentu hartan nire buruan zegoen zurrunbiloa txukuntzeko momentu aproposa zen. Hilabeteak pasa ahala pentsamenduak poemetan bihurtu egin ziren", dio. Beraz, haren proiektua, lana eta ametsa da poema liburu hau sortzea. "Poema liburua da. Ilustrazioak izango ditu, momentuz hiru ilustratzailek hartuko dute parte. Poemei indarra emateko eta liburua apaintzeko izango dira. Oso liburu berezia eta pertsonala izango da". Ekainean, behin liburua amaituta, bere hamaika ametsetako bat, egia bihurtuko da. " Idatzizko prozesua ia bukatuta dago. Ilustazioak eta maketazioa falta dira. Eskerrak eman nahi dizkiet lagundu didatenei, nire alde apostua eginagatik eta ametsa betetzen laguntzeagatik".

Hirugarren proiektua, Erroak, berriz, ikus-entzunezko formatuan garatuko dute Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata taldekideek: Arabako herriei buruzko dokumental honetan zenbait herri nola hustutzen ari diren kontatuko dute. Sergioren hitzetan: "Arabako herrien inguruko dokumentala egiteko ideia geneukan aspaldi, baina ez geneukan dokumentala finantzatzeko modurik. Crowfunding deialdi hau ikusi genuen eta aukera polita iruditu zi-tzaigun dokumentala aurrera atera-tzeko". Orain laguntza eta bultzada ekonomikoarekin lan hori bete ahal izango dute. Izan ere, asteak daramatzate lan horretan murgilduta, eta konfinamenduaren denboragatik etxetik lan egitea egokitu zaien arren, egia esan, ondo daramate, eta Interneteko erosotasuna baliatzen dute proiektuak aurrera eramateko eta elkarrekin etengabe komunika-tzeko."Arabako herri txikien egoera azaleratu nahi dugu dokumental honen bitartez. Herri hauek husten ari diren heinean, arazo batzuk pairatzen ari dituzte, eta herri hauen bizimodua nolakoa den erakutsi nahi dugu. Esaldi batean, Arabako landa-eremuaren inguruan hausnarketa plazaratu nahi dugu, Araban dauden herri txikien egunerokotasuna erakutsiko dugularik", azaldu du. "Proiektu kulturalak aurrera atera-tzea zaila da gaur egun. Eta aldi berean, gizarte osasuntsu baterako kulturaren babesa oinarrizkoa dela deritzogu. Beraz, jendeari eskerrak eman nahi dizkiogu emandako laguntzarengatik".

#KulturaBatera traolapean sustatuko dituzte beren lanak, horretarako beren beregi sortutako Instagram eta Facebook kontuetan

Aukeratutako proiektuak garatu ahal izateko Oihanederren, Laboral Kutxa eta Vital Fundazioaren laguntza jaso dute

Hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko