Ibon Rodriguez (Sestao, 1978) musikaria, Ibon RG izenaz ezaguna, beti egon da euskal folkloreari lotuta. Orain, bere azken lana kaleratu du, Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburuan oinarritutako Iaquin vahu liburu-diskoa. Hainbat artistekin burutu du hamasei abestiz ondutako lan berria: besteak beste, Enrike Hurtado, Verde Prato, Garazi Navas, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’, Miguel A. García, Matías Riquelme, Fernando Ulzión, Susana RG, Ane Arana, eta Paralux izan ditu bidelagun.
Proiektuaren jaiotza, nolabait, Itxaro Borda idazlearekin bat egindako aurkezpenarekin lo-tzen duzu. Nola?
2021eko urtarrilean, Itxaro Borda idazleak proposatu zidan berak jasotako gonbidapen batean nik ere parte hartzea; hain justu, Bilbo Zaharra Euskaltegiak urtero Bilboko Arriagan egiten duen liburu irakurraldi jarraituan egotea. Kasu horretan, Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburua hartu zuten hizpide. Normalean, horren bueltan, testuinguruan jartzeko hainbat jardunaldi antolatzen dira; horietako bat, Bernart Etxepareren biografia egitea izan zen. Itxarok biografia egituratu zuen, eta niri bere olerkiak kantatzea proposatu zidan. Olerki batzuk, denbora kontuagatik, kanpoan geratu ziren. Asko gustatu zi-tzaizkidanez, kantuak grabatzea erabaki nuen.
Euskal Herrian dauden obra esanguratsu guztien artean, zergatik aukeratu duzu Bernart Etxeparerena?
Niretzat klasikoa da esatea euskaraz inprimatu zen lehen liburua dela eta ale bakarra geratu dela, baina kontua da liburu hau literatura dela. Hau da, beste hizkuntza batzuetan lehenengo liburuak bibliak izan ziren, Etxeparek, aldiz, literatura eta poesia egin zuen: emakume baten paperean sartzen da, eztabaida bat dago… Seguraski, bere bizipen pertsonalak, aitorlekuan entzun zituen istorioak edo asmatu zituenak ziren. Oso aberatsa da lehenengo liburua izateko.
Nondik dator ‘Iaquin vahu’ izena?
Mossen Bernart echeparere cantuya deitzen den olerki autobiografiko batetik dator. Bertan, Bearnora joan zenean harrapatu eta kartzelan sartu zutela kontatzen du. Berak esaten du bidegabeki sartu zutela espetxean eta bidaia hori egin izanaz damutzen da; beraz, berak Iaquin vahu idatzi zuen, bere buruari “jakin izan banu” esanez. Guk hori erabili dugu esateko Bernartek “iaquin vahu” bere kantak kantatuko zirela poz-pozik egongo litzatekeela.
Zein da ‘Iaquin Vahu’ lanaren helburua?
Alde batetik, material berarekin beste disko bat erabat desberdina egitea zen helburua. Lan hau Oskorrik egin zuen jada 1977an, Etxepareren olerkiak musikatu eta disko batean txertatu baitzituen. Etxeparek bazekien bere liburu horrek euskarari beste estatus bat emango ziola, beste hizkuntzen parekoa izango zela. Bestetik, material honek nire musika egitea ahalbidetu dit, materiala hartu eta nik egin nahi ditudan esperimentuak egiteko edo musika nik ulertzen dudan moduan garatzeko aukera. Azkenean, asmoa ez da izan liburuaren erreprodukzio bat egitea; badira edizio berriak, zuzenduak, editatuak, bizkaierara pasatuak, batuara pasatuak… Baina gure asmoa bakarrik kantatzen ditudan zatiak jartzea zen.
Letrak garaiko euskaran idatzita mantendu dituzue; zergatik?
Poesia oso lotuta dago sonoritatearekin; orduan, nire ustez, egokia zen Etxeparek bere garaian bere paperetan idatzi zituen hitz horiek sonoritate bera manten zitzaten. Erakusteko aukera bat izan da, nolabait, 500 urte beranduago, euskaldunok kapazak garela testu horiek ulertzeko. Egia da ahalegin pixka bat egin behar dela ongi ulertu ahal izateko, beste hizkuntzekin gertatzen den bezala. Hala ere, nire ustez, Iparraldeko jendeak liburua nahiko ondo ulertzen du, eta hegoaldekoek ahalegin gehiago egin behar dugu.
Euskaraz inprimatutako lehen obra izanik, iraganak eta orainaldiak talka egiten duela esango zenuke?
Hori da Itxarori hasieran galdetzen niona. Niri esaten zidan Etxepare bere garaian oso punka zela: letretan, olerki erotiko batzuk daude eta euskaraz egitea garai hartan ba… Kontua izan da ikustea ea material horrek nire lanarekin nola erreakzionatzen zuen eta, nire ustez, ondo nahasten dira. Gaur egungo material bat izan daitekeela esango nuke.
Diskoa leku ezberdinetan grabatu duzue, haietatik bat, Etxepareren jaioterrian. Berezia izan al da bertan grabatzea?
Oso bitxia izan zen. Aritz Galarraga idazlearekin asteburu pasa egin nuen eta Etxepareren ibilbidea egin genuen: Duzunaritz (jaio zen tokia), Donibane Garazi (bikarioa izan zen bertan) eta Eiheralar (abade kargua hartu zuen udalerria) bisitatuta. Bideoklipa ere bertan grabatu genuen Aitor Izagirrerekin, eta hunkigarria izan zen.
Zergatik hartu zenuten liburuaren tipografia manten-tzeko erabakia?
Jon Martinek nire diskoen azala egin izan du beti. Oraingo honetan, ez dakigunez nolakoa zen Etxepare, orduan berak ez du ezer marraztu, letra originalak hartu ditu eta garbitu. Ez genuen diseinu zaharkitu bat egin nahi; Etxeparek garai hartan inprentatik jasoko zukeen formatu berari eutsi diogu, lan hau plazaratzeko.