Amonaren etxera asteburu pasa joatea bezalakorik ez dago. Leku magikoa da; galdetu bestela, Lur eta Ametsi. Gurasoak ezkontza batera joan dira eta bitartean, bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte. Ez da edonolako pertsona Andere, ezta bere katu Baltaxar ere. Beraien botereei esker lau pertsonaiak abenturez jositako bidaia batean murgilduko dira, Euskal Herriko historiaren garai eta sasoi desberdinak ezagutuz.
Lur eta Amets aspalditik datorren proiektua da. “2015. urtean Elkar, Katxiporreta eta Ikastolen Elkarteak hainbat produktu argitaratu zituzten Lur eta Amets izenarekin. Haur eta gaztetxoen artean Euskal Herriko historia ezagutzeko tresnak falta zirela eta hutsune bat bazegoela ohartu ziren, eta historia liburua, ipuinak eta mahai-joko bat plazaratu zituzten”, azaldu zuen ostiralean Lotura Films ekoiztetxeko Miren Berasategik Donostian eskainitako filmaren aurkezpenean.
Baina hori guztia, amaiera baino, hasiera besterik ez zen izan. Segidan, Uxue Alberdi eta Unai Elorriaga idazleek Euskal Herriko historiako pasarteak kontatzen zituzten haurrentzako liburuak idazten jarraitu baitzuten, Euskal Herrian zegoen hutsune hori betetzeko asmoarekin, eta Lotura Filmsek ere proiektuarekin bat egin zuen. “Gauzak horrela, 2017. urte bukaeran filma ekoizteari ekin genion. Bi urte pasatxo behar izan ditugu filma bukatzeko eta gure asmoa abenturekin gozatzeaz gain, haurrei Euskal Herriko historiari buruzko interesa piztea ere bada”, nabarmendu zuen Berasategik.
historia istorio Pelikula ekoizteko prozesuaren hasieran, Juanba Berasategi (Pasai Donibane, 1951-2017) zinema-zuzendaria lanean aritu zen proiektua aurrera nola eraman pentsatzen. Zendu zenean, ordea, haren alaba Miren Berasategik hartu zuen haren lekukoa, eta horregatik guztiagatik Lur eta Amets Lotura Filmsentzat “biziki garrantzitsua” dela nabarmendu zuen. “Talde bezala guk bakarrik ekoizten dugun lehen proiektua da. Duela hiru urte gure maisu izandakoa gure bizitzetatik desagertu egin zen, eta proiektu honek guri, bakar-bakarrik, ibilbide profesionala egiteko aukera eman digu”.
60 pertsona inguruko lantaldeak jardun du proiektu honetan, eta gidoilari lanetan Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala aritu dira. Olasagastik ere gogoan izan zuen Juanba Berasategi aurkezpenean: “Berak jarri zuen proiektu hau martxan. Buruan zituen pertsonaia horien diseinuak eta marrazkiak, eta gogoan dut Juanbak nola hitz egiten zuen Baltaxar katuaz eta Lur, Amets eta Andere pertsonaiez. Une honetan, Juanba gurekin dagoela sentitzen dut ”, adierazi zuen. Zuzendari lanetan aldiz, Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce aritu dira, eta musikaren ardura Joserra Senperenak izan du. “Musika garai bakoitzari egokitzeko eskatu genion. Joserrak bere estilo propioari uko egin gabe lortu du giro horretara hurbiltzea eta musikarekin ere historian zehar bidaia-tzea”, azpimarratu zuen Poncek.
Izan ere, horixe egiten baitute Lur eta Ametsek pelikulak irauten dituen 50 minututan: historian zehar bidaiatu. “Garai batetik bestera salto eginez, pertsonaia bikiak beti dira protagonista Euskal Herriko historian gertatutako une garrantzitsu horietan. Beharbada ez erdigunean, baina bai ondoan; eta, jakin badakigu historia ez dela bakarrik erdigunean idazten, auzunetan ere idazten dela”, azaldu zuen Olasagastik. Horrela, gizakiaren sorreratik erromatarren garaira egingo dute jauzi lehendabizi. Bidaiaren erdi aldera Nafarroaren konkista, eta beranduago, Industrializazioa ere ezagutuko dituzte. Amaitzeko, berriz, frankismoaren atzaparretan ere eroriko dira Lur eta Amets, gaur egungo bizimodura itzuli aurretik.
elkarlanaren balioa Elkar, Katxiporreta eta Ikastolen Elkartea izan ziren proiektuaren aitzindariak, eta pelikularen babesle ere badira. Beraiekin batera baita erakunde eta enpresa multzo handi bat ere. Elkarlanetik jaiotako proiektuaren emaitza izango da laster haurrek gozatu ahal izango dutena. “Filmaren aurrekontua osatzeko ezinbestekoa izan da EITBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzetan onartua izatea. Hala ere, diru horrekin ez zen nahikoa eta beste hainbat enpresa eta erakundek ere parte hartu dute. Eragile horiek hasieratik sinistu dute filmean eta euren laguntzarik gabe ezin izango genukeen aurrera egin”, aitortu zuen Berasategik.
Lur eta Amets izaten ari den oihartzuna nabarmendu zuen Olasagastik: “Ikusentzunezkoen munduan urte asko daramagunontzat harrigarria da ikustea, estreinatu aurretik pelikula hau zer nolako oihartzuna sortzen ari den hedabideetan eta alde guztietan”.
Filma datorren ostiralean, otsailaren 7an, estreinatuko da Hego Euskal Herrian familia guztien gozagarri, eta Iparraldeko zinemetan otsailaren 12tik aurrera. Gainera, estreinaldiaren aurretik pertsonaiak ezagutu nahi izanez gero, eskuragarri dago jada luretaametshistorian.eus webgunea.