Arnasa bizitzeko ekintza da, ezinbestekoa. Baita ere dinamikoa eta freskoa. Oasiak dira arnasguneak, euskaraz arnasa patxadaz hartzeko lekuak. Hizkuntza indartzeko euskararen arnasguneek duten garrantzia berebizikoa da, eta horretaz jakitun, euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzera dator Arnasa Gara ekimena. Proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzien-tziazioa indartzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz. Arnasguneek garrantzi handia hartu dute euskalgintzan azken urteetan, eta gune horiek euskararen indarberritzean egiten duten lanaz jabetzea da xedea.
Soziolinguistika gaietan aditu direnentzat gai ezaguna bada ere, arnasguneen kontzeptua eta berauen garrantzia arrotz samarra da herritar gehienentzat. Horregatik, hizkuntza indartzeko euskararen arnasguneek duten garrantziaz jakitun, Hiruko Ituna sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakundeak, eta arnasguneen garran-tzia azpimarratuko duen kanpaina bat abian jartzea erabaki zuten, UEMA, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.
Arnasa Gara ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta horretarako kanpaina bat abian jarriko da ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietako bat izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da euskal hiztun guztientzat, eta EiTBk zabalkunde horretan lagunduko du. Helburua izango da arnasguneen gaineko mezu hori gune horietan bizi ez diren herritarrei ere helaraztea. Bigarren fase honetan arnasguneak ezagutzera eman nahi dira eta euskaldun guztion aurrean aitortu egin nahi zaie daukaten garrantzia eta egiten duten ekarpena.
TELESAILA Kanpainarako propio sortutako produktua da Kartzela. Elkar ezagutzen ez duten sei pertsonaren istorioa kontatzen du, bertsolaritza txapelketa finalaren ostean BECen itxita geratzen diren unetik aurrera. Hiru Damatxo ekoiztetxeak sortu du eta zazpi atal izango ditu. Izaera eta jatorri desberdina duten sei lagun izango dira protagonista. Hain zuzen, arnasgune diren zenbait herritakoak dira protagonistak, ondorengo aktoreek hezurmamituko dituztenak: Iratxe Urkiaga, Sambou Diaby, Juanen Satalegi, Erika Olaizola, Amaiur Apher eta Ainhoa Etxebarria. Abenduaren erdialdetik aurrera serie digitala Euskal Herri osoarentzat ikusgai egongo da. Izan ere, helburuetako bat ere bada “arnasguneen gaineko mezu hori gune horietan bizi ez diren herritarrei ere helaraztea; hau da, arnasguneak ezagutzera ematea eta egiten duten ekarpena baloratzea”, antolatzaileen esanetan.
Arnasguneak eta udalerri euskaldunak zein diren adierazteko “ez dago marra zurrun bat”; UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eman du jakitera, oro har, euskararen ezagutza %80 ingurukoa dutenak sartzen direla multzo horretan. Hainbat ezaugarri dituzte arnasguneek: bizilagunen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da. Horrez gain, lurgune euskaldunean euskararen indize altuenak dituzten herriak biztanle gutxien dituztenak dira, oro har.
2018an abiatu zen Arnasa Gara kanpaina, Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta UEMAren ekimenez. Ikerketa kualitatibo labur bat egin zuten eta parte-hartze prozesuak izan ziren herriz herri. Prozesu horietan, gainera, hainbat ondoriotara iritsi ziren: arnasguneetan herritarrak euskaraz bizi daitezke naturaltasun osoz, baina herritar askok ez du baloratzen bere herriko hizkuntza-errealitatea eta, euskararen egoerari dagokionez, inguruko herrien errealitatea hobea dela uste dute. Badira beren herrietan euskararen erabileran gainbehera suma-tzen dutenak ere. Lan-eremuari dagokionez, gehienek kezka adierazi dute haien lantokietan gaztelerak duen presentzia altuagatik.
KONTZEPTUTIK TIRAKA Joshua Fishman soziolinguistak Reversing Language Shift (1991) liburuan hizkuntza baten biziraupenerako eta biziberritzerako breathing space edota arnasgune bat zein garrantzitsua den nabarmendu zuenetik, “hizkuntzen biziberritze-prozesuetan iparrorratz bihurtu da arnasguneak zaintzea”, antolatzaileen hitzetan. Euskal Herrian ere lan handia egin da ildo horretan. Ikerketa eta programa soziolinguistiko ugari izan dira azken 20 urteetan herri hauen egoera soziala ezagutzeko eta zaintzeko asmoz. “UEMA eta neurri batean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua ere, besteak beste, eragile garrantzitsuak izan dira arnasguneen ezagutzan sakontzeko orduan, eta egindako lanek arnasguneen egoeren bilakaeraren berri eman digute”, azaldu dute kanpainaren sustatzaileek.
UEMAk 86 udal biltzen ditu gaur egun, guztien artean 253.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatuz. Kontuan hartu behar dira, halaber, UEMAko kide ez diren gainon-tzeko arnasguneak, guztien artean osatzen baitute Euskal Herriko arnasguneen mapa.
Kanpainaren bidez, aditzera eman nahi da udalerri euskaldunak garatzeko arnasguneen izaerari eutsi behar zaiola, eta hori babesteko eta biziberritzeko bidean eragin nahi du aurkeztu berri duten egitasmoak. Giltzarri delako arnasguneetako herritarrak ahaldun-tzea eta arnasguneen estrategikotasunaz kontzientzia hartzea. Arnasa Gara kanpainak herri horien balioa nabarmendu nahi du, eta euskararen ongizatean duten garran-tzia azpimarratu nahi die herritarrei.
22 UDALERRI Non daude Euskal Herriko arnasguneak? 22 udalerritan egingo dira kanpainaren aurkezpen saioak, eta Kartzela serie digitalaren lehen bi kapituluak primizian ikusteko aukera izango da horietan. Ondorengoak dira: Araban, Aramaion; Behe Nafarroan, Baigorrin -konfirmatzeke-; Bizkaian, Ajangiz, Bermeo, Dima, Lekeitio, Markina-Xemein eta Zeanurin; Gipuzkoan, Abaltzisketa, Aduna, Aia, Altzo, Azpeitia, Itziar, Leintz-Gatzaga, Orexa, Urnieta eta Zerainen; Nafarroan, berriz, Etxarri Aranatz, Goizueta, Leitza eta Lesakan.
Aurkezpen ekitaldi guztien datak eta ekimenaren inguruko informazio zehatza Arnasa Gara-ren webgunean kontsultatu daiteke, arnasagara.eus helbidean. Esaterako, urriaren 25ean Ajangizen emango dute egitasmoaren berri. Urriaren 26an, berriz, Lesakan eta Itziarren.