GASTEIZ - Andre Maria Zuriaren plaza arte eszenatoki handi batean bihurtu da. Izan ere, azaroaren 6ra arte, Cristina Garcia Roderoren erakusketa ikus daiteke bertan. Erakusketa honen izenburua Ametsen lurraldea da eta bere obraren bitartez, Cristina García Roderok India ikustatzeko modu berezi bat eskaintzen du; mundu konplexu eta zatikatu bat, hain zuzen ere, irudiak arte bihurtuz.
La Caixak antolatutako erakusketa da, Vicente Ferrer Fundazioaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Bertan, 40 argazki ezberdin ikus daitezke Indiako Landa inguruaren berezitasun eta asimetriarekin. Erakusketa honekin, la Caixak artea pertsonei hurbildu nahi die, museoek eta erakusketa aretoek eskaintzen duten ohiko esparrutik kanpo.
“Ametsen Lurraldea lanak konplexurik gabe erakusten dizkigu Indiako landak; iragana eta orainaldia, naturala, naturaz gaindikoa eta fantasiazkoa nahasten diren agertokiak”, azaldu zuten antolatzaileek atzo erakusketa honen inaugurazioan. Felipe García, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia; Ruben Riaño, La Caixa instituzioko zuzendaria Euskadin; Xabier Orueta, Euskadiko Vicente Ferrer fundazioko delegatua; Sonia Sáez, Euskadiko La Caixa Fundazioko ordezkaria eta Josep Giralta, erakusketako aholkularia izan ziren bertan.
“Argazkien bitartez, erakusketak ahotsa eman nahi die Anantuperreko landa komunitateko emakumeei, eta bizi diren ingurunea eraldatzeko beraien gaitasuna azpimarratu nahi da”, azaldu zuen Josep Giraltak berrogei argazkiak kuadroetan plasmatuta erakusten zituen bitartean. Eta gehitu zuen: “Cristina García Roderok mundu horretan murgiltzen jakin du, beraien existentziaren gazi-gozoak kolorez eta dotoretasunez estaltzen dituztenen pozarekin eta sufrimenduarekin bat eginez”. Izan ere, erakusketak bi gaitan sakontzen du: batetik, emakumeen munduaren alderdi sentikor eta magikoa eta, bestetik, Anatanpur hiriko emakumeen indarra eta aurrera egiteko gaitasuna.
“berezia” “Nire ustez erakusketa hau ikaragarria da, oso polita eta berezia. Cristinak esan zigun bezala, argazkietan ateratzen den bakoitzaz maitemindu gara, istorio bereziak dituztelako. Berak, behintzat, horrela aitortu zigun”, adierazi zuen Giraltak.
Koadroek magia betetaz daude; adibidez, bertako argazki batean haur bat agertzen da; Naganamik, sei urteko haurrak, glaukoma kongenitoa du. Begi barruko ohiz kanpoko presioak nerbio optikoari kalte egin dio, eta garaiz tratatu ezean, betiko itsutzen du pertsona. Gaixotasuna ez da ohikoa eta haurra jaio eta hiru urtera bitartean agertu ohi da eta Naganamiren argazkietan bere begien min hau ikusi ahal da, baina beti irribarrez agertzen da. Beste argazki batean, esaterako, ume bati egiten dioten jaia ikus daiteke: “Hilekoa izan duenez, bere etxean jai bat ospatzen diote laster ezkondu ahal izango delako. Zein bitxia ezta? Oraindik ume bat baino ez da, baina hilekoa izan duenez, ezkondu ahalko dute”, azaldu zuen erakusketako aholkulariak.
Argazkietaz gozatzeko eta beraien historia ondo ulertzeko, bisita gidatuen laguntza egongo da erakusketan. Bisita gidatu hauek ikusle guztientzat izango dira eta asteburuetan baino ez dira emango, ordutegia ondorengo hau izanik: larunbatetan, 18:00etan euskaraz eta igandeetan 12:00etan gaztelaniaz, guztiak ere aurretiazko hitzordurik gabe.