Aurreko kurtsoaren amaiera aldera, orrialde hauetan bertan (Ortzadar, 2018-IV-7), zientzia-fikzioak azpigenero literario bezala bizitzen ari den egoerari buruzko zertzelada batzuk ematen saiatu nintzen. Zenbait kontu azpimarra-tzen nituen: nola, alde batetik, beste euskarriek (komikiek, zinemak, telesailek, bideo-jokoek?) gero eta leku gehiago irabazi duten zientzia-fikzioaren kontsumoan, garai batean nagusi zen paper-letrazkoaren kontura. Nola, bestetik, kapitalismoaren azelerazioaren ondorioz, zientzia-fikzioak gero eta gehiago etorkizun hurbilean kokatutako techno-thriller-erako edota narrazio distopikoetarako joera hartu duen. Eta nola, azkenik, literatura mainstream-ak, “orokorrak”, neurri batean, bere gain hartu duen zientzia-fikzioa tresna literario duin gisa, garai batean zeukan azpiliteratura estigmatik urrunduz. Mugimendu agian kontraesankorrak, baina ziurrenik elkarren artean lotuta, fandom literario “gogorraren” nolabaiteko zokoratzea iraunarazi dutenak.
Uda honetan 2017-18 ikasturteko euskal produkzioarekin pixka bat egunera jartzeko aukera izan dut eta, hara non, zientzia-fikziozko nobela birekin egin dudan topo, aurreko joerak, neurri batean, baieztatzen dituztenak: Asel Luzarragaren Bioklik (Elkar) eta Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua (Alberdania). Biak daude etorkizun hurbil samarreko Euskal Herri batean kokatuta, biek aurkezten dituzte zantzu distopikoetako gizarte oso teknifikatu eta hiperkonekatuak, bietan iradokitzen zaigu “egungo” egoerara eraman duen iraganaren ezabatze-ahalegin bat, eta, kurioski, bietan desagertu da Internet, antzeko funtzioak bete-tzen dituen sare “irendu” batek ordezkatu duena.
Indar handiko eszenak daude bi lanotan, bikain lortuak. Darcelesenean ordenagailu programa batek zuzendutako pisu baten inaugurazio-party batena iruditu zait bereziki gogoangarria -eta artegagarria-; Luzarragarenean asko gozatu dut sare sozialen ordezko telebista interaktibo modukoaren bitartez burututako epaiketa publikoen eszenekin, Gaztea irrati katetik zuzenean aterata diruditen esatari histrioniko batek gidatuta.
Dena dela, ezin esan lanok ase nautenik, ez irudimen antizipatzailearen hedapenaren aldetik, ezta literarioki ere. Besteak beste, haien ereduak, nahiko argiki, klasikoegiak direlako: 1984 eta Hau mundu berria, batez ere. Eta hori ez da berez txarra, baina, onartu behar da, abiapuntu estu samarra suerta daiteke, batez ere konbinatzen denean thriller ez bereziki ondo taxutu batekin -Bioklik-en kasuan-, edo argumentuaren garapen ahul eta osatugabe batekin -Bihotzean daramagun mundua-renean-.
Ez dut sumatu, gainera, Philip K. Dick, J.G. Ballard, Richard K. Morgan, William Gibson, Octavia E. Butler, Jeff Noon edo Paolo Bacigalupi bezalako egileek, besteak beste, abiatutako bide distopikoen oihartzunik nobelotan, eta pena da, helduleku ederrak eskaintzen dituztelako mundu berezien sorrerarako, aipatu klasiko-ohikoetatik harago. Baina agian hori da espero daitekeena, idatzizko zientzia-fikzioa, itxura batean, atzera egiten ari den testuinguru batean?
Edonola ere, ongi etorria eman behar zaie lan hauei, euskal zien-tzia-fikzio literarioaren apalategi beti laburra luzatzen laguntzen duten neurrian. Ea gehiago etor-tzen diren, laster.