Bilboko Udalak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 42. ediziora lanak aurkezteko epea ireki du asteazken honetan, eta martxoaren 30era arte egongo da zabalik. Ohi bezala, euskaraz eta gaztelaniaz aurkez daitezke lanak, eta kategoria bakoitzak 3.500 euro sari bat eta 1.750 euroko bi accesit banatuko ditu, ondoren eleberria argitaratzeaz gain.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, lehiaketa bi helburu nagusi ditu: alde batetik, literatur sorkuntza sustatu nahi da, eta, bestetik, euskarazko egile garrantzitsuenetakoa den Gabriel Arestiren bizitza eta lana ezagutarazten lagundu.

Lehiaketa edozein nazionalitatetako 18 urtetik gorako idazleentzat zabalik dago eta egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du hizkuntza modalitate bakoitzean. Ez da aukeratutako hizkuntzaz besteko itzulpenik onartuko, eta lanak originalak eta aurretik saritu gabeak izan beharko dira. Gaia librea da, eta lanak 15 orrialde izango ditu gehienez (Times New Roman edo baliokidea, 12. gorputza).

Formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira www.bilbao.eus/arestilehiaketa eta www.bilbao.eus/concursoaresti web orrietan, eta lehiaketaren oinarriei buruzko informazio guztia ere kontsultatu ahal izango da haietan. Aurrekoetan bezala, literaturaren munduko pertsona ospetsuek osatutako bere epaimahaia izango du modalitate bakoitzak.

Iazko deialdian, Amagoia Muxika Telleriak irabazi zuen euskarazko kategorian, 'Azazkalak' lanarekin, eta Cesar Anguianok gaztelaniazkoan, 'Nuevo camino hacia el mar' kontakizunarekin; euskarazko accesitak Oskar Azkona Garciarentzat ('Trail running') eta Maitane Perez Argoterentzat ('Lurrikarak') izan ziren, eta gaztelaniazkoak Alisa Leinentzat ('Bahía de los ángeles') eta Veronica Aviles Calderonentzat ('Kintsugi').