BILBO. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dauden 14 hizkuntza eskola ofizialek aste honetan zehar irekiko dituzte ateak, eta 33.297 plaza eskainiko dituzte. Zortzi hizkuntza ikasteko aukera eskainiko dute: euskara, ingelesa, frantsesa, alemana, gaztelania, italiera, portugesa eta errusiera.

Hizkuntza eskola ofizialetan ikasturtea hastearekin bat, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofizialera bisita egin du ostegun honetan, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria lagun zuela. Bertako instalazioak ezagutu ondoren, eskolako irakasleekin klaustroan elkartu da Uriarte.

Gero eta gizarte globalizatuagoan Hezkuntza Sailak hizkuntzak ikasteari ematen dion garrantzia nabarmendu du sailburuak: "hizkuntza eskola ofizialek hainbat hizkuntza ikasi eta ezagutza hori egiaztatzeko aukera ematen digute. Honek berekin duen aberastasun pertsonalaz gain, prestakuntza hobetu eta lan aukerak ere ugaritzen ditu, eta nola ez, baita lan eskaintzekin loturiko mugikortasun aukerak areagotu ere".

Hezkuntza sailburuaren aburuz, "hizkuntza eskola ofizialetan urtero ikasten duten milaka pertsonak dira horren bermerik onena. Ikasleen formakuntzarekin konprometitutako irakasleak ditugu, hizkuntzek gaur egun zein garrantzia duten ondo ezagutzen duten profesionalak. Gure helburua da,hizkuntza bat ikasi nahi duenari bide hori erraztea".

Hezkuntza Sailak 33.297 plaza eskainiko ditu 2018-2019 ikasturtean Euskadiko 14 hizkuntza eskola ofizialetan, zortzi hizkuntza ikasteko aukera eskainiz: euskara, ingelesa, frantsesa, alemana, gaztelania, italiera, portugesa eta errusiera. 329 irakasle arduratuko dira hizkuntzak irakasteaz.

ELKARRIZKETA LAGUNTZAILEAK

Irakasleekin batera, elkarrizketa laguntzaileak izango dira lanean aurten ere. Elkarrizketa laguntzaileek irakasleei laguntzen diete eskoletan, eta haien berariazko eginkizunek ikasleen ahozko trebetasunak indartzea dute xede. Atzerritik etorririk, elkarrizketa laguntzailea graduatu berria edo azken ikasturteko unibertsitate ikaslea izan ohi da bere jatorrizko herrialdean. Aurten, Euskadira aurki iritsiko diren 36 laguntzailek egingo dute lan hizkuntza eskola ofizialetan.

Joan den ikasturtean 26.896 ikasle aritu ziren EAEko hizkuntza eskola ofizialetako ikasgeletan, eta beste 10.335ek matrikula librearen aldeko hautua egin zuten, zortzi hizkuntza horietako batean mailaren bat egiaztatu ahal izateko.

Hizkuntza eskola ofizialek argitaratu dituzte dagoeneko ikasle onartu eta ez onartuen zerrendak, plazen esleipenerako lehen fasea gainditurik. Dena den, lehen fasean plazarik eskuratu ez duten eskatzaileak automatikoki pasatuko dira bigarren fasera, eskaera berririk egin beharrik gabe, eta horrela, lehen fasean bete gabe geratu diren plazak eskuratzeko aukera berria izango dute.

Uriartek bisitatu duen Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofizialari dagokionez, hamar irakasle ditu. Joan den ikasturtean 600 ikasle inguru matrikulatu ziren bertan, eta beste 281 ikasle matrikula librean. Ingelesa, frantsesa eta euskara ikasteko aukera eskaintzen die Busturialdeko, Mungiako eta Bakioko biztanleei, C1 mailaraino hiru hizkuntzetan.