Izen berri bat idatzi da euskal taldeen izendegian, EraBatera, Gatibu taldeko bateria-jo-tzaile Gaizka Salazarrek bultzatutako proiektua. Gatibuko kide Mikel Caballero baxu-jotzaileak, Ken 7 taldeko Beñat Serna gitarra-jotzaileak eta Willis Drummondeko abeslari Jurgi Equizak osatzen dute laukotea.
Duela bi urte inguru hasi zen Salazar bere kantu propioak konposa-tzen. Barruan zituenak ateratzeko inoiz sentitu gabeko beharra sentitu zuen. Hala, buruan zituen ideiei forma ematen hasi eta pixkanaka kantuak maketatzen joan zen. “Dena konposatu dut neuk: bateriak, gitarrak, melodiak... baina, egia esateko, ez naiz trebea gauza horietan guztietan. Konposatzeko adina bai, baina, behin kantuak forma hartzen hasi zirenean eta horiek grabatzeko momentua zela ikustean, talde bat osa-tzeko pausoa eman nuen”.
Salazarrek zituen ideiak denen artean osatu eta biribildu dituzte; eta horretan beretik onena eman du bakoitzak: “Beñatekin egin dut lan gehien. Nik gitarra jotzen badakit konposatzeko adina, baina ez gehiago, eta Beñatek, izugarrizko abilezia izateaz gain, gustu handia ere badauka. Kantuak janzteko ezinbestekoa izan da; %100ean asmatu nuen berarengana jota”, onartu du Salazarrek. Gatibun taldekide duen Mikel Caballerok “ziurtasuna” eman dio batez ere: “Urte asko daramagu elkarrekin jotzen eta baxu-bateria oinarrirako gauzak oso argi ditu berak. Zer esan? Ondo sentitzen naiz beti Mikelekin”.
Ahotsa bilatzerako orduan, argi zeukan Salazarrek ahots berezi bat behar zuela, abestien tesituretara eta beharretara ondo moldatuko zen norbait. Jurgi Ekiza izan zen eran-tzuna. “Jurgirekin kolore berezia hartu dute kantuek. Erregistro piloa dituen abeslaria da, grabeak zein agudoak dituena, orain goxo kantatzen dizuna baina indarra behar denean ere atera dezakeena, eta espresibitate handia ere badu. Guztiz bat zetorren bilatzen nuenarekin”.
Esan izan diote Salazarri euskal Audioslave-a sortu ote duen, super-talde itxura eman baitzezakeen EraBatera taldeak ere. Baina, berak ez du, inondik ere, hala bizi: “Ez dut talde hau super-talde bat bezala senti-tzen; sentitzen dudana da ideia ba-tzuk nituela eta lagunak batu zaizkidala, ideia horiei babesa emateko”.
barrura begira Salazarrek barruan zituenak kanporatzeko beharrari eran-tzuten dio proiektu honek, eta musikan bezala, letretan ere nabari da hori. Iker Olabarrieta lagun eta bertsolariak idatzi dizkion bi letra izan ezik, diskoko gainerako zazpi kantuen hitzak berak idatziak dira. “Batez ere barrura begira egindako diskoa da, barruan nituen minak kanalizatzeko bide bat behar nuen eta kantek eman didate bide hori. Azkenean, bada modu bat esateko nola sentitzen naizen orain eta hemen, Euskal Herrian”. Bikote erlazioak, errefuxiatuen egoerak barruan eragiten diona edo duela gutxi zendu zitzaion aitari idatzi dio, besteak beste, Salazarrek: “Ariketa terapeutikoa izan da azkenerako. Behar bat senti-tzen nuen eta, egia esan, konposatzeko beharra eta grina ez zaizkit desagertu, hor jarraitzen dute”.
Lorentzo Records eta Muxikon estudioetan grabazioak amaitu ondoren, nahasketa fasean dago orain diskoa. Baina, EraBaterak zabaldu du dagoeneko aurrerapen singlea, Antipodetan izenekoa; pop melodia gozoz eta soinu zabaleko estribilloz, entzulea hortzak zorrozturik uzteko moduko abestia da. Aire horretako beste pare bat abesti egongo direla aurreratu du Salazarrek eta rockak ere izango duela bere lekua. Gainera, taldea osatzen duten lau instrumentu nagusiez gain, beste soinu eta tresna batzuk ere erabili nahi izan ditu. Hala, haize sekzio bat eta sokazko instrumentuak erabili ditu, bai eta piano, hammond eta sekuentziak ere, hainbat lagunen kolaborazioarekin. “Ez nuen gitarra-baxu-bateria-ahotsa laukotearen soinua bakarrik nahi, inguruko mundu musikala integratzeko gogoa neukan”.
zuzenekoak Ondo bidean, irailean ikusiko du argia diskoak, eta lau musikari handi hauen proposamena zuzenean entzuteko ere izango da aukerarik. Azaroan hiru aurkezpen kontzertu eskainiko dituzte: hilaren 8an Bilboko Kafe Antzokian izango dira; biharamunean, hilaren 9an, Donostiako Dokan; eta azaroaren 16an, berriz, Gasteizko Jimmy Jazzen. Sarrerak salgai daude dagoeneko erabatera.eus webgunean.