Krisian dagoen aktore baten egunerokoa da Zauri Bolodia (Txalaparta), Oier Guillan aktore, idazle eta kazetariaren azken eleberria. Zauri Bolodia Guillanen alter egoa da, hain zuzen. Idealista porrokatua, underground mugimenduan hasi eta apurka-apurka profesionalizatzen joan da; bide horretan nekea, desengainua, prekarietatearen zama eta, azkenik, bere burua berrasmatu beharra etorriko zaizkio. Bidaia literario horretan, egilearen alter egoak gogoeta egiten du kulturaz, amateurismoaz eta profesionaltasunaz, hizkuntzaz eta politikaz, gutik nira doan bidaiaz, generoaz eta sorkuntza prozesuaz, besteak beste.
Zauri Bolodia lehengo pertsonan idatzita dago, eguneroko baten moduan. Madame Slipek Zauri Bolodiaren egunerokoa jasotzen du. Liburuaren hitzaurrean “azken idealista” gisa definitzen du pertsonaia. “Zauri Bolodia oso idealista da hasieran -dio Guillanek-, utopia hitza errepikatzen du behin eta berriz, kultur erreferentzia berrien bila dabil... Ondoren etorriko zaizkio oztopoak”.
EGUNEROKOA Pertsonaiak bere azken urteetako gogoetak konta-tzen ditu liburuan: 2006an abia-tzen da egunerokoa, eta gaur egun bukatu. Guillanek 2006an abiatu du kontaketa, hain zuzen, garai horretan bere sormen kolektiboa trantsizioan zegoelako. “Urteetan Mikelazulo elkartea laborategi erraldoia izan zen, hainbat sormen lan jarri genituen martxan, modu librean aritu ginen. Urte hartan erabakiak hartzen hasi ginen, aldaketak egiten eta lehenengo porrotak ere bizi izan genituen. Orduan hasi zen zerbait mugitzen” kontatu du Guillanek. Mr Señora (Txalaparta, 2016) bere aurreko liburuko testuak ere garai berekoak dira; “Orduan hasi nintzen antzerkia idazten. Gainera, urte haietan ikusi genituen sorkuntzek asko markatu gintuzten; mugimendu asko izan zuen garaia izan zen”.
Bi testu mota aurkituko ditu irakurleak Zauri Bolodia liburuan. Batetik, egunerokoetan 2006tik hona Guillanek idatzitako gogoetak daude. Kaieretan idatzitako hautaketa egin du libururako eta ondoren sortu zen Zauri Bolodia pertsonaia. 2006tik sortutako “barne gatazka eta ikasbidea islatu” nahi izan du egileak, baina era berean “Oier ez dago bertan”, argitu du. Hala, distantzia hartu du eta errazago egin zaio “dena Zauri Bolodiaren ahotan jartzea”.
HIRU PLANO Krisian dagoen aktorea da Zauri Bolodia, idealista bat da. Idazlearen alter egoa, baina fikzionatua izan dena. Hala, guztia ez baita autobiografikoa lan honetan. Errealitatearekin distantzia jarri du idazketan Guillanek, eta horrek jolasteko aukera eman dio egileari: “Dena ez da autobiografikoa, baina horrekin jolas egin dut, gure antzezlanetan egiten dugun bezalaxe”. Guillanen esanetan, “liburuak pertsonaiaz, pertsonaz eta aktoreaz dihardu. Pertsonaiaren azpian dagoen pertsonaz”, eta horren inguruko gogoeta asko irakur ditzakegu liburuan.
“Antzerkilariok sarritan gure burua hiru ataletan banatzen dugu”, azaldu du Guillanek: “pertsonaia, aktorea eta pertsona. Aurreko lanean Mr. Sen?ora pertsonaia zen nolabait, Zauri Bolodia, berriz, pertsona da; nahiz eta batzuetan ez dauden mugak argi. Baina hiru planoak banatzea “ezinbesteko” ikusten du Guillanek: pertsonaiaren mundua, aktorearena publikoki agertzen den heinean (hori ere pertsonaia bilakatzen delarik), eta, hortaz, pertsona babestea”.
Guillanek gogora ekarri du garai baten hiru plano horiek nahasten zituela. “Baina horrek zauriak uzten dizkizu”, onartu du. “Lanak zabaltzen eta antzokietara salto egiten zoazenean zure burua babesteko beharra duzu”. Bere azken lanak banan-banan aipatuz, horrela definitu ditu: Mr Señora “pertsonaiaren mundua” litzateke; Zauri Bolodia-k pertsonaren inguruan dihardu eta Miss karaoke antzezlana, “nahiz eta liburu formatua ez dagoen”, aktorearen mundua litzateke.
Liburuan galdera asko aurkituko ditu irakurleak. Eta baita mina ere. Idazlea masajista paperean jarri da, mina eragin, gero min hori ken-tzeko. Beraz, “min liberatzailea” izan da liburuaren idazketa. Izan ere, minaren inguruan modu aska-tzailean idatzi du Guillanek. Horrez gain, testu motari dagokionez, liburuan tonu narratiboa, poetikoa eta gogoetarako tarteak eskaintzen dituena topatuko ditu irakurleak.
Denboraren joana da beste hari narratiboetako bat. Izan ere, Zauri Bolodiak ispiluaren aurrean begiratzen dio bere buruari, etengabe. Irakurleak sumatzen du nola bilakatzen den, ile urdinak nola ugari-tzen hasten zaizkion. Ispiluaren metaforarekin haria sortu du Guillanek, hori islatzeko. Azkenik, gorputzaren garrantzia azpimarratu du Guillanek. Izan ere, bere antzerkian bezala, gorputza garrantzitsua da bere idazkeran: “idazketa gorputzetik ateratzen da, eta ez burutik. Gorputzean sortzen dira zauriak”.