BILBO. Berri Txarrak taldeak Infra Tour 2018 biraren berri eman du Internet bidez astearte honetan, eta horrela, urtarrilaren 26an hasita, Asia, Australia eta Europan zehar ibiliko da, "Infrasoinuak" disko berria aurkezteko biran murgilduta.

Hain zuzen, birako lehen kontzertua Koreako Busan hirian izango da, urtarrilaren 26an, eta, Txina, Thailandia, Australia, Indonesia, Katalunia, Euskal Herria, Espainia, Irlanda eta Ingalaterratik igaro ondoren, Edinburgon bukatuko da, Eskozian, maiatzaren 20an.

Urteko lehen erdian burutuko den birak geraleku bat izango du Euskal Herrian, eta Lekunberriko hirukoteak Barakaldoko BECeko Bizkaia Aretoan joko du martxoaren 17an. Kontzertu horretarako sarrerak dagoeneko salgai daude.

Berri Txarrak taldeak joan den azaroan kaleratu zuen "Infrasoinuak" izenburuko disko berria. Hamar abestiz osaturiko lana AEBetan grabatu du hirukote nafarrak eta ekoizleak Bill Stevenson eta Jason Livermore izan dira.