- Igande gauean, lehen irakurketa egitean saioaren ondoren, batez ere nekatuta zeundela esan zenuen. Ordu batzuk pasata, perspektiba pixka batekin ikusten dituzu finala eta txapela?

-Esan didate ilun samar egon ote nintzen igande gauean. Tentsioa neukan, nekea, alanbrearen bukaerara iritsi izanaren satisfakzioa eta lasaitasuna... Baina gaur bai (atzogatik), gaur pozik nago. Oso gustura eta pozik.

Osatutako saioa aztertzeko aukerarik izan duzu?

-Ez gehiegi. Beti jendearekin komentatzen duzu eta haiek esaten dizute gehiago nola ikusi zaituzten. Askotan norberaren perspektiba eta en-tzulearena desberdinak dira, eta tenperatura hartzeko ona izaten da jendearekin kontrastatzea. Horretan bai, jardun dut, baina nik pentsatzeko ez dut izan denborarik.

Bereziki zure bakarkakoak txalotu zituen publikoak eta puntu gehien ere hor lortu zenituen.

-Ez ditut puntuak begiratu, baina badakit jendearen pertzepzioan bakarkakoak izan zirela potenteenak. Baina nire pozaren zati bat ere bada bakarkakoak bakarrik ez nituela egin ondo. Nik uste dut bertsoaren funtsa bakarkakoa eta ofizioak direla, dena, eta bakarkakoekin gustura geratu nintzen baina ofizioekin ere bai. Ez denekin, baina hasierako zortziko handiarekin eta txikiarekin bai. Lasaitasuna daukat osotasun hori lortu nuelako.

Saio osoa egin zenuela uste duzu?

-Bai, sentsazioa da borobil samarra atera zitzaidala. Gustura geratu naiz horregatik.

Hiru bakarkakoetan emakumeak izan ziren protagonista: etxera itzultzen den alaba, ama eta prostituta.

-Erlatiboki ados nago, baina ez erabat. Emakumeak ziren hirurak nire ahotik ari zirelako eta ni emakumezkoa naizelako. Baina drogarengatik ihes egin duen eta etxera bueltatzen den alabaren pertsonaian hori ez zen gaia, beste batek kantatu izan balu mutila izan zitekeen. Egia da jendeak ez lukeela horretan pentsatuko neutroa izango litzatekeelako eta gaiari erreparatuko zion. Amaren pertsonaiaren kasuan gaiak berak ematen zuen, ez nuen nik hautatu. Eta azkena, prostitutarena, bai, hori nik hautatu nuen. Gizonezkoen iruditeria oro har askoz ere errepresentatuago dago bertso munduan eta toki guztietan eta nik enpatia eta hurbiltasuna sentitzen dut beste gai horiengatik. Saiatzen naiz, askotan ez kontzienteki, eta egia da emakumezkoen rol, paper, pertsonaiak ateratzea interesatzen zaidala. Nire mundua da.

Prostitutaren pertsonaia aurrez pentsatuta zeneukan?

-Ezin duzu aurrez pentsatu, gero ez dakizulako nondik sartuko zaizun gaia. Buruan presente dauzkazu kezkatzen zaituzten gaiak, bakoi-tzak bereak, eta garaiaren arabera ere aldatzen dira. Orain presente egon da prostituzio sare baten albistea komunikabideetan. Zure munduaren ikuskeraren eta zure ideologiaren abaniko bat daukazu eta gai bat jartzean horietako tekla bat uki-tzen dizute. Hortik tiratzen diozu.

Zuk saio borobila egin zenuela uste duzula esan duzu. Beste bertsolariak nola ikusi zenituen? Finalaren maila ona izan al zen?

-Ez nuen entzun zehaztasun handiz besteena, azkenean, zure munduan zaudelako. Baina saio ona zihoala sumatzen nuen jendea lehertzen zelako: saio bat eta lehertu, beste bat eta baita ere... Sentitzen nuen denak ari ginela zerbait uzten, denok bota-tzen genuela perlaren bat edo dardoren bat jendea berotzen zuena. Gure perspektiba ez da oso fidagarria, baina jendeak saio ona izan zela esan du.

Saioaren bukaera aldera buruz burukora iritsiko zinela espero al zenuen?

-Gustura nengoen egindakoarekin eta izan nintekeela uste nuen. Lagunek ere esan zidaten ez erlajatzeko, segitu beharko nuela.

Eta ondoan Aitor Mendiluze izatea?

-Hori ez dakizu ondo neurtzen, Aitor oso ondo ikusten nuen. Eta Sustrai, Amets, Sarriegi... Denak ondo momentuka. Baina poz handia izan zen Aitor sartzea.

Lizasok jarri zizun txapela. Hori izan al zen eguneko unerik hunkigarriena?

-Bukaeran hunkigarria izan zen dena. Tentsioa jaitsi eta horrek oso hauskor egiten zaitu, emozioa ematen dizu. Sebastian etorri izana... Sebastianen txapela da azkenean, zure lehen eredu izandakoa da, orain bertsokide, lagun, eta bertso munduan ikur handietako bat. Berak txapela jartzea ohore bat da, ederra.

Lan asko egin duzula esan duzu txapelketa prestatzen. 2009an txapela lortuta eta 2013an bigarren geratuta, bigarren txapel hau lor-tzea erronka berezia al zen?

-Atzo bertan lan handia egin behar izan genuen. Eta txapelketarako ere egin dut, motibatzeko arrazoia izan da: lan egiten duzu txapelketarako, horren aitzakian, baina lan hori gerorako ere bada, bertsoetarako eta denerako. Nire motibazioa nire jarduna hobetzea zen, ñabardurak aldatu eta hobetzea.

Txapelketak bertsolariak hobe-tzen ditu?

-Bai, horretarako egiten duzun lanak asko ematen dizu. Gainera, txapelketari begira zure bertsokeraren analisia ere egiten duzu eta hori ondo etortzen da: zertan nabil pentsatzea, zer egin nahi dut...

Hobea al da egungo Maialen duela lau urtekoa baino?

-Nik uste dut baietz, gehiago gusta-tzen zait eta interesatzen zait orain naizena duela lau urte nintzena baino. Zorionez! Aldaketak ñabardurak dira, baina duela lau urtekoari orain buelta bat gehiago emango nioke. Momentu desberdinetan iristen zara txapelketetara, bitalki eta bertso ibilbideari dagokionez ere bai: lau urte ez dira alperrik pasatzen. Bila jarrai-tzen baduzu eta konforme ez bazaude, seinale ona.

Belaunaldi berekoak zarete atzo finalean egondako gehienak eta horietako batzuk, Elortzak eta Sarriegik, igandean esan zuten azken txapelketa izango zela. Zuk ere, zure agurrean, gerokoei eskaini zenien txapela. Txapelketetan belaunaldi berriei lekua egin behar zaiela uste duzu? Zu ere txapelketak uztea pentsatzen ari zara?

-Ez da momentua hori esateko. Igorren eta Aitorren irakurketarekin asko enpatizatzen dut. Sei txapelketa daramatzagu eta nekea hor dago. Txapelketa oso exigentea da emozionalki, presio handia dago, edo guk jartzen diogu gure buruari. Niri ere gogorra egin zait aurtengo udazkena. Gero oso ederra izan da bukaera eta emaitza, baina neke hori ulertzen dut.

Belaunaldi berriek lekua behar dute finalean?

-Finala lau urtean behingo erretrato bat da, baina gero panorama askoz ere anitzagoa da, zorionez, kolore gehiago dago, jende gehiago, txapelketan parte hartzen ez dutenak ere. Berez emango den zerbait izango da, plazetan eman delako jada. Ez dela aurten inor iritsi? Ni ez nau bereziki kezkatzen. Jakina iritsiko direla eta bat baino gehiago. Denborak, denbora gutxik, ekarriko du azken irudi hori aldatzea, finalekoa. Horregatik eskaini nahi izan nien txapela, azpitik lurra iraultzen ari direlako eta zer ikasi handia ematen digutelako. Iraultza horretan azala ere irauliko da laster. Eta nahastuko gara, plazan nahastuta gauden bezala.

Zer ematen du txapelak?

-Bertsolaritzaren irudi sinbolikoa da. Bertsolaritzaren aurpegi errepresentatibotako bat bihurtzen zara. Ardura sinbolikoa da mugimendu handi horren iruditako bat izatea. Ohore handi bat eta luxu bat da jende talde honen irudi izatea, antolakuntzakoak, elkartekoak, bertsolariak...

Eta zuk txapelari zer eskainiko diozu?

-Bertsotan segitzea, ahal badut egiten dudanarekin konformatu gabe; erne segitzea, inguruari adi, inguruari kantatzen, gure ale txikia eskaintzen bertsogintzari eta horren bidez euskarari, kulturari eta herriari. Pretentsio handirik gabe, edo pretentsio handiarekin, baina gure neurri txikiaren jakitun. Eta hori dena gozatzen, jendea dibertituz, baita festan ere.