Arretaz entzuteko diskoa”. Horrela aurkezten du Libe Garcia de Cortazarrek Ilargia erori da bere lan berria. Bere bakarkako bigarren disko honetan, barneko nahi eta desioak askatu ditu bilbotarrak. “Barruan daukadana ateratzeko modu eder eta terapeutikoa izan da. Musika lasaia da baina, aldi berean, indartsu eta energetikoa”, ziurtatu du abeslariak. Orotara, sei abestik osatzen dute lan berria, eta guztietan “mezu argiak” topatuko ditu en-tzuleak. “Mimo eta maitasun handiz egindako lana da. Xehetasun ugari dute abestiek, hitzak ere oso landuak daude, mezu zehatzarekin”.
Ilargia erori da diskoan eskarmentu handiko musikariek egin dute bat. Horrela, Dani Arrizabalagak bateria jotzen du; Fede Eguiluzek baxua; Jon Basagurenek gitarra, teklatua eta ahotsen ardura dauka; eta Txus Villalabeitiak gitarra eta ahotsak egiten ditu. “Oso pozik nago haiekin lan egiteko aukera izateagatik. Musikari onak dira baina, batez ere, lagun bikainak”, aitortu du Garcia de Cortazarrek. Izan ere, denen artean entendimendu handia dagoela azpimarratu du abeslariak. “Gauza bera bilatzen dugu musika egiterakoan”.
PUNTU HELDUAGOA
Ihesaldi handia bere bakarkako proiektuaren lehenengo lanarekin alde nabarmena dagoela ziurtatu du abeslari bilbotarrak, bai musikan, bai hitzetan. “Urteak pasa ahala, gero eta zorrotzagoak gara lan egiterakoan; gehiago eskatzen diogu gure buruari”, kontatu du. Hortaz, edozein doinu onartu baino lehen, proba asko egiten dituela aitortu du Libek. “Aurreko diskoarekin parekatuta, antzekotasunen bat egon badago, pertsona berberak garelako, baina disko honek puntu helduago bat dauka”, gehitu du.
Esperientzia gehiago izateak sorkuntza prozesuan ere izan du eragina. Disko berriaren hasierako ideia abeslariak aurkeztu zuen taldean eta, ostean, denen artean eman zioten forma. “Talde-lana oso garrantzitsua da, guztion artean janzten baititugu abestiak, ondo hausnartutako konponketekin”. Prozesua batzuetan gogorra dela uste badu ere, Garcia de Cortazarrek asebetegarri-tzat jotzen du sorkuntza bidea bere osotasunean. “Hasierako prozesua da disko batean momentu inportanteena”, uste du.
Hitzak, berriz, Jon Basagurenekin batera landu ditu. “Hitzen bila ari ginela konturatu ginen ilargia edo espazioa bezalakoak askotan ager-tzen zirela, metafora gisa, eta diskoari nolabaiteko borobiltasuna emango ziola pentsatu genuen”. Hala, diskoaren diseinurako ere ildo beretik jo dute. Dena den, abestien hi-tzak metaforikoak direla azpimarratu nahi du abeslariak: “norberak eman behar die esanahia hitzei”.
Ilargia erori da diskoa Bonberenea Ekintzak-eko Karlos Osinagak ekoiztu du, aurreko lana bezala. “Argi geneukan hala egitea, Bonberenearekiko harreman oso estua izan baitugu beti”, nabarmendu du abeslariak. Estudioko lanaren ostean, disko berria jada entzungai dago sarean eta euskarri fisikoan salgai izango da hilaren 25etik aurrera. “Momentu inportantea da”, dio abeslariak. “Denbora eta ahalegin handia eskaini diogu disko honi”. Garcia de Cortazar irrikaz dago entzuleek kantu berriei zer nolako harrera egiten dioten jakiteko. Hala ere, helburua taldekideek egindako lanarekin gustura egotea dela dio. “Lehenengo helburua gu pozik eta asebeteta gera-tzea da, eta hori, dagoeneko, lortu dugu”, ziurtatu du.
MUSIKARI EMANA
Bilbon jaioa bada ere (1981), txikitatik Gasteizen bizi izan da Libe Garcia de Cortazar. Musikarekin lotura betidanikoa dauka; zazpi urterekin pianoa jo-tzen hasi zenetik, musika bere bizi-tzaren parte dela sentitu izan du beti. “Lokalean musika egitea, kantu bat zerotik sortzea, grabatzea eta zuzenean eskaintzea zirraragarria da, zer esanik ez abesti batek jendearekin konektatzea lortzen badu”, dio.
Hilaren 28an eskainiko du taldeak bere lehen kontzertua Tolosako Bonberenean; Elorrioko gaztetxean izango dira urriaren 29an; Gasteizko Jimmy Jazz aretoan 31n; eta Arrasateko gaztetxean azaroaren 2an. Ahotsenean ere izango dira, Durangoko Azokaren baitan.