iruñea - Miel A. Elustondo idazle azpeitiarrak, Baztanen antolatzen den (H)ilbeltza Euskal Herriko eleberri beltzaren astearen eskutik sortutako beka irabazi du. Ortzegunean, Elizondoko udalean eskainitako aurkezpenean iragarri zuten irabazlearen izena bekaren antolatzaileek, hau da, (H)ilbeltza ekimeneko kideek, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak.

Kataluniako erreferendumaren aldeko kamiseta jantzita, idazleak eskerrak eman zituen, hasteko, (H)ilbeltza ekimenari berari: “Aste hori gabe ez zen (H)ilbeltza bekarik izanen. Duda bihirik gabe, (H)ilbeltza astea gabe ez zen Zaldi Ero halako estutasun gozoan izanen”. Azpeitiarrak esan zuenez, poza sentitu zuen beka eskuratu zuela jakin zuenean: “eskribitzeko aukera derrigorra izanen dudalako. Obligazioa”.

Amagoia Iban bekaren epaimahaikideak oroitarazi zuen Elustondok Igela argitaletxeak argitaratu dituen Jim Thompson idazlearen hiru eleberri beltz itzuli dituela (Litxarreroak, Amorruaren ume eta Hiltzailea nire baitan) eta bekara aurkeztutako proiektuan “hilik dagoen narratzaile orojakile batek kontakizunaren zama eramango duela” nabarmendu zuen. Bestalde, aurkeztutako laginean Bill Douglass antropologo estatubatuarraren seme batek bere aitak aspaldi Euskal Herrira egindako bidaiaren ibilbidea berritzera datorrela ere aipatu zuen Ibanek.

Mikel Soto Txalapartako editore eta epaimahaikideak bekaren lehen deialdi honen balorazio positiboa egin zuen, izan ere, denetara 15 lan bildu dira bekaren lehenengo deialdi honetan, euskal literatura beltza sustatzera datorrena: “Hamabost lagunek erakutsi dute badutela literatura beltzarekiko zaletasuna eta proiektu banatan moldatu dute”. Sotok nabarmendu zuenez, orotariko proiektuak izan dira bekaren deialdian jasotakoak, guztietan “originaltasuna eta freskotasuna” nagusitu dela azpimarratu zuen bitartean. “Horregatik, lehen deia proiektu horiek ida-tzi dituzten lagunei eta idatzi nahi baina idazteko betarik edo aukerarik gabe geratu direnei egin nahi diegu: idatzi, egikaritu proiektu horiek”, erran zuen. “Oraingoan ez dira irabazle izan, baina badago ezpalik aurkeztutako proiektuen artean eleberri beltz ederrak egin ahal izateko”.

Bekak lagunduta idatzi behar duen eleberriaren inguruan, Elustondok Baztan ulertzeko moduaren aldarrikapena egin zuen, egungo errealitatea zirriborratuz: “Baztan, nahiko nuke. Elurre Iriarteren literaturak kontatzen duen, konta-tzen ez duen Baztan. Joseba, Maitane, Garbiñeren Baztan. Ernesto Prat Urzainkiren Telleria. Telleria eta gero, zer? Telleria eta gero, Aroztegia. Eta Aroztegiarekin batera, Nafarroako Abiadura Handiko Trena, gaur ez bada bihar baituzue hemen, edo gisako makurkeria handiagoren bat. Baina hobe Iruñeko agintari makurrei ideia makurrik ez ematea, aski makurkeriari emanak baitira Iruñean, ideia makurrik ematen ibili beharrik gabe ere. Aroztegiarekin batera, mutil dantzak, guardia zibil inzibilak, kritika, ziri eta zirti-zarta. Datorrena datorrela, beltza”.

(H)ilbeltza, urtarrilaren 15etik 21era Azkenik, (H)Ilbeltza elkartearen izenean, Aitziber Zapiainek eman dio irabazlearen ohorezko irudia eta gogorarazi du hurrengo urtean Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko II. (H)Ilbeltza bekak itzulpena sarituko duela eta 2018ko (H)Ilbeltza astea urtarrilaren 15etik 21era bitartean izango dela.

Joseba Otondo alkate eta epaimahaikideak eskualdeak literatura beltzarekin duen harremana nabarmendu zuen joandako ortzegunean, Jose Antonio Loidiren Hamabost egun urgainen edota Mariano Izetaren lanak gogora ekarriz.