Bidaia bat. Bidaia bat eta hiru lagun. Zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa da Huts Teatroak aurkeztu berri duen Hozkailua antzezlana. Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta esnekien artean, Londonetik dakarten Jimmy punki lagunaren hilotza daramate. Maitek zin egin baitzion Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Arazoa da nongoa zen galde-tzea ahaztu zutela, eta road movie baten gisara Euskal Herri osoa zeharkatuko dute, Jimmyren jaioterriaren bila.

Unai Iturriagak idatzi du testua, Ximun Fuchs aritu da zuzendari lanetan, eta Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktoreak igoko dira oholtzara. “Nahiz eta obra nahiko gordina izan, badu umore beltzetik asko”, argitu du Karlosen pertsonaia jokatzen duen Ander Lipusek. Karlosek, Maitek eta Jimmyk bizitza gogorra izan dute. Gaztetan punkiak ziren eta jairik jai zenbiltzan, kontzerturik kontzertu. Obraren sipnosia honela azaldu du Urrutiak: “Maite, Jimmy eta Karlos lagun minak ziren, eta Londonera joan ziren. Zerbait gertatzen da han eta Karlosek erabakitzen du bizitza hori uztea eta Euskal Herrira bueltatzea. 22 urte igaro dira, eta hor hasten da antzezlana. Karlosek Maiteren deia jasotzen du, esanez Hendaian dagoela hozkailu batekin, eta hozkailu horren barruan Jimmy laguna hilda dakarrela”.

BELAUNALDI BATEN BIZIPENAK

Ordubete inguruan belaunaldi baten pentsamendu, bizipen eta desengainua azaleratzen ditu obrak. Garai mugituak eta ilunak izan ziren 80ko hamarkadakoak. Mobilizazioak eta gazteen eta ez hain gazteen inkonformismoa eguneko gaiak ziren. Hainbat urtez elkar ikusi gabe egon ostean, Jimmyren heriotzak batzen ditu berriro Karlos eta Maite. Bidaia bat eta bilaketa bat hasiko dute orduan, haien arteko harremanaz hausnartzera bultzatuko dituena. “Punkiak izan ziren, baina zer dira gaur egun? Zer bihurtu dira? Horri buruz hitz egiten dugu”, adierazi du Lipusek.

Adiskidetasuna da antzezlanaren gai nagusia, Lipus eta Urrutiaren hitzetan. Izan ere, bi lagunak Jimmyren gorpuari lur emateko herriaren bila abiatzen direnean azaleratuko dira laguntasun estu haren argiak eta itzalak. “Bidaian zehar hamaika kontu aurpegiratuko dizkiete elkarri, amorrua sentituko dute, baina horren guztiaren gainetik elkarrenganako maitasuna ikusiko da”, kontatu du Lipusek. Adiskidetasunari egindako “kantu edo omenaldi” bezala definitu du Urrutiak antzezlana. Laguntasunarekin batera, amatasun eta aitatasunaren gaiak ere lantzen dituzte Hozkailua obran. Azken finean, belaunaldi baten bizipenak eta pentsamenduak taularatu ditu Huts Teatroak. “Gugandik, gure barrutik hitz egin nahi genuen, eta Unai Iturriagak oso ongi ondu du testua, libre izan da bere gogoetak plazaratzeko bi pertsonaia horien bitartez”, azaldu du Lipusek. Iturriagaren lana goraipatu du Ximun Fuchs zuzendariak ere. “Bere barnetik ateratako obra da, oso pertsonala eta oso berea”.

Muturreko egoera bat hartu dute abiapuntu-tzat; Jimmyren heriotza, eta hiru lagun zaharren topaketa eta elkarren artean egiten duten bidaia da antzezlanaren muina. Obraren hari gidaria laguntasuna dela dio Urrutiak, “zer den kolega izatea”, eta orain 22 urteko punki haiekin gertatu denaz ere hitz egiten du. “Umoretik, tristuratik eta malenkoniatik badu obrak. Izan ginen horretaz hitz egiten du. Eta, batez ere, garenaz. Nola aldatu garen urte hauetan guztietan”.

Ander Lipusek eta Patricia Urrutiak antzezten dituzten pertsonaiek bizitza muturrera eraman zuten eta utopikoak ziren. Geroari begira jarri gabe ibiltzen ziren Karlos, Maite eta Jimmy, eta bizi-tza modu erradikalean eramatearen ondorioez hitz egiten da obran. Jimmy izan zen horrela jarraitu zuen bakarra, Maitek eta Karlosek bizimodua aldatu zuten. “Maite Londonen geratu zen eta Karlosek haurrak izan zituen, ezkondu eta banandu egin zen... Gazte denboran pentsatzen ez genuen bizitza hori eramatera iritsi ziren”, kontatu du Lipusek. Ildo horretan, garai batean izan zirenari eta orain direnari buruzko gogoeta proposatzen du Hozkailua-k. “Noraino ahal diozu lagundu zure lagunari? Zein punturaino, zuk ongi bizi nahi baduzu? Dilema hori ere azaltzen da obran”, gaineratu du Urrutiak.

Izan ere, asko aldatu dira pertsonaiak 22 urteren buruan, eta horren ondorioz, haien arteko harremana ere bai. “Orain dela 22 urte amets batzuk zituzten hiru pertsonaiek. Zertan geratu dira orain? Non geunden eta non gaude orain? Zer lortu dugu?”, galdetu du Urrutiak. “Inflexio-puntu” batean daude pertsonaiak bere esanetan, eta elkarrekin egiten duten bidaiak eragin handia du haiengan. Izan ere, bakoitzaren egunerokotasunetik at eramaten ditu bidaiak eta horrek beste guztiarekiko perspektiba bat izatea ahalbidetzen die.

OINARRIZKO UMOREA

“Esan ohi da gizakiok hiru bizitza ditugula. Maite eta Karlosek lehen bi bizitzak bukatu dituzte eta haien laguna ehorztera doaz. Modu berean, haien burua ehorztera ere bai. Fase horretan kokatzen da antzezlana”, dio Ximun Fuchsek. 40-50 urte arteko esperientzia duten bikote baten “amildegi aurreko momentu hori” erakusten du obrak, zuzendariaren esanetan. “Eta orain zer?, galdetzen diote euren buruari”. Umore beltzez josita dagoen arren, umorearen “kolore guztiak” dituela nabarmendu nahi izan du Fuchsek. “Umore gordina eta krudela azaltzen da, baina baita ere oinarrizko umorea. Hein batean, publikoarentzat komikoa izan daiteke. Zentzu horretan, bizia eta dinamikoa da an-tzezlana”.

Road movie baten gisakoa da Hozkailua, eta formatu hori agerian uzten saiatu da Huts Teatroa. “Eszenografiak eta taularatze moduak erreferentzia egiten die film jakin batzuei”, dio Fuchsek. Ahotan izan ditu Wim Wenders-en Paris Texas (1984) eta Tommy Lee Jones zinemagilearen Los tres entierros de Melquíades Estrada (2005) filmak. Far West edo Mendebalde Urrunean giroturiko filmetan jarri dute arreta, eta Euskal Herrira ekarri dute giroa. “Euskal Herri osoa zeharkatzen dute pertsonaiek hozkailuarekin, Nafarroako Bardeetara ere joaten dira, adibidez. Film amerikar horien giroa harrapatzen saiatu gara, giro hori gurera ekartzen”, kontatu du zuzendariak. Amaia Garateren dekoratuak aspaldiko ziklorama zaharrak ekartzen ditu gogora.

FORMATU TXIKIEN ALDE

Aulestiko antzerki topaketetan estreinatutako obra da Hozkailua, eta harrera “berezia eta beroa” izan dutela azaldu dute Lipus eta Urrutiak. Ikusleak “hunkituta” atera zirela diote: “Azken urteetan Aulesti euskal antzerkiaren erreferente bihurtzen ari da eta testuinguru horretan aurkeztea oso polita izan da”, azaldu du Urrutiak. Ofizioaz hausnartzea, antzerkizaleengana gerturatzea eta konpainien arteko harremanak sendotzea ditu helburu topaketak. “Herri txikia da Aulesti, 400 bat biztanle ditu, eta bat-batean euskal antzerkiaren bilgune da; ikaragarria da”, gehitu du aktoreak.

Aulesti ez da izango, baina, Hozkailua antzezlanak bisitatuko duen herri txiki bakarra. Formatu txikiko obra izanik, antzokirik eta aurrekontu handirik ez duten herri eta leku askotara iristea da helburua. Asmo horrekin sortu dute, hain zuzen ere, Hozkailua. Huts Teatroak sortu eta Artedramak ekoiztutako hirugarren lana da. Aurretik Xabier Mendigurenen Publikoari Gorroto eta Jon Gerediagaren Etxekoak egin dituzte. Lipusen lan pertsonalenak plazara-tzeko erabiltzen dute Huts Teatroaren zigilua, eta Artedrama konpainiarekin batera aspaldi zerabilten formatu txikiko zerbait egiteko asmoa buruan. “Buelta eman nahi genion an-tzerkiari eta formatu txikiko zerbait egin, an-tzokietatik aparte beste sare batzuetara iristeko”, azaldu du Lipusek. Eszenografia eramangarria da, eta bi aktore baino ez daude oholtzan. “Hortaz, aukera ematen du beste era batera ezinezkoa izango litzatekeen herrietan antzezteko”, gaineratu du. Helburu horrekin jaio da antzezlan berria eta bi edo hiru urtez Euskal Herriko herri askotara hurbildu eta emanaldi “bereziagoak” eskaini nahi dituzte sortzaileek. Adibidez, ekainean, Bolibar herri txikian izango dira.

SOINU BANDA

Iturriaga, Lipus, Fuchs eta Urrutiarekin batera, talde handi bat aritu da antzezlanean. Amaia Garateren eszenografia du emanaldiak, Battitt Halsouetek egin du Jimmyren panpina, Josep Dahuk argi diseinua, Xabino Alkortak teknika eta Asier Ituartek musika. Musikak, hain zuzen ere, garran-tzi handia du obran. Hala, giroaren ardatz izango dira garai bateko abesti erradikalak. Alde batetik, Ituartek sortu du obraren soinua, eta bestalde, garaiko abesti erreferenteak entzungo dira antzezlanean. Gitarra esku artean eta armonika ahoan, Karlos eta Maitek The Clash, Hertzainak, Baldin Bada eta Eskorbuto taldeen abestiak interpretatuko dituzte. “Bizitza baten soinu banda dira aukeratu ditugunak, pertsonaiek harreman berezia dute abesti horiekin”, dio Urrutiak.

Aspaldi ezagutzen dute elkar obran parte hartu duten gehienek. Elkarlanean sortu dituzte beste hainbat antzerki-lan eta nabaria da haien konplizitatea taula gainean. “Hainbeste urtetan elkarrekin lan egin ondoren, uste dut an-tzerkia kontatzeko hizkuntza berezi bat ere garatu dugula elkarrekin, eta publikoak ere horrela jarraitzen gaituela uste dut”, dio Fuchsek. Huts Teatroa, Artedrama eta Le Petit Théâtre de Pain-en elkarlanaren ondorioz, urte hauetan guztietan “identitate bat eta zigilu artistiko bat” sortu dutela uste du zuzendariak. “Antzezlan batetik bestera aldatzen saia-tzen gara, baina dagoeneko gure ikuspuntua ezaguna da, gure estiloa da”.