Urte oparoa izan da 2016a Iseoren-tzat. Iazko urtarrilean argitaratu zuen Last Night, estudioko estreinako diskoa, eta lan horren bertsio luzea egin zuen udazkenean. Abesti horiekin guztiekin, espainiar estatua goitik behera zeharkatu du, musika jaialdi esanguratsuetan parte hartuz: Mad Cool Festival, FIB eta SOS 4.8, esaterako. “Espero ez nituen sorpresa politak izan nituen joan den urtean”, dio pozik Iseok. Sasoi onean dago, urteetako lan isilaren seinale. “Argi dut urte ona izan dela aurretik egin ditudan gauza guztiei esker. Eman eta jaso egin dut. Eta badakit 2017a ez dela ona izanen lanik egiten ez badut”, dio. Hortaz, aurten ere ildo beretik bideratzeko ahalegina eginen duela dio.

Leire Villanuevak (Iruñea, 1991) gorpuzten duen kantaria da Iseo. “Iseo Leire da eta Leire Iseo da”, abeslariaren esanetan. “Bien arteko harremana oso ona da; esan daiteke Iseo Leireren psikologoa dela eta elkarri laguntzen diotela”. Azken aldian ezagunago egin den arren, urteak daramatza Iseok musikaren munduan. Txikitan pianoa jotzen zuen, eta “modu natural batean” bizi izan du beti musika. Gaztea zela gitarrak pianoa ordezkatu zuen, eta ordutik, horixe du bidaide. Hala ere, argi du armarik onena bere ahotsa dela. “Ba-tzuk gitarra-jotzaile dira eta ahotsa dute lagun; ni abeslaria naiz eta gitarra dut laguntzaile”.

HAMAIKA UKITU

Ez da erraza Iseok egiten duen musika definitzea. Esan daiteke Last Night diskoak sailkatzeko zaila den musika pertsonal baten hazkundea islatzen duela. Musika pertsonala eta kolore askokoa da berea. Bossa nova, soul, afrobeat, rock edota son kubatarra entzuten ditu egunerokoan Iseok, eta horien guztien eragina sumatzen da bere abestietan. “Baina kantak ez nituzke estilo bakar batean finkatuko. Gainera, uste dut finkatzeak mugatu egiten zaituela; nik musika egiten dut, eta nahiago dut estiloarena bakoitzaren interpretazioaren esku uztea”.

Musika estilo desberdinetatik edan du Iseok eta ugariak dira influentziak bere musikan. “Denboraldiak ditut musikarekin, ez naiz batere fan ona”, onartzen du. Dioenez, Ameriketako Estatu Batuetako taldeak maite ditu, The Black Keys, kasu. Ingelesez abesten duten taldeen eragina duela nabaria da. Izan ere, hein batean, berak ere ingelesez abesteko arrazoia hori da. “Hizkuntza bakoitzak bere musika, kolorea eta erritmoa ditu. Musika egiten hasi nin-tzenean, ingelesez entzuten nuen eta eremu horretan sentitzen naiz erosoen”. Dena den, Itzulpengintza ikasi izanak ere zerikusia duela aitortu du.

Etengabe garatzen doan soinuaren bila doa Iseo. Orain dela zazpi urte inguru hasi zen Bartzelonako tabernetan abesten, eta ordutik bere soinua aldatzen joan da “modu ez kon-tziente” batean, bere esanetan. “Ahotsa tresna bizia da eta erabiltzeko modua ezin dut finkatu; garapena ikusten dut nire lanean, baina zaila egiten zait horretaz jabetzea egunero”, azaldu du. Zuzenekoei dagokienez, leku ani-tzetan aritzen da: jaialdi handietan, aretoetan, eta kontzertu intimoetan. Guztietan gozatzen du Iseok. Kontzertu bakoitzak “bere xarma eta magia” duela uste du abeslariak eta guztietan eroso sentitzen dela dio. “Akustikoekin hasi nintzen, baina orain gero eta akustiko gutxiago egiten ditut; urduri jartzen naiz horrelako bat tokatzen zaidanean”.

Musika “adierazteko modua” da Iseorentzat, eta sortzen duen oro beti “oso pertsonala” dela dio. “Horrela ulertzen dut nik musika. Zerbait esateko beharra sentitu dudanean zerbait hori oso pertsonala izan delako izan da”.

Sentimenduak ditu hizpide bere abestietan, mundu guztiak izan ditzakeen emozio eta sentsazioei buruz ari da Iseo ere bere kantetan. Horregatik, edozein momentu izan daiteke egokia inspiratzeko, gitarra hartu eta sortzen hasteko. Etxean lasai-lasai dagoela, taberna batean zerbait hartzen edota bidaiatzen dagoenean sortu ohi ditu abestiak, normalean. “Bidaiatzen nagoenean berezia izaten da: ez zaude inon eta toki guztietan zaude aldi berean. Orduan gerta-tzen da burua eta bihotzaren arteko dilinda-tze moduko bat, eta momentu polita izaten da abestiak sortzeko”, kontatu du.

Last Night diskoa ez da Iseok martxan duen proiektu bakarra. Dodosound DJ-arekin batera, Cat Platoon izenburuko disko luzea ere grabatu du. Uda iritsi baino lehen ikusiko du argia disko horrek, non bertako abestietan trip-hop, reggae eta dub estiloen eragina sumatzen den. Last Night diskoa lau haizetara zabaltzen urte eta erdi daraman arren, ez du alde batera utzi beste proiektu hori. Kontuak kontu, 2017a urte “mugitua” izanen dela aurreikusi du Iseok. “Bi proiektuak ongi uztartzen ikasten ari naiz; bakoitza errespetatu behar dut, bakoitzak bere erritmoa duelako”. Errepidean nago batekin; etxean, bestearekin”, dio. Maiatzera arte kon-tzertuak ematen jarraituko du abeslariak, eta uda garaian eginen dio tokia Dodosound-ekin partekatzen duen proiektuari.