Sarean bueltaka dabilen bideo batean esperimentu bat egin dute hainbat pertsonekin. Aulki batean eseri dituzte banan-banan eta hiru galdera egin dizkiete. Lehena, zeintzuk diren gehien maite dituen bi pertsonak. Gehienek ama edo familiako norbait aipatzen dute, edo lagun onen bat; bigarren galdera da Gabonetan zer oparituko dieten, eta hainbat gauza aipatzen dituzte: bideojoko bat, liburu bat, zapi bat?; Azken galdera hau da: Eta euren azken Gabonak izango balira, zer oparituko zenieke?
Hor elkarrizketatu guztiek egiten dute halako eten bat. Hunkitu egiten dira gehienak, eta den-denek aldatzen dute aurretik pentsatuta zuten oparia. Denek baztertzen dute opari materiala, gauzak oparitzea baztertzen dute, eta batak esaten du amari denbora gehiago oparituko liokeela, besteak aitari barkamena eskatuko liokeela gaizki egindako gauzengatik, beste batek lagunari zenbat maite duen esango liokeela? Denek aldatzen dituzte gauzak ekintzengatik, eta ekintza guztiek dute zerikusia besteari denbora eta arreta eskaintzearekin. Bideoak jende asko hunkitu du, hala erakusten du ikustaldien kopuruak, eta arrakasta hau neurri handi batean gertatzen da bakoitzak bere itsukeria errekonozitzen duelako. Argi dago denok edukiko genukeela jarrera ezberdina gure ingurukoekin hauek azken aldiz ikusiko ditugula jakingo bagenu. Argi dago ilusio batean bizi garela askotan, jendea inoiz hilko ez dela pentsatuz edo. Baina bai, hilko dira, eta geu ere bai, eta barka Gabonetan hain sakon jartzeagatik, baina iruditzen zait horren jakitun izatea onerako dela, izan ere, argi daukat den denok aldatuko genituela erosi ditugun opari guztiak hau benetan kontutan izango bagenu. Eta opari askoz hobeak izango lirateke erosi dugun bufanda eta poltsa hori baino. Nik maite ditudan guztiei hiru gauza oparitu nahiko nizkieke Gabon hauetan: Denbora, laztanak eta benetako hitzak. Nik behintzat halako opariak jasotzea nahiko nuke.