Esku bakarreko atzamarrez zenbatu daitezke 50 urteko ibilbidea bizkar gainean daramaten euskal musika talde eta bakarlariak. Eta are gutxiago dira, mende erdia bete ostean, lan berriak kaleratzen eta oholtzaz oholtza kontzertuak ematen jarraitzen dutenak. Oskarbi dugu horietako bat. Urrezko ezteiak ospatzeko, baina, talde gipuzkoarra ez da konformatu emanaldi berezi bakarra ematearekin. Sortzen jarraitzen dute, eta, finean, beti egin izan duten hori egiten: doinu berritzaileak herri tradizioarekin uztartzen.

Urteak pasatu diren arren, betiko estiloari eutsi dio taldeak Elkar diskoetxearekin plazaratu berri duen Mendira naiz diskoan. Hala, herri musika eta kantu berriak bildu dituzte lan berrian. “Hasierako haria mantendu dugu, bi norabidetan lan eginez: batetik, geuk sorturiko kantuak daude; bestetik, kanta herrikoi batzuk berreskuratu eta geure erara moldatu ditugu. Hori Oskarbiren disko guztietan izan da horrela, eta hala da azken diskoan ere”, azaldu du Jose Luis Treku taldekideak.

Bere garaian harreman estua izan zuen taldeak Bitoriano Gandiaga idazlearekin eta Jorge Oteiza eskultorearekin, eta haien hitzekin ondutako kantu bana aurkitu daiteke disko berrian. “Oteizaren letra daukan Hiru gauean abestia aspaldi geneukan musikatuta, baina lehen aldia da disko batean grabatzen duguna”, jakinarazi du Trekuk. Bitoriano Gandiagarekin ere 60ko hamarkadan sortu zen harremana, eta disko honetan bada haren testu bat daraman pieza, Bai bai baina gero ez kantua, hain zuzen. “Kantaldi guztietan abesten dugu, a capella, eta orain grabatu egin dugu”, kontatu du Trekuk. Herri kantutegitik hartu dituzten beste kantu batzuen bertsioak ere badira diskoan, Xoxuak burua eta Zazpi urte, kasu. Pieza berrienak, ostera, hiru dira: Marinela, Txalaparta eta diskoari izena ematen dion Mendira naiz.

BIDE BERRIAK URRATZEN 1966an hasi zen kantuan Lezo-Pasaia aldeko kideez osaturiko taldea. Zehazki, lehen entseguak azaroan egin zituzten eta lehen emanaldia abenduan. 1967. urte hasierarako, zazpikotea zen Oskarbi, eta formazio horrekin eman zituen aurreneko urteak: Jose Luis Treku, Iñaki Maritxalar, Karmelo Arren, Kepa Garbizu, Itziar Maritxalar, Mari Jose Fernandez eta Maite Arizkorreta ziren orduko taldekideak. Treku eta Maritxalar dira hasierako formazio hartatik etenik gabe taldean iraun duten bakarrak. Taldea ez zen ezerezetik sortu, baina bai hutsetik, ia-ia, Maritxalarrek kontatzen duenez: “Oskarbi sortu zenean, euskal kulturgintzan ez zegoen gauza handirik. Kantugintzan koruak eta otxote edo zortzikoteak baino ez zeuden. Gu ere koru batetik gentozen; Errenteriako Don Bosco haur abesbatzan ibilitako hainbat kide batu ginen abentura honetan. Baina guk musika joera eta estilo desberdinekin esperimentatu nahi genuen, bide berriak urratu, doinu berritzaileak euskal tradizioarekin uztartu”, azaldu du Maritxalarrek.

Eta halaxe hasi zuen bidea Oskarbik. Taldeak euskal jazza delako musika jorratu zuen bere hastapenetan: jazza, gospela eta 60-70eko hamarkadetako joera berritzaileak euskarara ekartzen hasi ziren, eta berehala sona nahikoa lortu zuten. “Euskal tradizioari modernitatea erantsi” nahi zion Oskarbik, bere partaideen esanetan. Ahots harmoniak zainduz, oinarri hartzen zituzten herri kantutegia eta taldeak berak sortzen zituen abestiak. Hitzei dagokienez, Bitoriano Gandiaga, Joxean Ar-tze eta Xabier Leteren olerki asko musikatu zituen taldeak. Horiez gain, Jorge Oteizak ere eragin handia izan zuen beraiengan, besteak beste hark egin zituen Oskarbiren ikurra eta lehen diskoaren azala. “Orduko abangoardia kulturalaren parte ziren asko izan genituen inguruan”, kontatu du Trekuk.

1969an taldeak lehen diskoa argitaratu zuen. Herri kantutegietatik hartutako lau abestik osatzen zuten lana, baina molde berritzailea eman zioten bildumari. Ildo bera jarraitu zuten Abesti zaharrak eta berriak (1970) bigarren diskoan ere. 1967-1971 urteen artean, Ez Dok Amairu mugimenduan murgildu zen Oskarbi. “Xabier Lete eta Lourdes Iriondo etorri ziren gure entsegu batera, eta egin ziguten gonbita onartuta, jaialdi eta kantaldietan batzen hasi ginen. Lau urtean ibili ginen beraiekin Euskal Herri osoan kantuan. 1971n Portugaleten estreinatutako Baga biga Higa Sentikarian ere parte hartu genuen”, kontatu du Trekuk. Oskarbi taldeko partaideak Lete, Laboa, Lertxundi eta enparauak baino dezente gazteagoak ziren, baina bazuten beste desberdintasunik ere. “Gainontzekoak bakarlariak eta gu taldea izateak zaildu zuen funtzionamendua. Izan ere, momentu horretan, erantzukizun bi genituen: batetik, Ez Dok Amairuren dinamika propioa eta, bestetik, Oskarbi taldearen aparteko jarduna. Hala ere, erlazio oso ona izan genuen eta kontzertu ugari partekatu genituen”, argitu du Trekuk.

EUSKARAREN MILITANTE Oskarbiren hasierako urteak ez ziren errazak izan, ordukoak ez baitziren garai errazak Euskal Herrian: Frankismoa, euskararen aurkako erasoak, zentsura? Gizartean gertatzen ari ziren aldaketa garrantzitsuetan testigu eta partaide izan zen taldea, Trekuk dioenez: “Zailtasun asko izaten ziren. Jaialdi bakoitzean ez dakit nik zenbat baimen behar izaten genituen kanta-tzeko. Garai zailak ziren, bai, baina mugimendu handikoak ere bai. Euskal kulturaren inguruko ia dena sortu zen garai horretan: Ez dok Amairu, Ikastolen Elkartea, mugimendu politikoak? Dena gertatu zen aldi berean. Eta guk, gazteak ginen arren, zerbait inportanteren parte ginenaren kontzientzia genuen”. Testuinguru hartan, hain justu, aurkitu dio Maritxalarrek erantzuna taldeak izandako harrera eta erantzun onari. “Sasoi hartan euskaldun eta abertzaleen artean bazegoen zerbaitekin identifikatzeko beharra, eta musikak hartu zuen eremu hori hein handi batean”. Dena den, Oskarbiko kideak zerbait izan badira, euskararen militante izan direla dio Maritxalarrek: “Euskara izan da gure nortasunaren esentzia. Hasieratik, euskara hutsean abestea erabaki genuen eta beti izan da horrela, 50 urtean”.

Ez dok Amairuren osteko lehen diskoa Eskutari (1973) izan zen. 1975. urtean bi disko batera argitaratu zituen Oskarbik: Olentzero eta Hitz urri batzuk. Lehena, gabon kantuz osatutako lana zen. Bigarrena, berriz, orduko egoera politikoaren ispilua. Disko horretan dago Esperantzari leiho bat abestia, Bitoriano Gandiagak idatzitakoa eta taldearen ikur bihurtu zena. Kantu horrekin bukatzen ziren garai hartan Oskarbiren emanaldiak.

1977an, ordura arte taldeko zuzendari izan zen Koldo Romerok Oskarbi utzi zuen. Taldeak aurrera egin zuen, baina aldaketa sasoiak ez ziren urruti. Ordutik aurrerako lanek “bestelako ukitua” hartu zutela onartu du Trekuk: “Oskarbiren ibilbideak bi fase argi izan ditu. Lehen zikloaren azken kontzertua 1983an eman genuen. Gerora ere elkartzen ginen, afarietan, eta abesten genuen, baina publikoaren aurreko jarduna utzia genuen. 1990ean hasi ginen berriro dinamika hartzen”. Oholtzatik urrun izan ziren aldi horretan “krisi txiki bat” igaro zutela onartzen dute Treku eta Maritxalarrek. Halere, argi daukate: “Oskarbiren haria ez da inoiz eten”. Eta horren arrazoia, Trekuren esanetan, taldea beti batera mantendu dela izan da: “Beti gustatu izan zaigu kantugintza; aldaketak, isiluneak, kideon joan-etorriak eta etenak izan diren arren, beti egon gara elkarrekin eta hartu-emana ez da inoiz galdu. Oskarbi bizirik dago eta urte batzuetan halaxe egongo da”, gehitu du.

Azken urteetan, kontzertuak eman izan dituzte han eta hemen, baina garaiak asko aldatu direla dio Maritxalarrek: “Oso bestelako erritmoan aritzen gara orain. Gure sasoi oparoenetan, astean bost entsegu eta urtean 70 emanalditik gora ematen genituen, nahiz eta inoiz ez garen profesional moduan aritu. Mugimendu hori bukatu zen”.

EMANALDI GOGOANGARRIAK Garaiak aldatu arren, Oskarbiren legatua hor geratzen da betirako: orain arte, estudioko hamaika disko kaleratzeaz gain, bidean 700 kantaldi eta kon-tzertu eman ditu taldeak, horietako asko bereziak, memorian betirako iltzatuta gera-tzen diren horietakoak: 1975ean Madrileko Ateneoan emandako kantaldia, 1978an Bilboko La Casillan Joan Manuel Serratekin aritu zirenekoa? Baina guztien artean bat aukera-tzekotan, Maritxalarrek ez du zalantzarik: “1976ko Donostiako Belodromoko 24 Ordu Euskaraz kantaldia nabarmenduko nuke; ez geure kantaldiagatik, baizik eta jende asko batu ginelako oholtzan eta momentua benetan ederra izan zelako. 12.000 lagunen aurrean kantatu genuen, eta hori ez da erraz ahazten”.

Beste kontzertu berezi batzuk ere ate joka dituzte datozen asteetan. Bihar bertan, Urretxuko parroki elizan arituko da Oskarbi, hilaren 18an Pasaiako elizan, abenduaren 4an Durangoko Azokako Ahotsenea gunetik igaroko dira, eta abenduaren 18an, igandez, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango dute zita handia. Oskarbi taldea 50 urte kantari izeneko emanaldi hau berezia izango da. Bi zati izango ditu kontzertuak: lehen zatian, taldearen 1966-1983 bitarteko ibilbidea errepasatuko dute; eta, bigarrenean, 1990ean abiatu zen bigarren aldiko kantak izango dira nagusi, Mendira naiz disko berrikoak barne. Guztira, hogei lagun inguru igaroko dira oholtzatik egun horretan.