Sorkuntza bolada oparoa bizitzeaz gain, errekonozimendua ere jasotzen ari azken aldian Ekaitz Goienetxea (Miarritze, 1982). Duela bi urte, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa irabazi zuen Olatuak hausten diren lekua lanarekin. Orain arte ipuingintzan aritua, lan narratibo luzeago batek emango dio bere lehen eleberria ontzeko aukera. Hain zuzen, 1980ko urteetan heroinak Euskal Herriko herri batean izandako eraginaz hitz egingo duen istorioa osatuko du, bere esanetan, oraindik ere “tabua” izaten jarraitzen duen gaia jorratuz.

Zuk zeuk bizi ez zenuen garai bat aukeratu duzu eleberrirako. Zergatik?

Gaiari buruz ez delako apenas hitz egin nire inguruan. Lagunarteko elkarrizketa batean konturatu ginen sasoi horretako oso istorio interesgarriak zeudela: drogaren ingurukoak, baina baita zelan deskubritzen zituzten liburu eta disko berriak, zelako mugimendua eta jakin-mina zegoen, harremanak zelan bizi zituzten... Agian izango da kontatzen didatenek iragana idealizatzeko joera dutela, ia denok bezala, baina badago baita ere irudikatzeko gogo bat: nola bizi ziren orduko gazteak, heriotzak eramango zituela jakin gabe.

Iraganeko istorioa, baina egungo ikuspegitik kontatua. Nola lortu hori egitura aldetik?

Pertsonaien bidez. Liburuaren muina pertsonaiak izango dira, gaur egunean bizi diren pertsonaiak. Beraiek eta beraien bizi-ikuskera izango dira interesgarriena. Taberna baten bueltan agertuko dira, eta era batean edo bestean lotura izango dute garai harekin. Horrez gain, narratzaile orojakile bat egongo da, atzera eta aurrera, pertsonaien testigantzei tiraka.

Tartean, pertsonaia nagusi bat. Zer esan dezakezu berari buruz?

Izaro du izena, 23 urte ditu eta Gizarte Hezkun-tza ari da ikasten. Bere gurasoak yonkiak izan ziren, baina ez du ezkutatzen. Pertsonaiak bilduko diren tabernan egiten du lan, ikasketak ordaindu eta etxean diru-sarreraren batekin laguntzeko. Haurdun geratuko da eta abortatu egingo du; erabaki horren berri familiari ematen dion egunean kokatzen da nobelaren lehen kapitulua.

Hizpide dituzun garai horiek intentsuak izan ziren Euskal Herrian; drogak aipatu dituzu, baina mugimendu handiko sasoiak izan ziren, zentzu askotan.

Bai, eta orduko gizartearen ikuspuntu interesgarri batzuk islatu nahi ditut pertsonaien istorioen bidez. Badaude itsasora joan zirenak, badaude klandestinitatera ihes egin zutenak, badaude sasoi hartako rock talde ezagunen telonero izan zirenak, badaude Hiesa zer zen medikuekin eurekin deskubritu zutenak eta gero herri oso bat kon-tzientziatzeko lana hartu zutenak... Gauza asko gertatu ziren aldi berean.

Bermeon bizi zara eta bertan kokatu duzu istorioa. Ikusi dizkiozu herriari ezaugarri literarioak?

Badauzka. Gaiari lotuak, istorio asko, gogor kolpatu baitzuen heroinak Bermeo. Eta literarioki, baita ere. Itsasoa dauka, harearik gabeko hondar-tzak, kresalak herdoildutako egiturak? Baina baita pertsonaia zoragarriak ere. Pena da izen eta, batez ere, ezizen batzuk ezingo ditudala erabili, mundialak baitira bere horretan. Baina distantzia bat hartu beharko dut, gauza batzuk ezingo ditudalako kontatu ez bada fikzioaren bidez. Horregatik, Bermeo izan zitekeen, baina kostaldeko herri literario batean kokatuko dut nobela.

Suposatzen dut dokumentazio lana ere eskatuko dizula istorio honek...

Bai, baina gehien motibatzen nauena horixe da: entzutea. Orain arte hitz egin dudan pertsona ba-tzuekin berriro egon eta lasaiago berba egin gura dut. Eta entzun. Horrekin badakit asko gozatuko dudala. Oso istorio-kontalari onak ezagutzeko zortea izan dut. Lana gero etorriko da, horri guztiari nobela forma emateko orduan.

Aurrez ere literatur sariketak irabazitakoa zara. Ezinbestekoak dira lehiaketak literaturaren plazan lekutxoa egiteko?

Asmoa ez da sekula izan plazan nire izenari lekua egitea. Ez daukat idazle izateko edo ibilbide literario bat garatzeko intentziorik. Askoz ere banalagoa da arrazoia: etxera diru apur bat eroateko modua. Erredaktore lanetan aritu naiz gehienbat unibertsitatea amaitu dudanetik, kazetaritzan, publizitatean, eta orain literaturan. Ez dit larregi ardura non; gainera, gustatzen zait tarteka aldatzea.

Literaturari lotutako beste proiektu batzuetan ere aritu izan zara. Besteak beste, ‘Beste Hitzak’ ekimenari esker Eslovenian bi hilabeteko literatur egonaldia egin duzu aurten. Zein izan da zure egitekoa?

Batetik, Esloveniako literatura eta hizkuntza ezagutu; bestetik, euskarari eta euskarazko literaturari buruz han hitz egin; gainera, egonaldian lan literario bat sortu behar zen. Nire kasuan, narrazio bat ekarri nuen bueltan, tren futuristiko batean bizi den kontinente oso bat zein hizkuntzatan mintzatuko zen planteatzen zuena.

Lehen nobela izango duzu ‘Karramarroa trostan’, baina ez zara idazle berria. Zein pisu du literaturak zure egunerokoan? Ohiko irakurle, aldizkako idazle, idazle konstante... Nola definituko zinateke?

Denetarik eta dena oso azaletik, ezertan sakon-tzeko aukera barik. Sormenerako inkontinentzia moduko bat badaukat, etengabe bururatzen zaizkit ideia berriak, baina hortik gero literatur lan bat ateratzea oso gutxitan gertatu den zerbait da. Berria da niretzat denbora dedikatu ahal izatea literatura lantzeko. Hori eman didate bai Esloveniako egonaldiak eta baita, orain, Igartza sariak ere. Hori da orain tokatzen dena. Hortik aurrera, batek daki.