BILBAO- Ingalaterran lanean zebilela, emakumeek ikus-entzunezkoen arloan duten presentzia eskasaz jabetu zen Izaskun Arandia zinemagilea. Itxuraz industria “maskulinoa” zela eta, ez zion egoerari buelta gehiegirik ematen garai horretan. Duela hiru urte, ordea, Euskal Herrira bueltatu zen eta emakumeak egon badaudela konprobatu zuen gertutik. Horietako askoren ikusgarritasuna, zoritxarrez, txikia da oraindik ere. Emakume sortzaile horien “lekua aldarrikatzeko” eta “lan aukerak errazteko” asmoz berriki sortu du (H)emen Her(e) elkartea, ikus-entzunezkora, dantzara eta zinemagin-tzara lotutako bost kiderekin batera: Kristina Zorita, Miren Aperribay, Uxue Jimenez, Olatz Beobide eta Iratxe Fresneda.

Noiz gorpuztu zen (H)emen Her(e)?

-Fase ezberdinak egon dira. Euskal Herrira itzuli nintzenean eta nire proiektuak aurrera ateratzen hasi nintzenean konturatu nintzen emakumeak badaudela ikus-entzunezkoan, baina gordeta daudela, eta harri azpitatik atera behar genituela erabaki nuen. Orain dela urte eta erdi sortu nuen www.hemen.me webgunea, eta dirulaguntza txiki batekin ikus-entzunezko emakumeen datu basea sortu nuen. Ni bakarrik arduratzen nintzen horretaz eta nahiko proiektu txikia zen. Gure arloan lan egiten duten beste emakumeekin elkartu nintzen eta zerbait egiteko behar hori konpartitzen genuela konturatu ginen. Think tank edo ideien laborategi bat sortu genuen 2015eko bukaeran. Hilean behin biltzen hasi ginen eta nahiko modu organikoan sortu da elkartea.

Nolako erantzuna jaso duzue hasierako aste hauetan?

-Oso pozik gaude harrerarekin, izugarria da. Donostiako Tabakaleran egin genuen aurkezpenera jende asko agertu zen eta aretoa lepo bete zen. Bertaratu zirenen artean bazegoen jakinmina eta galdera asko egin zituzten. Martxan daramatzagun aste hauetan 60 emakume profesionalek eta sei kontratatzailek eman dute izena datu basean. Sortu den interes horren adierazgarri da, adibidez, aurkezpen horretarako bideo bat egin nahi genuela eta gure artean zabaldu genuela deia, irudien bila. Astebetean, ehun argazki jaso genituen.

Aipatu duzu webguneko datu basea dela proiektuaren zutabe nagusia. Zer egin behar dute sare honen parte izan nahi dutenek?

-Izena ematea oso erraza da, eta doan. Bi erregistro mota daude: bata ikus-entzunezko emakume profesionalentzat eta bestea kontratatzaileen-tzat, berdin emakumea ala gizona izan. Oso garrantzitsua da azpimarratzea gizonak gure alboan behar ditugula bide honetan, kontratatzaile gehienak eurak baitira.

Topagune digital horrez gain, zein beste ekimen burutuko duzue?

-Alde batetik, jasotzen ditugun profilen artean, astero bat azpimarratuko dugu bai gure webgunean eta baita sare sozialetan ere. Honela, urtean zehar, emakume zoragarri askori egin diezaiokegu tokia. Aurreratu dezaket lehenengo aukeratua Miren Aperribay dela, gure zuzendaritza batzarreko kidea eta Atera Films enpresa banatzaileko zuzendaria. Akzio positiboen artean, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkezpentxo bat eta bi proiekzio egin genituen. Egun berean, bilera informal bat egin genuen. Urtaro bakoitzaren sarrerarekin batera, saio hauek antolatzea erabaki dugu.

Eta zein izango da helburua?

-Garrantzitsua iruditzen zaigu emakume hauek elkar ezagutu daitezen eta bakoitzak bere proiektuaz hitz egin dezan. Ideiak partekatu eta elkarri laguntza eta babesa eskaintzea izango dute helburu bilera hauek. Saiatuko gara bakoitza lekuz alda-tzen, Euskal Herrian zehar mugi-tzeko. Adibidez, apirilaren 14an, (H)emen Her(e) Bilboko Azkuna Zentrora ere ekarri genuen, Loraldia jaialdiarekin batera, egitasmoa ezagutarazteko.

Euskal Herri mailan ezarri dituzue zuen oinarriak, nazioartera zabaltzeko asmorik bai?

-Noski. Elkartea internazionalki erregistratuta dago, euskaraz eta gazteleraz eman daiteke izena eta datu basearen ingelesezko bertsioan lanean ari gara. Hau oso interesgarria izan daiteke bi aldetatik. Hasteko, Euskal Herriko ikus-entzunezko enpresek atzerrian koprodukzio bat egiteko lantaldeak sor-tzeko garaian, baina baita atzerriko taldeek Euskal Herrian edo Estatuan produkzio batean lankideak bilatzerako orduan ere.

Zentzu horretan, antzeko elkarteekin harremana ezarri duzue?

-Bai, jada kontaktuan gaude CIMArekin (Estatu mailako emakume zinegileen elkartea) eta EWAN-eko (European Women’s Audiovisual Network) sareko kide izateko prozesuan gaude oraintxe. Kolaborazio puntualak egiteko asmoa ere badaukagu, adibidez EHGPE (Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkartea), Woman Sarea edo IBAIA bezalako elkarteekin.

Hasi duzuen lehenengo urte honi begira, zeintzuk dira aurrean dituzuen erronka nagusiak?

-Egitasmoaren hasiera honetan gure datu basea ezagutaraztea da erronka nagusiena. Gainera, hau hain gai sentikorra denez, zenbait jende eta hedabideen mesfidantza edo okerreko pertzepzioa aldatzea izango da gure-tzako erronka handi bat. Argi utzi nahi dugu gu ez garela inoren aurka egiteko sortu, elkarrekin gure industrian emakumearen ikusgarritasuna bultzatzeko eta oinarrizkoak diren eskubideak lortzeko bidea egitera etorri gara.

Aurkitu dituzuen zailtasunen artean...

-Esango nuke handienak denbora eta dirua bilatzea direla (eta izango direla). Zuzendaritza batzarrean gaudenok lana bolondreski egiten ari gara. Bestalde, egitasmoa aurrera ateratzeko eta hazteko behar den finan-tziazioa lortzea zailtasun bat da.

Ikus-entzunezko eskoletan, emakume eta gizonen kopuruaren artean ez da ezberdintasunik igartzen. Mundu profesionalean sartzerakoan, zer dela eta areagotzen da alde hori?

-Lantaldeak sortzeko garaian iner-tziaz jokatzen dugulako, beti jotzen dugulako ezagunak diren izenak kontratatzera, eta hauek gehienetan gizonak dira. Arazoa da lan egitura erabat maskulinotua dagoela eta hori oso zaila da aldatzen, gizonek benetako kontzientziazio lan bat ez badute egiten. Eta ekintzara pasa, noski, emakume gehiago kontratatuz. Akzio positiboak instituzioek ere egin behar dituzte. Europako zinemagintzan ematen diren dirulaguntzen %84a gizon batek zuzendutako film batera joaten da. Eta bost film europearretik, bakarra da emakume batek zuzendua. Atera kontuak... Berdintasuna lortuko dugu emakume zinegile batek Oscar bat irabaztean, notizia ez denean emakumea delako, profesional on batek Oscarra irabazi duelako baizik.

Ikusgarritasun falta Hollywood distiratsuraino heltzen da.

-Bai, eta han ere hasi dira akzio positiboak burutzen. Adibidez, Meryl Streep-ek 40 urtetik gorako emakume gidoilarientzat diru-laguntza eta mentoretza laborategi bat sortu du. We do it together irabazi asmorik gabeko elkarteak, emakumeak ahalmentzen dituzten proiektuak ekoizten ditu. Eta horra hor Geena Davies-en Geena Davis Institute on Gender in Media. Aldaketak, behar nabari batek sortuta, barrutik kanpora egiten ari dira eta hori oso eraginkorra da.