-ekin izandako arraskata profitatu eta abentura berri bati heldu diote Irusoin eta Moriarti ekoiztetxeetako kideek. Oraingoan, XIX. mendean girotutako istorio bat dute inspirazio-iturri: Miguel Joaquin Eleizegi Altzoko Handiarena, hain zuzen.
Aitor Arregik eta Jon Garañok hartu dute film berria zuzentzeko ardura, Andoni de Carlosen gidoiari hauspoa emanez. Aurreprodukzioarekin bederatzi aste agortu ostean, apirilaren 11n hasi ziren grabaketak, eta, ordutik, Artiku-tza, Beizama, Itsaso eta Bilbo bisitatu dituzte. Atzo, Bilboko erdigunean grabatu zuten, Foru Aldundiko atzeko aldean eta barruan. Bihar eta etzi Leioara hurbilduko dira, Artaza jauregira. “Aldundiaren atzeko aldea Londres balitz bezala erabili nahi izan dugu. Hortik elurrarena. Eta arratsaldean, barruko geletan grabatuko dugu, Espainiako Isabel II.aren gortea imitatuz. Honela, Donostiatik Bilbora etorri gara, Londres, Madril eta Paris ezagutzeko”, esan du Xabi Berzosa ekoizleak, ironia tanta bat erantsiz ateraldiari.
Orain hasi dira grabatzen, baina filmaren ideia aspalditik dator, Jon Garañok dioen legez: “Buf, ez dut gogoratzen noiztik neukan proiektu hau egiteko asmoa. Hasieran Irusoin eta Moriarti ekoiztetxeek ez zioten kasu askorik egin, baina momentu batean baietz esan zidaten, bazegoela posibilitate bat eta proiektua hobeto aurkeztera animatu ninduten. Baina tarte horretan nik ez nuen ezer egin. Tarte berean, Andoni de Carlos gidoilariak An-tzoko Handiarekin eginiko testu bat aurkeztu zuen Irusoinen, animaziozko film bat egin asmoz. Andonirekin hitz egin eta esan genion gidoi hori helduentzako egokitzeko. Harrezkero, gidoi horren zortzi bertsio egin ditugu”.
Hasierako zailtasun horiek, bestelako bihurtu dira orain. “Guretako askorentzat epoka pelikula bat egiten dugun lehen aldia da, eta, gainera, erraldoi batekin! Ez dago 2,42 metroko aktorerik, eta are gutxiago euskaldunik. Nolabait, sortu egin behar izan dugu, joko optiko eta bestelako trukoen bitartez. Gainera, XIX. mendeko pelikula izaki, tentuz girotu beharra dago, gurean nonahi baitaude kableak, trafikoaren zarata, pinuak... Horiek denak saihestu behar izan ditugu, lokalizazio egokiak bilatuz. Postprodukzio lan handia daukagu gero, atzetik”, aitortu du Jon Garañok.
Aundiya pelikularen nondik norakoak ere aurreratu ditu zuzendari gipuzkoarrak: “Teoria desberdinak daude pertsonaiari buruz. Batzuk diote gizon iluna zela, bizitza tristea izan zuela. Eta beste historialari batzuk esaten dute pertsona normala izan zela. Kontua da berari buruz oso gutxi idatzi zela, eta kontraesankorrak dira, gainera, idatzitakoak. Hori guretzako ona da, sortu dezakegulako nahi dugun erraldoia, guk irudikatzen dugun moduan”. Eta bestelako gai bat jorratzeko aukera ere ematen die honek zinegileei, errealitatearen eta asmakizunen arteko aldea aztertzeko beta.
Aundiyan hizkuntza ugari en-tzungo dira. Euskarazko filma da, “baina gazteleraz, ingelesez eta frantsesez ere badira elkarrizketak, leku asko bisitatu baitzituzten pertsonaiek, tartean, Londres eta Paris”. Euskarari dagokionez, garaiko gipuzkerara hurbildu nahi izan dute pelikularen arduradunek, “baina gipuzkera batu bat da, garai hartan egiten zen euskararekin zerikusia izan dezakeena, baina jakinda ez dela erabat berdina”, argitu du Garañok.
istorioaren indarra Xabi Berzosa ekoizleak pelikula honek eska-tzen duen “erronka handia” gogoratu du. Ia dozena bat film ekoiztu ditu Berzosak, baina sumatzen du honako hau katramilatsua izango dela: “Kosta zaigu filmazio-erritmoa harrapatzea. Zalantza askorekin hasi ginen, jakin gabe aurreprodukzioan eginiko lan guztiak bere fruituak emango zituen ala ez. Epokako istorio bat da eta Paris, Londres... hori dena erakutsi beharra dago. Baina ikusi dugu gauzak ondo doazela, eta erlaxatu gara apur bat. Hori bai, dena ondo lotuta daukagun arren, beti juxtu heltzen gara egunaren amaierara, aurretiaz ezarritako plana betetzeko estu ibiltzen baigara”. Loreak-en edo 80 egunean egin zuten legez, istorio on bati heldu diote Irusoin eta Moriartikoek. Funtsezkoa baita istorioa, horren inguruan idatzitako gidoia bezainbat.