Achúcarro, kontzertuei dagokienez bete-beteta egon diren bi urteren, 2014 eta 2015, ondoren helduko da jaio zen hirira. Izan ere, mundu osoko hainbat herrialdetan aritu da, Estatu Batuetan, Frantzian, Italian, Argentinan, Taiwanen, Japonian, Britainia Handian, Suitzan, Portugalen edo Txinan, besteak beste. Bitartean, musikari bikainak denbora izan zuen, joan den maiatzaren 31n, Arriaga Antzokiaren 125. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusian aritzeko, hainbat diziplinatako euskal artista handi askok parte hartu zuten ekitaldi bikainari amaiera emanez.
Joaquín Achúcarro urtarrilaren 10ean arituko da Arriaga Antzokian, Bilboko ikus-entzuleekin berriro egotearren zorionez beteta, eta oso harro, duela denbora gutxi DIAPASON aldizkari frantsesak oso aintzatespen berezia eskaini diolako. Argitalpen ospetsu horrek, urriko zenbakian, Joaquin Achúcarroren grabazio bat sartu du “Les 100 plus beaux disques de piano de tous les temps” izenekoan, Rachmaninoff, Horowitz, Rubinstein, Cortot, Richter, Arrau, Gould, Larrocha, Brendel, Argerich, Pollini, Perahia edo Zimerman bezalako pianojole garrantzitsuak biltzen dituen zerrendan. Zehazki, Bernard Herrmann autorearen Concerto Magambre piezaren interpretazioa txalotzen du aldizkari frantzesak, hurrengoa adieraziz: “Joaquin Achúcarrok sonoritateei arreta berezia eta dotorezia eransten dizkio, teklatuaren sakontasunean urruntasunezko agonia ikutu goibela musika bihurtuz.Liluragarria”.
Eta hori gutxi balitz, duela hilabete batzuk, International Astronomical Union (IAU) izenekoak, 2131 mini-planetari Joaquin Achúcarro izena jartzea erabaki zuen, musikariaren ibilbidea omentzeko. Aintzatespen bitxia, baina artista unibertsal horren oihartzuna argi eta garbi erakusten duena. Chicago Sun Times egunkariak “The Consummate Artist” gisa definitu zuen.
BILBOTIK MUNDURA
Achúcarrok izen eta ospe garaiena du nazio eta nazioarte mailan, une garrantzitsuz betetako musika ibilbideari esker. Bilbon jaio zen 1936an, eta 2004an Hiriko seme kuttun izendatu zuten. Ikasle garaian nabarmentzen hasi zen, eta nazioarteko sariak irabazi zituen Espainian, Frantzian, Italian eta Suitzan. 1951n, 15 urte baino ez zituela, Joaquinek bere lehenengo kontzertua eman zuen, Vercelliko lehiaketa irabazi ondoren, Wolfgang Amadeus Mozarten piano eta orkestrarako Re minor kontzertua interpretatuz, Bilboko Orkestra Filarmonikoak lagunduta. Baina 1959an Liverpooleko (Ingalaterra) Nazioarteko Lehiaketa irabazi eta Royal Festival Hall izenekoan, London Symphony Orkestrarekin izan zuen lehen emanaldi txalotuaren ondoren egin zuen gora nabarmen bere nazioarteko karrerak.
Ordutik, Achúcarro etengabe aritu izan da kontzertuak eskaintzen nazioartean, 61 herrialdetara helduz, Avery Fisher Hall, Berlin Philharmonie, Carnegie Hall, Concertgebouw, Kennedy Center, Royal Albert Hall, Teatro alla Scala, Sydney Opera House eta beste areto askotan arituz, errezitaldietan zein bakarlari gisa, 200 orkestra baino gehiagorekin. Orkestra horien artean Berlin Philharmonic, Chicago Symphony, New York Philharmonic, La Scala di Milano, Orchestre de Montreal, National de France, Tokyo Philharmonic, RIAS Berlin, Tonkünstler Wien, Txileko, Mexikoko, Kolonbiako, Venezuelako orkestra nazionalak eta, jakina, Espainiako orkestra guztiak daude. 350 zuzendari baino gehiagorekin aritu da, eta horien artean Claudio Abbado, Sir Adrian Boult, Riccardo Chailly, Sir Colin Davis, Zubin Mehta, Sir Yehudi Menuhin, Seiji Ozawa edo Sir Simon Rattle azpimarra ditzakegu, beste askoren artean.
Sari asko jaso ditu Falla, Granados, Ravel eta Brahms bezalako konposatzaileen lanekin egindako grabazioak direla eta, eta baita aintzatespen asko ere. 1989ko abuztutik Dallaseko (EEBB) Southern Methodist University izenekoaren J.E.Tate Katedra du, eta irakasle lanak bere kontzertu agenda estuarekin uztartzen ditu.
2000. urtean Artist for Peace izendatu zuen UNESCOk Parisen, bere “lan artistiko bikainaren” aintzatespen gisa. Sienako (Italia) Accademia Chigianako Accademico ad Honorem da, eta Espainian Arte alorreko ohore nagusiak jaso ditu: Arte Ederren Urrezko Domina, Musika Sari Nazionala eta Meritu Zibilaren Ordenaren Gurutze Nagusia.
2008an, Dallaseko pertsona eta erakunde talde batek JOAQUIN ACHÚCARRO FOUNDATION izenekoa eratu zuen, “artista eta irakasle gisa utzitako legatua iraunarazteko”, Achúcarroren ikasle diren pianojole gazteei euren ibilbideen hasieran lagunduz.
SARRERAK
11,50 eta 37 euro artean
Salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.