Liburuak aspaldi utzi zion liburu soil izateari. Egunotan Durangoko Azokako erakusmahaien artean paseotxo bat ematea besterik ez dago honako hau ondorioztatzeko. “Gaur egun liburu asko objektuak dira, baina objektu ederrak: ikusi, ukitu eta usaitzeko aukera ere eskaintzen dutenak”, zioen Ttarttalo argitaletxeko Itziar Irastortzak atzo goizean Landako Gunea leporaino bete zuten ikasleez inguratuta.

Batez ere, haur eta gazteei zuzenduriko lanetan ikusten da argien liburuek azken urte hauetan jasan duten eraldaketa, literatur lanek hartu duten bestelako dimentsioa. Liburuak baino, “jolas-liburuak” izatera igaro dira horietako asko, editoreen esanetan. “Jolaserako diren lan ikusgarriak amu bat dira umeentzat”, agertu zuen Irastor-tzak. “Badago adin tarte bat, 2 eta 5 urte bitarteko umeen artean, era honetako lanek oso erantzun ona izaten dutena. Oinarrizko kontzeptuak lantzeko eta ikasteko liburuak dira normalean, baina modu ikusgarrian landuta daude, interaktiboak dira, koloretsuak, deigarriak eta umeari interakzioa exigitzen diete: ireki behar diren lehiatilak dituzte, ukitzeko ehundura desberdinak, sakatzeko botoiak... Guzti hau atsegingarri suertatzen zaie umeei, ikasi edo barneratu behar duten hori modu jostagarrian ikasten dutelako. Finean, jolastuz ikasten dutelako”.

Azken urteotan haur eta gaztetxoei zuzenduriko lanen estiloan eta kalitatean “jauzi handia” eman dela gaineratzen zuen ondoko mahaitik Elkar argitaletxeko Dani Maizak. Aurtengo nobedadeen artean, Lur eta Amets bilduma nabarmentzen zuen, “Euskal Herriko historia ikusputu ludiko eta atsegin batetik” jorratzen duen lana dela azpimarratuz. “Horrelako lanetan ez dira irudi eta hitzak soilik uztartzen, hori baino askoz gehiago dira. Gainera, kasu honetan, liburuarekin batera mahai-joko bat ere kaleratu dugu eta harrera ezinhobea izaten ari da”, jakinarazi zuen.

Argitaletxe bakoitzak bere harribitxiak izaten ditu urtero, eta haur eta gazte literatura ez da salbuespena. Ibaizabal argitaletxearen kasuan, Kroko da “bilduma izarra”. “Jendea espreski etortzen da bilduma honetako liburuen bila. Oso liburu deigarriak dira eta primeran saltzen dira”, zioen Ibaizabaleko Iraiak, liburuz betetako poltsak banatzen zituen bitartean.

Lanen mailak gora egin badu ere, ezin dugu ahaztu kalitatea ordaindu egin behar dela. Hori horrela, lan orijinal eta berritzaileak garestiagoak ere izaten dira normalean. “Material anitzek eta inprenta lanek beren kostuak dituzte eta, ondorioz, liburu hauek ez dira merkeenak izaten”, iritzi zion Irastortzak. “Hala ere, egiten dugun apustua indartsua da; eta, gure kasuan, horregatik aritzen gara atzerriko beste argitaletxe ba-tzuekin elkarlanean. Bakoitzak bere hizkuntzan kaleratzen ditu liburuak, tirada handituz kostuak gutxitzen ditugulako. Guk bakarrik ezin izango genuke euskaraz horrelako lanik kaleratu”.

ALBUM ILUSTRATUAK Haur eta gazteentzako lanen abanikoa zabala da oso, eta ezin daitezke denak zaku berean sartu: badira liburuak, ikaskuntzara bideraturiko lanak, jolas-liburuak, komikiak eta badira album ilustratuak ere. Azken hauen inguruan jendeak “ideia okerra” duela zioen Mari Eli Ituartek, Mezulari argitaletxearen mahaitik. “Gutxietsi egiten dira albumak; izan ere, irudiz lagunduta datozen liburu soil moduan ikusten dituzte askok, baina jendea ez da kontziente liburu hauek duten lanaz. Sorkuntza lana bera bikoitza da kasu hauetan: batetik, idazleak hitzen bidez bere istorioa sortzen du lehenik eta, ondoren, marrazkilariak irudien bidez berriro sortzen du istorioa. Kasu gehienetan, bien artean eratzen dutena benetako artelana izaten da”.