Donostia - Martutene (2012) nobela mardula bukatu eta, ohi bezala, “erditze osteko depresioa” sentitu zuen Ramon Saizarbitoriak. “Gauza arinagoak egin nahian”, ipuinak idazteari ekin zion. Erotismoa eta perbertsioa landu zituen, betiere “modu barregarri batean” eta “idazle neurotikoaren” ikuspuntutik. Halako batean, narrazio bat luzatu zitzaion, “gustura” sentitu baitzuen bere burua donostiarrak, eta istorioa handitzen joan zen Lili eta biok (Erein) eleberri bihurtu arte.
Faustino Iturbe idazlea da liburuaren protagonista. Oso gaixo dagoen idazle bakartia da, kulpa zahar baten zama bere gain eramatera etsita. Baina ausaz -“dena gertatzen da ausaz nobela honetan”, dio argitaletxeak- nerabezaroaren krisialdian bete-betean sartutako neska argia ezagutuko du, Lili izenekoa. Kalez kale garatutako solasean, gurasokeriarik gabe, galdera, zalantza eta jakinminaren aurrean, Otzeta eta Gerra Zibilaren garaiko sekretu baten jakitun egingo du Lili, besteak beste. Txiki deitutako txakurra ere badago, “zeinak ez duen hitzaz baliatu beharrik elkarbizitza atsegin bat bideratzeko”.
Saizarbitoriaren azken lanak 575 orrialde ditu. “Ez da Martutene bezain luzea, baina hura bezain mamitsua da”, esan zuen Inazio Mujika Iraola editoreak. Aipatu zuenez, “kasualitatez betetako” liburua da Lili eta biok, oso ondo “lotutako” kasualitateak, hain zuzen ere. Zenbaitetan, “nobela beltza baten tankera” hartzen du, besteetan “komikoa eta patetikoa” ere bada. “Umore fin” eta “sentsualitatez” josita” dago, baina “tonu erromantiko-tragikoa hartzen du gerra garaiko istorioak kontatzeko”. “Nobela poliedrikoa da, alde didaktikoa badu eta irakurleak askotan ikusiko du identifikatuta bere burua”, gaineratu zuen.
Iñaki Aldekoa ere editore lanetan aritu da eta atzokoan nobelaren bi ezaugarri goraipatu zituen: “Pertsonaiek duten sendotasuna” -psikologikoki “oso ondo hornituta” daude- eta lanaren “arkitektura” -simetriak, gorabeherak eta kasualitateak “milimetroraino neurtu” ditu egileak-. Horrekin batera, ondare historiko eta kulturalaren transmisioa ere badago.
Saizarbitoriak berak onartu zuen liburuaren kutsu “pedagogikoa” eta gogora ekarri zuen gazteei zuzenduta zegoen Kandinskyren tradizioa (2003) bere nobela laburrak izan zuen “oihartzuna”. Oso esperientzia “baikorra” izan zen berarentzat, eta lan berria idaztean, “gazteekin komunikatzeko nahi horrek eragina” izan du. Horregatik, benetan espero du Lili eta biok “gazteek ere irakurtzea”, haientzat “baliagarria” izatea.
Dena den, ez daki “zein neurritan den ona gazte literatura eta beste literatura bereiztea”, generoen artean ez baitu ikusten “halako muga sakonik”. “Nire garaian, bazirudien Salgari eta Dickens zirela gazteentzako idazleak, baina ni oso gaztetan hasi nintzen Dostoievski irakurtzen. Debekatuta ziruditen liburuak gustagarriak ziren guretzat, baina orain ez dakit gazteek liburu debekaturik baduten. Zer egin behar da nerabe batek Prousten nobela bat edo Nabokoven Lolita irakurtzen badu?”, galdetu zion bere buruari. “Psikiatrarenera eraman?”, bota zuen txantxetan Mujika Iraolak.
Saizarbitoria, Nobelagile “Sexua gizon neurotikoaren ikuspegitik” jorratu du Saizarbitoriak, baita gizonezkoa izateko “kulpa” eta “gerrak duen eragina” ere. Halaber, gure bizitzan “kasualitateak duen garrantzia” ez du ahaztu, literaturan “jolasteko bidea” ematen duelako. Aitortu zuenez, elkarrizketetan asko hitz egin ohi du “politikaz” eta “indarkeriaz”, baina atzokoan “aldarrikatu” zuen Lili eta biok nobela bat dela. “Nahiz eta azpian zentzu didaktikoa izan, liburuaren Faustino eta ni neu nobelagile bezala azaltzen gara. Idazle baino, nobelagilea naiz, eta ahalegintzen naiz gauzak esaten era nobelistiko batean, pertsonaien bidez eta abar”, iritzi zion.
Bere liburuen inguruan egiten diren interpretazio psikologikoei dagokienez, umorez esan zuen “arazo bihur-tzen” ari zaiola. Bere aburuz, kritikagintzan “modan” jarri da alderdi psikoanalatikoari erreparatzea eta berari ere gustatzen zaio. Markos Zapiainen Saizarbitoria eta iragana liburua, esaterako, “gustura” irakurri zuen: “Batez ere nitaz ari zela ahazten nuenean”. “Saiakera hartan, egileak egozten zidan nire nobeletan animaliarik, homosexualik eta masturbaziorik ez ateratzea. Oraingo honetan denak sartu ditut. Beraz, konplitu dut Markos Zapiainekin”, bota zuen txantxetan Ramon Saizarbitoriak.