- Bernardo Atxaga oporretara joan zen batean, bere txakurra, Xola, etxean bakarrik utzi zuen. Atxagaren anaia animalia zer moduz zegoen ikustera joan zenean manta baten azpian gordeta aurkitu zuen. “Anaiak istorioa kontatu zidanean, txakurrak zer esango lukeen pentsatu nuen, eta horrela sortu zen Xolaren abenturak konta-tzeko ideia”, azaldu zuen atzo Atxagak. Hala ere, lehenengo lana izango zela uste zuena bosgarren liburua izan da azkenean, orain kaleratu baitu Elkar argitaletxearekin Xola eta lapurra, bildumako bosgarren alea, lehenengoa Xolak badu lehoien berri (1995) izan zelarik.

Idazle asteasuarrak jada oso ondo ezagutzen du duela hogei urte sortu zuen pertsonaia hau. “Xola, batez ere, oso inuzentea da, eta ez da ohartzen bera nolakoa den”, azpimarratu zuen Atxagak. Bere ustetan, txakurrak pentsatzen du erraz egingo duela nahi duen guztia, baina talka egiten du errealitatearekin. Adibidez, istorio batean lehoia bihurtuko dela uste du, eta beste batean, basurdeak erraz harrapatuko dituela pentsatzen du, ardiak direla uste baitu. “Egia esan, ez du inoiz ikasten, behin eta berriz akats berberak egiten baititu eta inuzenteegia izaten jarraitzen du”, gaineratu zuen Atxagak. Oraingoan, Xolak lapurrei buruzko istorioak entzungo ditu, eta beldurra eta jakin-mina edukiko ditu aldi berean.

umore zuria Haurrak liburua gustura irakurtzeko erabiltzen duen herraminta bat umorea da, “zuri-zuria, klownek erabiltzen dutena bezalakoa, pixka bat burlatia”. “Hasieratik, nire eragin zuzenak lotuta egon dira umorearekin, adibidez, Charles Dickensen Pickwick klubaren paper postumoak liburua”, azaldu zuen. Bere ustetan, garran-tzia handia du, eta gainera, haurrekin erabiltzen duen umorea poesiatik nahiko gertu dagoela adierazi zuen. “Gaur egun diskurtso zurrun asko dago, eta umoreak distantzia pixka bat jartzen laguntzen digu”, gehitu zuen. Xolaren istorioek ideia horri jarraitzen diote eta gainera, antiautoritario izateko nahiari ere bai. Hala ere, umore popularra baino “finduagoa” da bilduma honetakoa. Atxagak Mikel Valverde ilustratzailearen lana ere goraipatu zuen, umorearen inguruan garran-tzia izan baitu. “Artista berezia da, ez da ohikoa, bere marrazkietan umorea baitu”, adierazi zuen, eta gainera, “txakur hau nahastezina” izatea lortu duela gehitu zuen.

Bestalde, umorea hor dagoela justifikatu zuen anekdota batekin. Izan ere, urtarrilaren 19an urteko egunik tristeena da irlandan eta The Irish Times egunkariak Atxagaren Xolaren abenturak liburua -bere istorioen bilduma bat- gomendatu zuen jendea animatzeko eta triste ez egoteko. “Behin eduki nuen tentazioa dibertigarria ez den zerbait egiteko, baina azkenean ez egitea erabaki nuen”, kontatu zuen, umorea oso garrantzitsua baita bere iritziz.

haurrei iristeko ahalegina Ingelesez ateratako liburuak arrakasta handia izan zuen eta aurreko astean Atxaga Londonen izan zen Marsch saria jasotzen. “Beti jakin izan dut ilustrazioak eta elkarrizketak garrantzitsuak direla haur literaturan, baina oraingo honetan beste zerait ikasi dut: aktorearen beharra”, azpimarratu zuen idazle gipuzkoarrak. “Londonen, aktore batek nire pasarte batzuk irakurri zituen, eta haurrak hipnotizaturik begiratzen zioten”, azaldu zuen. Bere iritziz, Euskal Herrian ere teknika hori erabiltzea ere ideia ona izango litzateke. “Ahalegin hori egin beharko litzateke saltzeko”, nabarmendu zuen, etorkizunera begira. “Egin dudana interesatzen zait, baina are gehiago egingo dudana”, esan zuen.

Atxagak ez daki noiz idatziko duen Xolaren hurrengo istorioa, baina jada badaki zein gai erabiliko duen. Xola eta pintura modernoa izena eramango du, eta museoen ingurukoa izango da. Txakur protagonistak Gioconda ikusi nahiko du Louvren, baina hainbeste jenderekin oso zaila egingo zaio. “Gaur egun bizi-tza modernoa dagoen egoerak harritzen dit; duela urte eta erdi Parisen izan nintzen, eta museo guztiak bete beteak zeuden, ezin izan nuen ezer ikusi, eta hori islatuko dut hurrengo abenturan”, esan zuen.