Musikari askok diotenaren kontra, berea ez omen da bokazionala izan. “Nik ez nuke esango musikarako bokazio argi batekin jaio nintzenik; niri biolin bat jarri zidaten eskuetan, eta poliki-poliki hasi nintzen jolasean”, kontatzen du Xabier de Felipek (Bilbo, 1987). Bokazioarekin edo gabe, zalantzarik ez dago umetatik etxean arnastu zuen giroak izan zuela eraginik musikaren munduan barneratu zedin: “Aita musikaria da, arrebak ere biolina jotzen zuen umetan, lehengusuek bestelako instrumentuak? Musikari familia izan da gurea betidanik eta horrek eragiten dizu”, dio. Hala, bost urte baino ez zituela hasi zen biolinaren hariekin jolasean, bere kabuz instrumentua deskubrituz aurrena, eta kontserbatorian ondoren, 7-8 urterekin.
Urteek aurrera, nerabe zela hasi zen De Felipe etorkizunean musikaren bidetik jarrai-tzeko asmoa “serioski aztertzen” eta Leioako kontserbatorioan batxilergo musikala egitea deliberatu zuen. Ordurako, biolina eta honen jabea “banaezinak” omen ziren, De Felipek dioen legez: “Piano klase osagarriak ere jaso nituen, baina ordurako argi neukan, etorkizunean musikari izango banintzen, biolinarekin egingo nuela nire bidea”. Sasoi horretan hasiko zen Euskadiko Gazte Orkestran jotzen, 17 urterekin, eta Musikenen goi-mailako Biolin Ikasketak abiatuko zituen jarraian. 2009an, karrera bukatuta, Alemaniarako bidea hartu zuen, Nicanor Zabaleta eta Bizkaiko Diputazioaren bekak baliatuta. Graduondoko Masterrak burutu zituen bertan, Frankfurteko Hochschulen lehenbizi (2009-2011), eta Berlingo UDKn gero (2011-2013). Horrez gain, Schleswig-Holstein, Junge Deutsche Philharmonie eta Gustav Mahler Gazte Orkestra Internazionaletako partaide ere izan da eta baita Berlingo Konzerthausorchester-eko biolin akademista ere. 2014ko otsailean, Hanburgoko NDR Orkestra Sinfonikoko lehen biolineko plaza lehiaketa publiko bidez irabazi zuen, eta gaur egun horixe du bere ogibide.
Alemanian, “musika klasikoaren epizentroan” bizi dela dio De Felipek eta, hori gutxi balitz, “Europako orkestra onenetako batean” ari-tzeko zortea duela jakitun da. “Beste hiri ba-tzuek, Berlinek, kasu, fama handiagoa izan dezakete Hanburgok baino, baina Berlineko orkestra guztietatik punta-puntakoak bi edo hiru dira. Hanburgon bi orkestra daude, baina gurea da onena; eliteko orkestra bat da”. Mundu osotik etorritako 110 kidek osatzen dute musikari talde finkoa eta lehen biolinetan aritzen da De Felipe, beste 19 biolin-jotzailerekin batera. Lan dinamikari dagokionez, astero egitarau desberdin bat lantzen dute orkestran. “Hiru egunez, bost orduko entseguak egiten ditugu, laugarren egunean entsegu orokor bat eta, azkenik, bi edo hiru kon-tzertu izaten ditugu astero, bi Hanburgon eta beste bat inguruko herriren batean. Hori izaten da gure aste normal bat”, kontatu du.
BAKARKA ERE BAI Hirian bertan edo bertatik gertu ematen dituzten kontzertuez gain, punta-puntako orkestra batean egoteak “mundua ezagutzeko aukera” ere eskaini dio gazte bilbotarrari. “Bira dexente egiten ditugu: iaz, adibidez, Korea, Txina eta Japonian egon ginen; aurten, Vienan eta Parisen izan gara; eta, urtea bukatu baino lehen, Polonian bira bat egingo dugu”, aurreratu du. Bizimodu mugitua duela irudituko zaio bati baino gehiagori, baina “kasik kontrakoa” dela dio De Felipek, malgutasun handia baitute. “Ez dugu denok astero jotzen, txandak egiten ditugu taldean. Nik, adibidez, proiektuen %80an parte hartzen dut”, jakinarazi du. Hori horrela, denbora libre dexente izaten du bilbotarrak, eta horrek aukera ematen dio beste bide ba-tzuk arakatzeko, besteak beste, bakarlari moduan bere bidea jorratzeko. “Maila altuko orkestra batean egoteak abantaila hori du: denbora eta malgutasuna ematen dizkizu beste gauza batzuk egiteko”. De Feliperen kasuan, oraintsu Madrilgo Auditorio Nazionalean egin berri du debuta eta, etxetik gertu, Barakaldo Antzokian ere aritu da. Aurrez, Bartzelonako Musikaren Jauregian eta Bilboko Arriaga Antzokian ere eskaini izan ditu emanaldiak bakarlari moduan. “Orkestrako lanaz aparte, sekulakoa da bakarka nire bidea egin ahal izatea -onartzen du-. Horrez gain, orkestrako kide batzuekin boskote bat ere badut. Denak gara orkestrako kideak, baina beste formatu baten aritzen gara, modu librean eta beste errepertorio batekin”, gaineratu du.
Mugak lausotuz Musikari askorentzat ametsa litzateke De Felipek egin duena egitea. Izan ere, Europako punta-puntako orkestra batean plaza finkoa lortzea oso gutxiren eskura dagoen pribilejioa da, eta, are gehiago, lorpen hori 30 urte bete aurretik erdiesten bada. “Lan asko egin dut, ez dut ukatuko, baina zortea ere aldeko izan dut -onartzen du-; baditut ni beste lan egin duten lagun musikariak, baina ez dute aukera izan leku jakin batean gera-tzeko, eta batetik bestera ari dira”. Izan ere, De Felipek uste du gaur egun gauzak ez daudela erraz. Musikari gazteen maila “geroz eta hobea” dela dio, baina exigentzia maila ere “nabarmen” igo dela uste du. “Musika klasikoaren plaza sekula baino unibertsalagoa da orain eta mundu osoko jendea dabil borrokan. Garai batean, bakoitza bere herrian gera-tzen zen; baina, orain, nazioartean konpeti-tzen dugu denok, mugak lausotu egin dira eta horrek konpetentzia asko igo du. Esaterako, Parisen lanpostu bat ateratzen bada, mundu osoko musikari onenek segituan jakiten dute eta Korea, Txina, Japon edo Estatu Batuetatik joango da jendea, lehen soilik frantziarrak aurkezten zirenean”. Baina, jende gehiago mugi-tzeaz gain, “geroz eta prestatuago” ere badago jendea, eta, beraz, geroz eta zailagoa da plaza bat lortzea, De Feliperen aburuz. “Plaza bakoitzeko 200 edo 300 hautagai aurkezten dira, baina hortik soilik 50 inguruk egiten dituzte frogak. Aukera bat izateko kontuan izaten da zer ikasi duzun, zein irakasle izan dituzun, zure kabuz zerbait irabazi duzun? Baina, batez ere, asko balio du esperien-tzia orkestralak”, nabarmendu du.
aukera gutxi Hain preziatua den esperien-tzia izateko, ordea, aukerak eduki behar dira eta horretan estu dabiltza euskal musikari gazteak, bai behintzat gure mugen barruan, konpetentziak ez ezik, krisiak eta aukera faltak ere estutzen dituelako. Hala, askok atzerrira jotzen dute aukera gehiagoren bila, eta urrats hori emateko “oso lagungarri” da diru-laguntza eta beka oro, De Feliperen esanetan. “Kanpora irten behar garenak gu gara. Alemaniar bat egon daiteke bizi-tza osoan bere hirian bertan ikasten eta lanean, etxe ondoan aukerak dituelako, baina gure errealitatea oso bestelakoa da. Zen-tzu horretan, funtsezkoa da diru-laguntzak edukitzea, beka gabe asko ezin direlako joan; edo joan bai, baina bestelako lanak egin behar dituztelako bizi ahal izateko”. Dena den, “zalantzarik gabe”, aukera duenari pausoa ematera animatuko lioke De Felipek. “Atzerrian aukera gehiago dago, batez ere gaztea bazara. Ikasketa aukerez gain, musikari gazteekin lan egiten duten maila altuko orkestrak daude, orkestra semi-profesionalak, ganbara taldeak? Hori da Euskal Herrian falta dena”.
Gabeziak gabezi, azken urteetan gurean ere gauzak hobetu egin direla uste du musikariak. Adibidez, Musikenek “lan handia” egin duela dio, baina, orokorrean, oraindik “pare bat urrats atzetik” gaudela dio. Gainera, salatu du krisiaren eraginez euskal orkestretan ez dela plazarik ateratzen, zenbait musika ziklo desagertu egin direla eta horren ondorioak gazteak ari direla pairatzen. “Orain dela 10-15 urte, gutxi ziren atzerrira joaten ziren euskal musikariak, baina gure belaunaldikook karrera bukatu eta kanpoan bilatu behar izan ditugu aukerak. Gaur egun, Euskal Herriko eta espainiar Estatuko musikari onenak atzerrian ari dira ikasten edo lanean. Tristea da, baina hori da errealitatea”.
Gauzak horrela, epe laburrean Euskal Herrira itzultzea “zail” ikusten du musikari bilbotarrak. “Oso pozik nago Hanburgon, baina egia da etxean bezala ez dela inon egoten. Profesionalki, orain dudan lanaren parekorik ezin dut eduki Euskal Herrian, gurean ez dugulako maila horretako orkestrarik: hain baldintza onekin, mundu mailan birak egiten, musikari onenekin jotzen? Hori bizitzea sekulakoa da niretzat. Baina, akaso, egunen batean, balantza batean jarri beharko ditut arlo profesionala eta pertsonala. Nik, behin-tzat, ez dut inoiz aterik ixten”, dio.
Etorkizunean zer gerta ere, De Felipe sarri etorri ohi da Bilbora, bakarkako kontzertu bat dela tarteko edo, besterik gabe, eta aukera duenean, familia bisitatzera, “horretarako ez baita aitzakiarik behar”. Munduko antzoki onen-tsuenetan txalotua izan bada ere, beti omen da “berezia” etxean aritzea, ingurukoak gertu dituzula oholtzan egotea. “Zirrara berezia sentitzen da halakoetan -onartzen du-. Bakarlari moduan, ilusio handia egingo lidake, adibidez, Donostiako Kursaalean jotzeak edo Bilboko Arriaga Antzokiko esperientzia errepika-tzeak. Ea egunen batean posible den”, ager-tzen du bere nahia. Bide honetatik jarraituz gero, ziur aukerarik ez zaiola faltako.