Euskaldunon marinel -eta baleazale- iragana arras ezaguna da aspalditik. Baina gure arbasoak itsas lapurretan arituak ere badira, duela oso berriki arte hau nahiko ezkutuan izan bada ere. Bada, gure historiaren atal hori kontatu nahi digu Kortsarioen Ostatua komikiak. Zehazki, Dani Fano eta Guillermo Gonzalez beronen egileek “gure iragan kortsarioa” ezagutaraztea dute helburu, pirateriaren aldaera hori, hain zuzen. Izan ere, garai batean, kortsaritza legezko jarduera zen, baldin eta harrapatzen zenuen itsasontzia zure koroaren etsaia zen herrialde batekoa bazen, herrialde edo koroa arerioen merkataritza oztopatu eta ahultzen baitzen era honetan.

Dani Fano gidoilariaren esanetan, beraien lehenengo asmoa “piraten fantasiazko istorio bat kontatzea zen, Piratas del Cariberen estilokoa. Baina apur bat ikertzen hasi ginen eta ikusi genuen euskal kortsarioen istorio errealetan sekulako altxorra zegoela bertatik narrazio ederrak ateratzeko”, kontatu du. Euskal kortsaritza balea arrantzaleen artean sortu zen, baleez gain, eta ahal izanez gero, on-tzi etsaiak ere harrapatzen hasi zirenean. Geroago, honakoa oso errentagarria zela ikustean, jarduera kapitalista bihurtu zen: armadoreek dirua jartzen zuten kortsoan ariko ziren ontziak armatzeko. Eta, hala, XVII. mendean, Donostia iberiar penintsulako kortsaritza porturik garrantzitsuena bilakatu zen. Alabaina, garai hartatik gure egunetara iritsi diren testigantza gehienak epaiketetako aktak dira. Hala, “testuok narrazio interesgarri batek behar dituen detaileak falta dituztenez, zehaztasunak asmatu” behar izan dituztela dio Fanok; eta, horregatik, “fikziozko istorioak” ondu dituzte.

Fikzioa baino gehiago Kortsarioen Ostatua albumean sei istorio ezberdin kontatzen dira, guztien bilgune Donostian dagoen eta izenburuak erreferentzia egiten dion ostatua izanik. Istorioak fikziozkoak izanik ere, benetako pertsonaia eta gertaeretan oinarritzen dira denak. Ostatua, adibidez, Juana Larandorenean inspiratuta dago, geroko harrapakinen truke kortsarioak hartzen zituen eta hala aberastu zen ostalersaren figuran, hain zuzen. Gainera, istorio bakoitzaren amaieran orrialde bat gehitu dute egileek, istorioan kontatzen diren gauzen inguruko azalpenekin; hala, XVII. mendeko Donostiaz, hondar-tzaz, paulinez, Roa kapitainaz, itsasoko mitoez, garaiko torturez eta, finean, gure historiaren hainbat kontu interesgarriz gehiago jakiteko aukera ematen digu komiki honek. Horrez gain, ikasiko dugu nola euskal kortsarioak, bi koroa ezberdinentzat lanean aritu baziren ere, mugaz bestaldeko euskal ontzi kortsarioetan ere aritzen ziren maiz.

Ikusten denez, dokumentazio lan ikaragarria dago komiki honen atzean, eta hala izan da alde grafikoari dagokionez ere. Fano gidoian bezala, errealitatearekiko ahalik eta fidelena izaten saiatu da Guillermo Gonzalez bere marrazkietan. Eta irudiak, fidelak izateaz gain, ederrak dira zinez. Zalantzarik gabe, komiki hau euskaraz egotea benetako luxua da. Asteburu honetan bertan, Getxoko Komiki Azokan egileek sinaturiko ale bat eskuratzeko aukera izango da. Ohiko liburu dendetan ere aurki daiteke komikia, eta, bestela, Xabiroiren webgune estreinatu berritik ere eskuratu daiteke (https://www.xabiroi.eus).