donostia - Jada zazpi urte zerama-tzan bakarkako lanik editatu gabe eta gogoz ekin dio bere proiektu berriari Sorkun abeslari errenteriarrak. Ziklomorphosia bere bakarkako laugarren diskoa da, Sorginetxe kooperatibarekin eta Promomusika promotorearekin kaleratutakoa, eta abeslariak “disko ezberdin bat” bezala definitu zuen atzoko aurkezpenean. “Rock and rollaren pisua kendu diot oraingoan, eta denetariko musika dago diskoan”, gaineratu zuen Sorkunek, proiektu honek estilo ezberdinetako jende askoren kolaborazioak izan baititu. Besteak beste, northen soul, reggae eta musika dantzagarria bezalako estiloak daude eta, kanta batzuetan, abeslariak ia hitz egiten du. “Orain arte egin dudana baino suabeagoa da; rockarekin asko nekatu naiz azkenaldian, jada adin bat baitaukat, eta gainera, ahotsak asko sufritzen du”, azaldu zuen.

Ziklomorphosia hamaika abestiz osatuta dago, era guztietakoak. Adibidez, Koldo Soretekin (Niña Coyote eta Chico Tornado) film labur baterako egindako abestia dago, Ur azpian izenekoa. “Niretzako hartu nahi izan dut”, adierazi zuen. Howling Wolfen Spoonful abestiaren bertsio bat ere badago, eta Harkaitz Canok idatzi dion kanta “oso polita”, Gizon laztan izena duena. Hibaika arraun elkarteari ere abesti bat eskaini dio, Iñigo Legorburu bertsolariarekin batera sortutako letra batekin. “Bertan egin nuen arraun denbora batez, eta lotura handia dut klubarekin”, adierazi zuen abeslariak. Javi Pezek egindako Astronautak abestia ere nabarmendu zuen.

“kalitatezko testuak” Kolaborazio hauetaz gain, beharbada handiena Eider Rodriguez idazlearena izan da. “Krisi handi bat nuen nire euskararekin eta horregatik erabaki nuen diskoko testuak nik ez idaztea”, azaldu zuen Sorkunek. Rodriguez bere laguna denez, hitz egin zuten eta letrak idaztea proposatu zion. “Gainera, lan honek testuetan kalitatea izatea nahi nuen, eta hori lortu dut Eiderrekin -jarraitu zuen-. Esaldi bat esaten nion eta berak bazekien zer idatzi”. Bere ustetan, letrak nahiko tristeak dira, eta horregatik nahastu ditu erritmo dantzagarriekin.

Disko hau eskuratu nahi duenak sorkun.eus orrialdera jo beharko du hilaren 9tik aurrera, eta Durangoko azoka pasatakoan, dendetara iritsiko da. Bestalde, zuzenekoetara joan nahi duenak, Bilboko Kafe Antzokian izango du lehenengo aukera, hilaren 26an, Liberekin batera. Ondoren, 28an, Iruñeako Zentralen izango da Zea Maysekin; abenduaren 11n, Gasteizko Jimmy Jazzen, Zurarekin; eta azkenik, abenduaren 19an iritsiko da Donostiara, eta Ras Miguel & Tafarirekin arituko da Intxaurrondo kultur etxean.