BILBO. Parte hartu gura duten ikastetxe eta eskolek aldez aurretik izena eman beharko dute, Durangoko Azokako webgunearen bidez: www.durangokoazoka.euss. Horretarako epea astelehen honetatik urriaren 3ra arte izango da.

Antolakuntzak adierazi duenez, urterik urte, Durangoko Azoka Ikasle Eguneko egitaraua sendotzen eta aberasten joan da, eta 50. edizio honetan ere ikasleek hamaika jarduera izango dituzte eskura: kontzertuak, solasaldiak, tailerrak eta abar. Orotara, goizeko 10:30etik aurrera ikasleentzat beren-beregi antolatutako 25 saio baino gehiago egongo dira, azokako postuetako ohiko eskaintzaz gain. Iaz, Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetako 1.200 ikasle baino gehiago elkartu ziren Ikasle Egunean.

Gainera, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleek hainbat ekimen berritzaile topatuko dituzte Ikasle Eguneko egitarauan, orain arte antolatu ez diren ekintza ugari egongo baitira: zirko tailerra, bideoklipak ekoizteko tailerra eta abar. Estaerako, genero ikuspegiak lanketa berezia izango du aurten: Irudienean sexismoa aztertuko da ikus-entzunezko lanetan; Saguganbaran ipuin, liburu eta kantuek transmititzen dituzten baloreak izango da aztergai.

Horrez gain, lehen aldiz, Durangoko Udal Bibliotekak ere Ikasle Egunean parte hartuko du, "stop-motion" delako tailer baten bidez. Horri esker, Lehen Hezkuntzako ikasleek "book-trailer" bat egiten ikasiko dute.