Donostia - Nobela zein ipuin-liburu, bere kontakizunen eskutik ezagutu izan dugu Karmele Jaioren literatura azken hamar urteotan. Oraingo honetan, gasteiztarrak poesia aukeratu du barruko ezinegonak agertzeko: poesia. “Nobela bat idaztea egunero adreilu bat beste baten gainean jartzen joatea da, eta poesiak lan egiteko modu askeago bat eskaini dit. Nire asmoa, poema solteak baino gehiago, poema ezberdinez egindako eraikuntza bakar bat sortzea izan da”, argitu du idazleak Elkar aldizkarian. Elkar argitaletxearekin plazaratu du estreinako poemarioa, Orain hilak ditugu, eta bertan hainbat gai jorratu ditu, tartean, denboraren igarotzea, galdutako pertsonek utzitako hutsunea, desirak, eguneroko gazi-gozoak... Dena estilo hurbil batekin kontatua.
Lau ataletan zatituta dago poemarioa, eta heriotza oso present dago (batez ere laugarren atalean), baina ez heriotzaz hitz egiteko, bizitzaz baizik, egileak berak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez: “Egia da hilak agertzen direla poemetan, baina ez hainbeste heriotzaz hitz egiteko, baizik eta bizitzaz hitz egiteko, heriotzari begiratzea bizitza gehiago baloratzeko modu bat ere baita”.
Lehen atalean, barrura begiratu du, “barruko zulo eta putsuetara, ahulezi guzti horiei”. Barrura egindako ihesaldi bat dela onartu du, “errealitatetik ihes egiteko modu bat”. Bigarren atalean harremanei buruzko poemak metatu ditu: “maitasunaren agortzea, desioaren akabua, berpiztea...”; hirugarrenean inguruari begiratu dio gehiago, “egunerokotasunak ematen dituen gazi-gozoei”; eta, amai-tzeko, heriotzari egin dio leku laugarren atalean. - I. Mendizabal