DONOSTIA. Mariasun Landa euskal idazlea omenduko dute ostegun honetan, uztailaren 9an, Donostiako Aquariumean. "Mariasun Landarekin Solasean" izenburupean, haur eta gazte literaturako idazlearen lana eta ibilbidea goraipatzeko asmoz, "literatura, ilustrazioa, musika eta gerturatu nahi duen orok izango dute zita ekimenean", arratsaldeko 19:00etan", Etxepare Euskal Institutuak adierazi duenez.
Bertan euskal kulturgintzako protagonista ezberdinek hartuko dute parte. Landaren bidelagun izan diren Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe, Miquel Desclot eta Fina Casadelrrey idazleek esku hartuko dute irakurketa literario ezberdinekin. "Landaren testuak zein ekitaldirako espresuki sortutako testuak errezitatuko dituzte idazleok", antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Bitartean, euskal ilustratzaile entzutetsuek zuzeneko marrazkiak sortuko dituzte: Antton Olariagak, Jokin Mitxelenak, eta Espainiako Ilustrazio Saria irabazi berri duen Elena Odriozolak. Horiek denek Juantxo Zeberio musikaria lagun izango duten pianoan.
Etxepare Euskal Institutuak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroekin elkarlanean antolatutako Excellence in Basque Studies V ikastaroaren gerizpean antolatutako ekimena da eta publiko orokorrari zabalik egongo da.