iruñea - Garabide Elkarteak, Nafarroa Oinezen eta bertan biltzen den Txikiak Handi hizkuntza gutxituen aldeko ekimenaren eskutik, Beltzean mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz dokumentala aurkeztu zuen atzo Iruñean. Hego Ameriketako zazpi hizkuntza komunitatetako 14 kideren euskararen herriari buruzko gogoetak biltzen dituen erreportajea 2011n hasi zen lantzen, kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek hizkuntza komunitateetako ordezkari talde batek Garabidek eskaintzen duen hizkuntza gutxituen berreskuratzearen inguruko formazio proiektu batean parte hartu ondoren. Esperientzien elkartrukean oinarritutako kooperazioa sustatzen duen elkarteko Andoni Barreñak eta Ander Bolivarrek bat egiten dute euskal kulturak Hego Ameriketako hizkuntza komunitateekin partekatzeko aunitz duela erraterakoan.

Duela lau urte egon bertaratu ziren dokumentalean agertzen diren hizkuntza komunitateetako ordezkariak Euskal Herrian eta, besteak beste, orduko Nafarroa Oinezaren antolatzaile zen Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola ezagutzeko parada izan zuten. Zer nolako esperientzia bildu zuten bertan?

Andoni Barreña - Egun osoko bisitaldia izan zen eta ordutik gehiagotan itzuli gara bertara. Egia esan, oso harrera ona egin izan digute beti Tafallako Ikastolan. Etortzen diren indigena taldearentzat, inportanteena egin daitekeela, aurrera egiteko aukera badagoela ikustea da. Euskarak oraindik izugarrizko mugak ditu eta, noski, ez gara normalkuntzara heldu, are gutxiago Nafarroako ikuspegitik. Baina eurek ikusten dute nolabait aurrera egiten ari garela eta pauso batzuk eman direla. Erreferente bat gara beraientzat. Bestalde, aurrera egite hori ezin daitekeela edonola egin ere ikusten dute, planifikazio bat beharrezkoa dela.

Ander Bolivar - Eskaintzen dugun formazioaren bloke garrantzitsuenetako bat hezkuntzarena da eta gehienbat Euskal Herrian eman den D eredua edo murgiltze eredua, bai ikastolen aldetik bai sistema publikotik. Nafarroara etortzen direnean, hemengo ikastolen egoera soziala askoz ere gertuagoa dutela nabari-tzen dute, Gipuzkoa edo Bizkaiako ikastolenarekin alderatuz. Egoera soziolinguistikoagatik eta gurasoen parte-hartzearengatik izan daiteke.

Zer nabarmentzen dute bertan jasotzen duten ikuspegi guzti horretatik?

Bolivar -Gehienbat herri mugimendutik eta gizarte antolatutik abiatutako berreskurapen prozesua izan dela, batez ere. Askok, prozesua instituzioetatik hasten dela uste dute, baina hemengo eredua ez da horrelakoa izan. Kontrako egoera batean ere, aurrera egiteko aukera badagoela ikusten dute.

Beltzean mintzo dokumentalean zazpi hizkuntza komunitatetako kideen iritziak biltzen dira. Zein da hizkuntza hauek egun bizitzen ari diren egoera? Zein puntutan daude?

Barreña -Nolabait ulertzeko, 6.000 hizkuntzatik XXI. mendearen arabera 500 bakarrik helduko balira, euskarak ikaragarrizko aukerak izango lituzke horien artean egoteko. Euren hizkuntzak, aldiz, abiada bizian hurbiltzen ari dira desagerpenera. Kolonbiako Toribio eskualdean, adibidez, nasak bakarrik bizi dira, %99a dira. 35.000 biztanleetatik, gutxi gora-behera %25ak daki hizkuntza, eta gehienak helduak dira, gero eta zaharrago gero eta gehiago dira hizkuntza dakitenak, gazte eta haurren artean, ordea, gutxi. Hizkuntza transmisioa eten egin da eta bazterketa ikaragarria bizi dute: ez dute lanerako ez garapen sozialerako biderik. Auto-gorrotoa eta lotsa sentimenduak ere bizirik daude: nire ama indigena da, baina ni ez. Hala ere, egia da badirela zerbait egin nahi dutenak ere badaudela, gugana jo dutenak adibidez, zerbait egin baina nola egin ez dakitenak.

Nola garatu da Garabide eta indigena komunitateen arteko harreman hori? Hizkuntzen berreskurapen prozesuan aurrera egin da?

Bolivar -Lankidetza mota honek emaitza handiak eman ditu oso epe motzean. Adibidez, Sacha, dokumentalean agertzen den kitxuetako bat, une honetan Ekuadorreko parlamentuko aholkularia da. Ekuador osorako hizkuntza lege berri bat gidatzen aritu da, Garabide elkarteko Jon Sarasuarekin batera landu duena. Sacha burugogor jarri delako atera da aurrera legea eta, berari galdetzen diotenean horren jatorria, zera esaten du: burugogor jarri naiz Euskal Herrian egon nintzenean euskararen herritik edan nuelako. Gorritu ere egiten gaitu, nolabait, horrek. Izan ere, euskararen normalizazioan dena daukagu egiteko oraindik...

Barreña -Kaqchiquelak, adibidez, murgilketa prozesuak martxan jar-tzen ari dira hezkuntzan, eskoletan. Berriki bideo bat bidali ziguten, matematikako gelak kaqchiquelez ematen ageri zirenak. Lau eskola indigena sortu dituzte eta, nolabait ulertzeko, A eredutik B eredura igaro dira. Euren asmoa, apurka-apurka, D eredua izango zen horretara iristea izango zen. Herri moduan, lankidetza horretan konpartitzeko zer daukagun jakiteko beharra daukagu. Metatutako esperientzia hori partekatu behar dugu, batez ere ikusita mundu mailan hizkuntza eta kultura aniztasunarekin gertatzen ari dena. Horrek, beste indar bat ematen digu euskaldun bezala, erreferente bilakatzen gaitu.

Zein errango zenukete dela lankidetza modu honek daukan alderdirik baliagarriena?

Barreña -Intzidentzia kualitatibo bat eskaintzea uste dugu dela hoberena. Hizkuntza gutxituen komunitateetako kideei euren kulturarekin harro sentiaraztea. Harro sentitzen diren heinean, benetan, euren etorkizuna aurrera ateratzeko izugarrizko indarra izango duen herri batean bilakatuko dira, baita inguruko herriei ekarpenak egiteko. Zure kulturaz lotsatzen bazara, zer nolako ekarpena egin behar diozu inguratzen zaituen munduari? Euskararen herrian hausnarketa bat egin beharko genuke, eskaintzeko zer daukagun jakiteko.