donostia - Datorren udazkenean hasiko da aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, baina hori baino lehen, bertsozaleek hitzordu garrantzitsua izango dute. Izan ere, maiatzaren 9an, larunbatean, abiatuko da Gipuzkoa Bertsotan lehiaketa, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea.

Hala ere, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fase huts bat baino zerbait gehiago da, Gipuzkoa guztian bertsolaritzak gaur egun bizi duen sasoi onaren isla ere baita, besteak beste, bertso-eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan, lehiaketetan eta sariketetan bizi den emankortasunaren erakuslea da fase hau, bertsolaritzaren munduak zenbat pertsona inplikatzen dituen erakusten du eta.

Hilabeteko epean, guztira 24 saio izango dira Gipuzkoako hamabi herritan barrena -Astigarraga, Oiartzun, Idiazabal, Antzuola, Zaldibia, Hernani, Bergara, Oñati, Zumaia, Usurbil, Zizurkil eta Ataun-, eta antolaketan hamaika lagun, bederatzi gai-jartzaile, 19 epaile, lau idazkari eta 74 bertsolari izango dira.

Parte hartzaileek bina saiotan kantatuko dute, goiz (11.30ean) eta arratsaldez (17.30ean), eta saio bietako puntuen batuketek esango dute zein 30 bertsolarik lortuko duten irailaren 20an abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatzea. Bertan, dagoeneko sailkatuta dauden beste hamahiru bertsolari izango dituzte zain. Hauek, orain dela lau urte lortu zuten aurtengo udazkeneko hitzordurako pasea, orduan txapelketako finalaurrekoetara iritsi baitziren.

Lehenengo itzuliko saioak Astigarragan (maiatzak 9), Oiartzunen (maiatzak 10), Idiazabalen (maia-tzak 16) eta Antzuolan (maiatzak 17) izango dira. Bertan sailkatutakoak, bigarren itzulian arituko dira.

Saioetako sarrerak egun berean salduko dira aretoan bertan. Leihatila 10.00etan eta 16.00etan zabalduko da. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, eguneko bi saioetako txartelak prezio berezia izango du. - M. E.